Politika

Herriek «askatasunez erabakitzeko eskubidea» dutela aldarrikatuko du EAJk Aberri Egunean

Jeltzaleek Gernikan aurkeztu dute Aberri Egunerako manifestua, eta igandean Bilbora joateko deia egin dute. ERC, BNG, CUP eta JxCat alderdietako nazioarteko ordezkaritza bana Iruñean egongo dira, EH Bilduren deialdiarekin bat eginez.

EAJk Gernikan aurkeztu du Aberri Egunerako manifestua. EAJ
Edurne Begiristain.
2022ko apirilaren 14a
13:16
Entzun

Mireia Zarate EBBeko idazkariak eta Joseba Aurrekotxea EBBeko burukideak gaur goizean aurkeztu dute Gernikan (Bizkaia) EAJk Aberri Egunaren karietara ondutako manifestua. Jeltzaleek igandean egingo dute ekitaldi nagusia, Bilboko Plaza Berrian, 11:30ean, eta egun horri begira afixa eta idazki bat aurkeztu dituzte gaur. EAJko buruzagiek azaldu dute aurten Aberri Egunaren 90. aldia nabarmendu dutela afixan, lehen Aberri Eguna 1932an ospatu zela gogora ekartzeko. Gainera, aurkezpena Gernikan egiteak lotura zuzena du EAJk Aberri Egunean zabalduko duen mezuarekin: batetik, jeltzaleek gaitzetsi egin nahi dute Ukrainako inbasioa; bestetik, EAJk 1895ean sortu zenetik «Euskadirentzat eskatzen duen askatasun aldarrikapenaren izaera bakezale, demokrata eta humanista sakon eta ukaezina» azpimarratu nahi dute.

Gaurko agerraldian, Zaratek eta Aurrekoetxeak gogora ekarri dute azken bi urteotan koronabirusaren pandemiak euskal gizartearen bizimodua eta ongizatea baldintzatu dituela, eta orain gerrak ondorio ekonomikoak ekarriko dituela. Uste dute «konplexutasun eta ziurgabetasun» garaiak direla, eta «Euskadi bidegurutze historiko batean» dagoen honetan «euskal eredua» balioan jarri behar dela. Hala, Aberri Egunari begira, EAJk «herri guztiek beren etorkizuna askatasunez defendatzeko eskubidea» dutela aldarrikatuko du: «Euskadiren etorkizuna, Ukrainarena, Mendebaldeko Sahararena...», zehaztu dute. Eta xede hori goiburutzat hartuta, Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako abertzale guztiak eta mundu zabalean sakabanatutakoak deitu dituzte Aberri Eguna ospatzera. «Munduko bakea erreklamatzen dugu, bai eta justizia eta Giza Eskubideen defentsa ere. Errusiak Ukraina inbaditzean eragin duen gerra amaitzea exijitzen dugu, eta biztanleria zibil babesgabearen kontra egin diren krimen basatiak berehala bertan behera uztea. Mendebaldeko demokrazien batasuna erreklamatzen dugu, Europako Batasuna aldarrikatzen dugu proiektu komun baten erreferentzia bakar gisa, non Euskadik bakezko eta askatasuneko etorkizuna partekatu ahal izatea espero duen». Halaber, bake eta askatasunerako eskubidea aldarrikatzeko, ikurrina kalera ateratzera animatu ditu herritarrak, «herri berria» eraikitzeko borondatearen erakusle.

EH Bilduren deialdiarekin bat
ERC, BNG, CUP eta JxCat Junts Per Catalunya alderdietako nazioarteko ordezkaritza bana Iruñean egongo dira, EH Bilduren deialdiarekin bat eginez. Zehazki, ERC, BNG, CUP, JxCat, Esquerra Valenciana, Més Mallorca, Més Menorca, Andecha Astur eta Puyalón de Cuchas alderdietako nazioarteko ordezkaritza bana izango dira Iruñean, EH Bilduk gaur jakinarazi duenez.

Koalizioak manifestazio batera deitu du igandean Iruñean, Golem zinemetatik abiatuta, 12:00etan. Ostean, ekitaldi politikoa egingo dute Sarasate pasealekuan. Manifestazioaz eta ekitaldi politikoaz gain, hainbat ekitaldi kultural eta ludiko izango dira egun osoan. Aberri Eguneko ekitaldiekin, EH Bilduk mezu hau zabaldu nahi dio gizarteari: «Euskal Herria desagerrarazteko hainbat saiakera egin diren arren, euskal herriak bizirik dirau». Era berean, EH Bilduk «bakea, demokrazia eta burujabetza» eskatuko ditu Iruñean: «Pandemian zehar eguneroko arazoak kudeatzeko burujabetzarik eza agerian utzi ondoren, bakean eta demokrazian sakontzea inoiz baino ezinbestekoagoa da, egungo gerra egoeraren eta autoritarismoaren mundu mailako gorakadaren aurrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.