Albistea entzun

Euskal Presoak

EPPK: «Hemengo eta kaleko lana batuz iritsiko gara helburuetara»

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak azaldu du «salbuespen legedia ezartzen jarraitzen badute ere» Euskal Herriratzeetan «aurrerapausoak» daudela, eta lanean segitzera deitu du

Bakegileen protesta, joan den otsailean, euskal presoen alde.
Bakegileen protesta, joan den otsailean, euskal presoen alde. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2022ko apirilak 17

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak agiri bat helarazi du BERRIAra Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren eta Aberri Egunaren harira. Presoek egindako urratsek eta herritarrek kalean eta erakundeetan egindako lanak emaitzak eman dituztelakoan dago kolektiboa, presoen Euskal Herriratzean eta sakabanaketaren amaieran aurrerapausoak eman direlako. Presoen kaleratzea bideratu eta gatazkaren ondorioak gainditzeko lanean segitzera deitu du. Horrela dio agiriak:

«Aurtengo apirilaren 17an, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean, Aberri Eguna ere egokitu da. Euskal preso politikook, bi aldeetatik dagokigunez, euskal jendarteari agurrik beroena helarazi nahi diogu egun honetan.

»Agur beroa, era berean, munduko herri zapaldu guztiei, eta zapalkuntzaren aurka borrokatzeagatik espetxe zigorra jasaten ari den orori. Ezin dugu aipatu gabe utzi Yvan Colonna independentista korsikarra, Arlesko espetxean jasandako eraso baten ondorioz hila. Euskal preso politiko ugarirekin patioko orduak eta gogoetak partekatu izan zituen Colonnak. Bihoazkie gure agur sentitua eta elkartasuna bere sendiari eta korsikar mugimendu independentistari.

»Gure elkartasuna adierazi nahi diogu saharar herriari ere, belaunaldiz belaunaldi zapalkuntzari aurre egin eta independentzia grinari eusteko erakusten duten kemenagatik.

»Iraganekoak eta sistema politiko ez demokratikoen arteko gatazka eta ondorio gisa erakutsi nahi dizkigute zapalkuntza, injustizia edo giza eskubideen urraketak. Baina errealitateak erakusten digu injustiziak eta zapalkuntzak praktikan ez dutela muga geografiko, politiko edo instituzionalik. Errealitateak, azken batean, erakusten digu herrien eskubideak egunero defendatu behar direla, zapalkuntzaren aurka egunero borrokatuz.

»Gure herriaren askatasunaren alde borrokatzeak ekarri gintuen espetxera, eta ongi dakigu espetxean ere etenik gabe jarraitzen duela askatasunaren aldeko ahaleginak. Gure izaera eta herriarekiko lotura suntsitu asmoz hamarkadetan ezartzen diguten salbuespen politikari aurre egin behar izan diogu, eta horretan jarraitzen dugu.

»Baina ez da antzua orain artean egindakoa, eta gure aldarrikapenetako batzuetan lorpenak ikusten ari gara. Presook egindako urratsek batetik, eta herritarrek kalean eta instituzioetan egindako mobilizazio eta lanak bestetik, bere emaitzak dakartza. Salbuespen legedia ezartzen jarraitzen badute ere, euskal herriratzean eta sakabanaketaren amaieran aurrerapausoak ikusten ditugu; gaur egun Euskal Herriko espetxeetan dago kideen gehiengoa, eta sakabanaketa eta urrunketaren mapa arras ezberdina da duela urte gutxikoarekin alderatuta. Zentzu horretan, ezinbestean gure eskerrona adierazi nahi diegu Mirentxinen gidariei. Sakabanaketa eta urrunketa krudelenak iraun duen urteetan egin duten sakrifizio eta lan eskergaren ondoren amaitutzat eman baitute beren jardunbidea. Eta eskerrak, era berean, presoon eskubideen alde modu nekagaitzean ari zareten guztioi.

»Espetxe legediaren praktikan ezartzen zaizkigun trabak eta salbuespen irizpideak bertan behera uzteaz gain, presoon kaleratzea bideratu eta gatazkaren ondorioak gainditu beharra dugu. Horri begira ari da gure kolektiboa, eta euskal jendarteari, eragile sozialei eta instituzioei dei egiten diegu norabide horretan boga dezaten. Herri honek ongi erakutsia du bere bake nahia eta zauriak sendatuz askatasunaren bidea egin beharra. Hemendik egiten ditugun urratsak eta kaletik egiten den lana batuz iritsiko gara helburuetara; ahalegin horretan indarrak bilduz jarraitzeko asmo sendoa dugu.

»Gaur nahitaezkoa zaigu euskal preso politikoon egoerari dagokionean iragan hurbilari begirada bat ematea. Azken bi urte hauetan gizartea egoera eta baldintza berezietan bizitzera behartu du pandemiak eta horren ondorioz ezarritako neurrien segidak. Espetxeetan ondorio horiek areagoak direla esan behar dugu, espetxeratuen eta senideen arteko harremanetan ezarritako neurri murriztaileengatik batik bat.

»Horrekin batera, ezin dugu ahaztu espetxe urteek adinean eta osasunean duten eragina. Hamarkadetan luzatuz datorren salbuespeneko legediarekin ezartzen dizkiguten bizi baldintzek, osasun arreta eskasak besteak beste, ondorio lazgarriak izan ditu gure kideen artean, eta ondorio horiek bizitzen ari gara oraindik preso jarraitzen dugun kideetatik asko. Kartzelaldiak urteen buruan osasuna larriki hondatuta kaleratzen ikusi ditugu hainbat kide, eta kaleratu eta gutxira hil dira haietako 17. Urteetan espetxean baldintzarik gizagabeenetan bizi izan ondoren, gaixorik kaleratuta iazko abenduan hil zen Antton Troitiño, zerrenda horretako azkena. Espetxe legedia hori salatzearekin batera, Anttonen kidetasunak eman diguna aintzat hartzeko egun egokia da gaurkoa.

»Askatasuna defendatzea garestia da munduko edozein herri txikirentzat, eta gurea herri txikia da. Herri gisa eta jendarte gisa aurrean ditugun arazoak, berriz, handiak. Gure hizkuntzak gutxitua eta gutxietsia izaten jarraitzen du; lan baldintzetan prekarizazioa egunetik egunera areagotzen da, eta zer esanik ez emakumeekiko zapalkuntza berezitua; gazteen egoera zalantzatia eta etorkizun aurreikuspen iluna... Arlo guztietan dugu zeri ekina eta zer egina.

»Baina ez dira etsipenean erortzeko garaiak; ongi egindakoa aitortu behar diogu geure buruari, aurrera bidean indarrak berritzeko geure ahalmena balioetsiz. Askatasunaren bidea inoiz ez da erraza izan baina herri honek beti bildu du urratsez urrats aurrera egiteko kemena, eta horretan darraigu. Kemen horrekin kalera ateratzen ikusi ditugu herritarrak urtarrilaren 8an, martxoaren 8ko mobilizazioetan...

»Eskubideak eta askatasuna ez dira herri baten tamainaren arabera esleitu edo banatu daitezkeen merkantziak, guztiei berdin dagozkien printzipioak baizik. Alde horretatik, autodeterminazio eskubidea da gure herrian ere bake agertokia eraikitzeko oinarria. Ez da nolanahiko erronka aurrean duguna, ez baitigute ezer oparituko. Baina herri honek independentziara bidean oinarri sendoak ezarri ditu azken hamarkadetan, eta aurrekoek egindakoa kontuan hartuz urrats berriak emanez datoz belaunaldi berriak.

»Badugu zer aldarrikatu eta zeren alde ahalegindu; elkarrekin lan egiten ikasitako herria gara eta jarraituko dugu egiten. Guztion egitekoa da guztion herria eraikitzea, biharko Euskal Herria herri burujabea izan dadin, zapaldurik eta zapaltzailerik gabeko herria izan dezagun.

Euskal Herria bihotzean, 2022ko apirilean.

EPPK, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Marbore tontorrera iritsi berri, argiak kolokatzeko lanetan jarri ziren parte hartzaileak. ©MIKEL EGIBAR

Bide eder bat tontorrera

Iosu Alberdi

Gure Esku-k antolatutako egitasmoa bizitzeko moduak askotarikoak izan dira. Mendi garaiago edo txikiagoetara igo, lagunarteko giroa nabarmendu dute parte hartzaileek.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak harrera egin zien Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez Gure Esku-ko bozeramaileei ekainaren 22an. ©E. P. / FOKU
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak harrera egin zien Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez Gure Esku-ko bozeramaileei ekainaren 22an. ©E. P. / FOKU
Zurekin Nafarroa koalizio berriaren aurkezpena, atzo. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Zurekin Nafarroa ezkerreko koalizioa aurkeztu dute

Yasmine Khris

Ahal Dugu, Ezkerra, Batzarre eta independenteen talde bat batu dira, «ezker feminista, berde eta transformatzailearen» indar berria izateko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...