Artea

June Crespo artistak Veneziako Biurtekoan hartuko du parte

Artistaren hiru lan ikusi ahal izango dira Biurtekoaren erakusketa nagusian. Larunbatean irekiko dute, azaroaren 27ra bitarte, eta Cecilia Alemani izango da komisarioa.

June Crespo artista, 2020ean Artiumen irekitako erakusketan. RAUL BOGAJO / FOKU
itziar ugarte irizar
2022ko apirilaren 20a
13:16
Entzun

Veneziako Biurtekoaren 59. aldian parte hartzeko gonbidapena jaso du June Crespo artistak (Iruñea, 1982), eta, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin, hiru artelan jarriko ditu erakusgai pabiloi nagusiko erakusketan: Helmets IV (2018), Helmets IX (2022) eta Helmets X (2022). Duela bi urte, Gasteizko Artium museoan irekitako June Crespo. Helmets erakusketan jarri zituen ikusgai sail bereko obrak, hain justu. Nazioarteko beste 213 artistaren lanekin osatutako ibilbide baten parte izango dira orain hiru piezak.

Pandemia dela eta, urtebeteko atzerapenarekin irekiko dute erakusketa larunbatean, eta azaroaren 27ra arte bisitatu ahalko da. Cecilia Alemanik egin ditu komisario lanak, eta The Milk of Dreams (Ametsen esnea) deitu dute, zeinak Leonora Carrington artista surrealistaren liburu bati egiten dion erreferentzia. Gizatasunaren eta ez-gizatasunaren inguruko hausnarketa bultzatzea izango du xede; bizitza modu zabalean hartuta, pertsonekiko, planetarekiko eta beste bizimodu batzuekiko erantzukizunen inguruan galdetuz.

Testuinguru horretara egokituta erakutsiko dute Cresporen lana ere, gorputzak arkitekturarekin dituen harremanei buruzko lengoaia bat landu izan baitu artistak bere eskulturetan. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazioa eta indarra dira horretarako baliatu izan dituen elementuetako batzuk, eta askotariko materialak manipulatu eta konbinatzen ditu ikusleari irakurketa berrietarako sarbidea irekitzeko. Etxepare Institutuko arduradunen esanetan, «armadura» bihurtzen dira haren lanak. «Cresporen instalazioek etorkizuneko hiri paisaia distopikoak eta izaki cyborg konposatu gisa dugun esperientzia garaikidea islatzen dute», adierazi dute, ohar bidez.

Helmets asoziazio libre bat da, eta Henry Mooren The Helmet Heads serieari egiten dio erreferentzia, Crespok bere lehen zeramika lanak egin ahala deskubritu zuena. Argizariei metal industrialeko profilak erantsiz, argizari galduaren urtze prozesua auzitan jartzen zuen, ustekabeko istripuak eraginez. Horrela, artistaren hitzetan, zoriak, kontrol faltak eta materialen jokaeraren tankerako faktoreek pisu handiagoa hartzen zuten. «Mota horretako elementu estruktural eta funtzionalek izaera anatomikoko osagaiak zeharkatzen dituzte, eta materialki fusionatuta, hibrido organiko eta mekanikoa osatzen dute, eskuzkoa eta industriala», azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.