Baionako Fiskaltzak artxibatu egin du trenak Ziburun hildako migranteen inguruko ikerketa

Urriaren 12an Donibane Lohizuneko (Lapurdi) tren geltokitik hurbil gertatu zen istripuaren harira «nahi gabeko homizidioagatik» zabaldutako auzia itxi egin du fiskaltzak. Aljeriako hiru gizon hil ziren ezbeharrean.

Ezbeharra gertatu zen lekua, Ziburun. GUILLAUME FAUVEAU
2022ko apirilaren 22a
10:29
Entzun

Urriaren 12an Hendaiatik (Lapurdi) Bordelera (Okzitania) zihoan trenak lau lagun harrapatu zituen Ziburun (Lapurdi), trenbidean etzanik zeudela. Horietako hiru hil egin ziren, eta laugarrena larri zauritu zen. Migrante horrek eta hildakoen sendiek salaketa aurkeztu zuten Baionako Fiskaltzan, susmoa zutelako trenak harrapatutakoei substantziaren bat eman zietela lo geratzeko. Baionako Fiskaltzak, baina, ez du aintzat hartu salaketa, eta ikerketa artxibatzea erabaki du. Hala, «nahi gabeko homizidioagatik» zabaldua zuen ikerketa lerroa itxi egin du.

Ezbeharra izan eta gutxira jakin zen Frantziako Poliziak bost pertsonaren dokumentazioa aurkitu zuela Aljeriako hiru gizonezkoak hil ziren lekuan. Baionako ospitalera eraman zuten beste gizonezkoak Baionako prokuradorearen aurrean emandako lekukotasunaren arabera, polizia kontrolak saihestu nahi zituztelako iritsi ziren trenbidera, uste zutelako ez zituztela aurkituko argirik gabeko eremu horretan.

Istripu horren harira, migranteen harreran eta haien eskubideen alde lan egiten duten talde ugarik protestetara deitu zuten migrazio politikak salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.