Gorroto delituak

Ugaritu egin dira sexu orientazioarekin lotutako gorroto delituak

Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021ko Txostena aurkeztu dute Jaurlaritzak eta EHUk, eta adierazi dute gorroto delituen kausa nagusia arrazakeria eta xenofobia dela. Sexu orientazioarekin zerikusia duten delituak %46 ugaritu dira.

'Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021ko Txostena' aurkeztdute. EUSKO JAURLARITZA
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko apirilaren 11
13:00
Entzun

2021ean 279 gorroto gertakari erregistratu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2020an baino %15 gehiago. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eta Jon Mirena Landa EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendariak eman dute datu horien berri, Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021ko Txostena-ren aurkezpenean. Azaldu dutenez, delitu gehienen kausa nagusia arrazismoa edo xenofobia izan da: 162 kasu, 2020an baino %38,4 gehiago. Hala ere, nabarmendu dute igoerarik «handiena» orientazio eta identitate sexualarekin lotutako delituek izan dutela: 2020arekin alderatuta, %46 ugaritu dira kasu horiek.

Biktimei dagokienez, arrazarengatik eraso dieten gehienak arabiarrak ziren. Orientazio edo identitate sexualagatik eraso dietenen artean, berriz, gehienak gizonezko homosexualak izan ziren: kategoria horretako salaketen ia %70. Horrela, etniagatik eta sexu orientazioagatik egindako biktimizazioak izan dira ohikoenak. Lurraldeari dagokionez, Bizkaian erregistratu zen gorroto delitu gehien: guztien %52,7 gertatu ziren han. Gipuzkoan, kasuen % 31 erregistratu ziren, eta Araban, %15,8.

Erkorekaren ustez, gorroto gertakarien aurkako «kontzientzia soziala» areagotu delako gehitu dira salaketak, eta «intolerantzia handiagoa» dagoelako. Gainera, nabarmendu du Poliziak salaketak bideratzeko teknika hobetu duela.

Horrez gain, txostenean azterlan pilotu bat jaso dute bikotekideek edo bikotekide ohiek hildako emakumeei buruzkoa. Azterlan horretan 25 epai jaso dituzte, eta helburu izan du aztertzea nola gurutzatzen diren gorroto delituak eta indarkeria matxistarekin lotutako delituak. Horri esker egiaztatu dute, besteak beste, gorroto delitu bat ikertzeko orduan generoa egoera astungarri gisa hartu behar dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.