Albistea entzun

Lan osasuna

Salatu dute datu ofizialek ez dutela islatzen COVID-19ak lan eremuan izandako eragina

Gehiengo sindikalaren arabera, lan istripuek eta gaixotasun profesionalek %10,2 egin zuten gora iaz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta %16,7 Nafarroan

Osakidetzako bi langile, COVID-19ak jotako gaixo bat lekualdatzen.
Osakidetzako bi langile, COVID-19ak jotako gaixo bat lekualdatzen. Gorka Rubio / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2022ko apirilak 12

«Hego Euskal Herriko erakundeen datu ofizialek ez dute inondik ere islatzen langileek COVID-19aren erruz jasan behar izan dutena». Salaketa zuzena Luli Erasorena da, LAB sindikatuko lan osasun arloko arduradunarena. Eta salatuak, aldiz, Osalan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Ekonomiaren Institutua eta Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomiako ministerioak dira. Erasok, gainera, are gehiago zehaztu du bere kritika zorrotza: «Errealitatearen urruntze hori bereziki lazgarria da osasun sektorean eta sektore soziosanitarioan diharduten langileen kasuan».

Baina zeintzuk dira datu horiek? ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek eta Hiruk eman dituzte 2021eko Hego Euskal Herriko lan istripuen txostenean. Erakundeen datuen arabera, iaz COVID-19arekin loturiko 545 lan istripu zenbatu ziren, 2020n baino 347 gehiago. Iazkoen artean ez zen kasu hilgarri bakar bat ere egon. Sindikatuen ustez, kasu horiek «gutxiegi» dira. Zentzu horretan, salatu dute mutualitateek ere ez dutela laguntzen kasu kopuru zehatza neurtzen, askotan eremu pertsonalari egozten diotelako lan eremuan izandako kutsatzea.

COVID-19arena txostenaren ondorio nagusietako bat da, baina ez bakarra. Esaterako, sindikatuen kalkuluen arabera, iaz laneko istripu eta gaixotasunek gora egin zuten: %10,2 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; eta %16,7 Nafarroa. Ezin izan dute Hego Euskal Herriko datu bateratua lortu Nafarroako Osasun Publiko Institutuak ez dituelako datuak eman, eta Osalanek eta Espainiako Lan Ministerioek zenbaketa irizpide ezberdina dute. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 74.646 lan istripu egon ziren guztira: 36.364k baja eragin zuten, 210 larriak izan ziren eta 35 izan ziren hilgarriak. Nafarroan, aldiz, baja eragindakoak bakarrik zenbatzen dira: 10.982. Horietatik 77 izan ziren larriak eta hamahiru hilgarriak. 

Mutualitateen iragazkia
Horiei lan gaixotasunak gehitu beharko litzaizkieke, baina sindikatuen arabera Gizarte Segurantza Institutu Nazionalak entresaka egiteko boterea ematen die mutualitateei, eta horrek asko murrizten du kopurua: «Gaixo dauden langileak behartzen ditu aitorpen falta hori epaitegietara ematera. Mutualitateek, bitartean, osasun publikora bideratzen dituzte lan jatorriko gaitz asko».

Sindikatuek datuak, aldiz, ezberdinak dira. Haien zenbaketaren arabera, hildakoak 68 izan ziren, datu ofizialetan baino hogei gehiago. Aldea handia da, eta Izaro Mujika ELAko osasun arloko arduradunak azaldu du zergatia: «Guk istripu ez traumatikoak, in itinere gertaturikoak [lanerako joan etorrian] eta garraiolarien guztiek zenbatzen ditugu. Azken horietako asko trafiko istripu bezala hartzen dituzte erakundeek, ez direlako lantokian izan. Ez du zentzurik, garraiolarien kasuan lantokia haien ibilgailua da, eta mugikorra da». 

Sindikatuak arduratuta daude zenbatzeko modu ezberdinarekin, susmoa dutelako ez dela bakarrik hildakoekin gertatzen: «pentsatzekoa da istripu arin zein larriekin antzeko beste azpi erregistro bat egongo dela». Heriotz istripuen datuak xehego aztertuta, deigarria da sei langile hil zirela basolanetan. Hildakoen %13 izan ziren, sektore horretako langileak guztien %2,2 bakarrik izan arren. Sindikatuek jardun hori arautuko duen plan berezia eskatu dute. Beste datu deigarri batzuk eman dituzte halaber: heriotz istripuen %44 industrian izan ziren, %14 altueratik erorita eta %19 azpikontrataturiko zerbitzuetan. 

Ordezkaria, «alferrik»
Sindikatuek lan ikuskaritza indartzeko eskatu diete erakundeei. Haien kalkuluen arabera, Hego Euskal Herrian 150 ikuskari falta dira Europako batez bestekoetara iristeko. Zentzu horretan gogor kritikatu dute Nafarroako Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figura berreskuratu izana. «Guztiz alferrikakoa» dela uste dute, eta «CEN, CCOO eta UGT finantzatzeko» balio duela bakarrik eta ez «lan istripuak murritzeko» –salatu dute CCOOk eta UGTk 3.300 euro jasoko dituztela bisitatzen duten enpresa bakoitzeko–. Nafarroako Gobernuak milioi bat euro baino gehiago bideratu du figura horrentzat, eta txostenaren egileek diotenez, 24 teknikari kontratatu ahal izango lirateke diru horrekin. 
 

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Oiartzungo lan heriotza salatzeko elkarretaratzea, Larranben industriagunean. ©LAB

Oiartzungo lan heriotza salatu dute sindikatuek

Julen Otaegi Leonet

Administrazioari galdegin diote erantzukizuna hartzeko lan istripuen inguruan. Aurten 50 langile hil dira lanean ari zirela, sindikatuen arabera.

Altzairutegiak ere larri dabiltza ekoizpenari eusteko. Irudian, labe garai bat Duisburgen, Alemanian. ©FRIEDEMANN VOGEL /  EFE

Energia garestiak ekoizpena geldiaraziko du Europako bi galdategitan

Irune Lasa

Herbehereetako zink fundizio batek iragarri du irailean itzaliko dituela labeak. Eslovakiako Slovalco aluminio galdategiak gaur esan du produkzioa etengo duela. Energiaren erabileran oso intentsiboak diren lantegiak larri dabiltza Europan.

Arrantzale batzuk Getariako portuan, hegaluzea deskargatzen. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Normaltasunera» itzuli da hegaluzearen arrantza sasoia

Jokin Sagarzazu

Aurtengo kuotaren %53 arrantzatu dute; iaz, abuztu hasieran amaitu zuten osorik. Garestiago saltzen ari dira Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan, eta baliteke kanpainak irail amaierara arte irautea

EBZko presidente Christine Lagarde, artxioko irudi batean. ©RONALD WITTEK / EFE

Euriborrak %1 gainditu du abuztuko lehen erdian

Xabier Martin

Hipoteken interesak finkatzeko erabiltzen den erreferentzia nagusia gora eta gora doa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...