Europako Funtsak

Kargua utzi du Jaurlaritzako Europako Funtsen lehendakariorde Jordi Campasek

Arrazoi pertsonalak direla-eta utzi du postua Campasek, gaurko Gobernu Kontseiluan.

Pedro Azpiazu eta Jordi Campas, artxiboko argazki batean.e. BERRIA
xabier martin
2022ko apirilaren 12a
14:34
Entzun

Kargua utzi du gaur Pedro Azpiazuk zuzentzen duen Ekonomia Saileko hirugarren lehendakariorde Jordi Campasek, Europako Funtsen kudeaketa egiteko izendatua izan zenak. Jordi Campas ekonomista Planifikazio eta Ekonomia zuzendaria izan zen 2016tik 2021era Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailean, harik eta Europako Funtsen kudeaketa egiteko hautatu zuten arte. Pandemia osteko susperraldian laguntzeko, Europako Funtsek 70.000 milioi euroren laguntza zuzenak banatuko dituzte Espainian, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoara iristekoak diren funtsen inguruko kudeaketaren ardura zuen Campasek gaur arte.

Euskadi Next Generation EU agiriaren egile da Campas, Azpiazu sailburuarekin batera. 2020ko udazkenean, agiri hori baliatu zuen Campasek Jaurlaritzaren ardatz eta proiektu estrategikoak ezartzeko; Gasteizko gobernuak Europako laguntzak jasotzeko proiektu hautagaiak identifikatzea oinarrizkoa izan da lan horretan. Euskadi Next Generation EU agiriaren bigarren egokitzapena 2021eko maiatzean egin zuen gobernuak, eta 18.000 milioi euroko inbertsioa ezarri zuen harentzat, ekarpen publikoa eta pribatua aintzat hartuta. Europako Funtsetatik 5.000 milioi euro jasotzea proposatzen du agiriak.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du ez duela Campasen ordezkorik izendatuko, eta EBko funtsen inguruko kudeaketa guztia Azpiazu sailburuaren eta haren kabineteburuaren ardura izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.