Munduko pertsonarik zaharrena hil da, 119 urte zituela

Kane Tanaka japoniarra apirilaren 19an hil zen, 119 urte eta 108 egun zituela.

Kane Tanaka, iazko irailean. FUKUKOKAKO PREFEKTURA, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko apirilaren 25a
09:50
Entzun

Kane Tanaka hil zen apirilaren 19an, Japonian. Munduko pertsonarik zaharrena zen: 119 urte eta 108 egun zituen hil zenean. Fukuokako agintariek baieztatu dute haren heriotza. Duela urte batzuetatik zahar etxe batean bizi zen, baina pertsonaia publikoa zen, eta ohikoa zuen aldizkarietan edo telebistan agertzea, bere urtemugen edo Adindunen Egunaren harira. 120 urte betetzea zuen helburu, haren familiak jakinarazi zuenez.

2019an aitortu zioten Tanakari munduko pertsonarik zaharrena zela, GRG Gerontologia Ikerketa Taldeak eta Guinness munduko errekorren liburuak. 1903ko urtarrilaren 2an jaio zen Tanaka, Wajiro herrixkan. Fukuoka hiriaren parte da orain herrixka izan zen hori. 19 urterekin ezkondu egin zen, eta fideo jatetxeekin atera zuten aurrera familia. Txokolatea eta freskagarriak zituen gustuko.

Japoniako bost aro bizi izan zituen: Meiji, Taisho, Showa, Heisei eta Reiwa). Tokioko Olinpiar Jokoetan olinpiar suzia eraman nahi izan zuen, baina, azkenean, COVID-19a dela eta, aukera hori baztertu egin zuen.

Tanaka hil ostean, Lucile Randon moja frantziarra da munduko pertsonarik zaharrena: 118 urte eta 74 egun ditu; moja da, eta ahizpa Andrea esaten diote. Japonian, berriz, Fusa Tatsumik hartuko du Tanakaren lekukoa: 115 urte ditu, eta munduko bosgarren pertsonarik zaharrena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.