KLIMA LARRIALDIA

ELAk gobernuei leporatu die berotegi efektuko gasak areagotzea

Nafarroan %40 igo dira emisioak. Energiaren, industriaren eta garraioen sektoreak dituzte iturri nagusi.

Fabrika bat, Hernanin (Gipuzkoa), artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko apirilaren 23a
16:52
Entzun

Ez dituzte orain arteko helburuak bete, eta datozenak konplitzeko ez doaz bide onean. Horixe ondorioztatu du ELAk Hego Euskal Herrian igortzen diren berotegi efektuko gasei buruz kaleratu berri duen txostenean. Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari egotzi die zuzenean emisioen ardura. Izan ere, ELAren ustez, berotegi efektuko gasak nazioarteko akordioek zehazturiko neurrien arabera murriztu ez izanak bi gobernu horien «utzikeria» erakusten dute: «Ez da nahikoa egin».

Sindikatuak hainbat datu bildu ditu Klima Aldaketa Hego Euskal Herrian izeneko txostenean, eta bertzeak bertze zenbait grafikoren bidez erakutsi du azken hamarkadan ez dela berotegi efektuko gasen «murrizketa esanguratsurik» izan: «2020rako %20 murriztu behar ziren, baina EAEn %11 jaitsi dira eta Nafarroan %40 igo». 1990etik izandako bilakaera hartu dute kontuan, eta ohartarazi dute hurrengo urteetarako helburu handiagoak daudela jarrita: «Zorrotzagoak dira konpromisoak; 2030erako emisioak %55 murriztu behar dira».

Berotegi efektuko gas horien iturriei ere erreparatu die sindikatuak, eta, nabarmendu duenez, energiaren, garraioen eta industriaren sektoreetan sortzen dira horiek gehien, nahiz proportzio ezberdinetan izan: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —batera eman dute hiru probintzietako datua— garraioek sortu dituzte gasen %34, sektore energetikoak %32 eta industriak %18. Nafarroan, berriz, pisu handiagoa du energiaren sektoreak (%32), eta gibeletik doaz industria (%23) eta garraioak (%17). Lehen sektoreak ere badu garrantzia Nafarroan: emisioen %16 handik datoz. Sindikatuak nabarmendu du emisio anitz sortzen dituzten arlo horietan hartu behar direla neurri «zorrotzenak eta azkarrenak».

Zergatik jo gobernuak erantzule, ordea? Bada, ELAren arabera, Hego Euskal Herriko politika publikoetan ez dago «aldarrikatzen» duten «eredu aldaketarik»: «Enpresa pribatuek bultzaturiko proiektu eta azpiegitura handiak dira egunero bultzatzen dituztenak, eredu suntsitzaile hau iraunarazten dutenak». Sindikatuaren ustez, horren erakusle dira azken urteotan klima aldaketaren aurka egin dituzten legeak ere: «IPCCren [Nazio Batuen Erakundeko Klima Aldaketari buruzko adituen taldea] exijentzia mailatik oso urrun geratuko dira, ez baitute klima aldaketa eragiten duen garapen eredua kolokan jartzen, ez eta sistema eraldatzeko neurri eraginkorrik hartzen ere».

Neurrien «urgentzia»

Egoera ikusita «urgentea» da neurriak hartzea, ELAren ustez: «Besteak beste, kontsumo energetikoa murriztea, energia berriztagarrietan oinarritzea, sistema energetiko deszentralizatua bultzatzea, ekonomia birkokatzea eta industria irizpide ekologikoekin eraldatzea eta sektore jasangarriak bultzatzea exijitzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.