EHZ festibala

Ibil Bedi, Ezpalak, Calling Marian eta Niko Etxart EHZn izanen dira

Jaialdia uztailaren 1etik 3ra eginen dute, Irisarrin. Bertan joko dute Fizt & Furiuz eta Kokoko taldeek, baita Gaitistaneko Orkestrak ere. Antzerkiak egiteko gune bat jarriko dute. Gaurtik eros daiteke sarrera.

EHZren prentsaurrekoa gaur, Muskildin. EHZ
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko apirilaren 13a
15:13
Entzun

Hainbat lur mundu bakarrean! du lelo 26. EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalak. Jaialdian izanen den musikari lotuta ere, esan liteke bestela: hainbat talde festibal bakarrean. Martxoan jakinarazi zutenez, uztailaren 1etik 3ra eginen dute EHZ aurten, Irisarrin (Nafarroa Beherea), eta haren soinu banda osatuko duten izenetako batzuk jakinarazi dituzte gaur —aurtengo aldiari loturiko lehen iragarpenak izan dira, hain zuzen ere—. Niko Etxart eta Hapa Hapa, Fizt & Furiuz, Ibil Bedi, Ezpalak, Calling Marian, Gaitistaneko Orkestra eta Kokoko arituko dira, besteak beste.

Ohi denez, musika ez beste emanaldi batzuk ere hartuko ditu EHZk: zirkuak, dantzak eta antzerkiek ez dute huts eginen. Gaur-gaurkoz, hauek dira jakinarazitako emanaldiak: Haatik eta Hastapenetik dantza taldeak ikuskizuna eginen du, baita Sarini Zirko konpainiak ere. «Akrobaziek burua itzularaziko diete festibalariei», ohartarazi dute EHZko arduradunek. Aurtengo berritasun nagusia zera izango da, gainera: antzerkiari eskainitako gune bat jarriko dute. Bestalde, Josu Martinezek Baigorrin (Nafarroa Beherea) grabatutako hiru film labur ikusgai izanen dira Irisarriko Ospitalea eraikinean.

Hitzaldiak eta mahai inguruak ere antolatuko dituzte, gaur egungo erronken inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko asmoz. Aurreratu dute euskarari, gerrari, herri indigenen zapalkuntzari eta eritasun mentalari buruzko saioak egingo dituztela.

Sarrerak, gaurtik salgai

Lehenbiziko iragarpenak egiteko ez ezik, aurtengo kartela aurkezteko ere baliatu dute gaur Muskildin eginiko prentsaurrekoa (Zuberoa). Ez hori bakarrik: jakinarazi dute gaurtik eros daitezkeela festibalerako sarrerak. EHZren webgune ofizialaren bitartez egin daiteke erosketa. Oraingoz, hiru eguneko sarrerak bakarrik eros daitezke, argitu baitute aurrerago jarriko direla egunez egunekoak salgai. Halaber, heldu den asteetan irekiko dute jaialdian laguntzaile gisa aritzeko izena emateko bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.