Oroimena

«Erregutzen dizut: bidali hegazkinak. Airekorik gabe ezin da borrokatu»

Gernikako bonbardaketa gertatu baino hiru egun lehenago, Manuel Irujo ministroak airekoak bidaltzeko eskatu zion Espainiako Errepublikako Gobernuari. Gaurko Ukrainako oihartzuna dakar oihuak.

Condor Legioko Junkers Ju 87A hegazkinak, Espainiako matxino faxisten ikurrekin. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2022ko apirilaren 26a
13:07
Entzun

Historian patroi batzuk behin eta berriz gertatzen direla ezaguna da. Baina batzuetan, horiek hitzez hitz itzultzen direla ikustea zirraragarria suertatzen da.

Egunotan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea hegazkinak eskatzen ari da etengabe, Errusiaren inbasioari aurre egiteko. Airekoak bidali ezean, gutxienez Errusiako Armadari Ukraina gainean hegaldatzea galarazteko eskatu dio NATOri. Orain arte, halakorik zuzenean ez egitea erabaki du koalizio militarrak, hori Errusiarekin aurrez aurre gerran sartzea litzatekeelako, eta hondamendi nuklear batekin buka daitekeen gatazka zabaltzea ekar dezakeelako.

Haatik, «bidali hegazkinak» oihua ez da berria, Euskal Herrian bertan. Manuel Irujo nafar abertzaleak etengabe eskatu zizkion airekoak Espainiako Errepublikako Gobernuari Gernikako bonbardaketaren aurreko asteetan.

Largo Caballero gobernuburuaren taldeko ministroa izan zen Irujo, 1936ko irailetik 1937ko maiatza bitartean. Errepublikak kontrolaturiko eremuetan oinarrizko justizia antolatzeko ardura eduki zuen.

Agintean zela, larrituta ikusi zituen faxisten aurrerapenak Bizkaiko frontean, eta behin eta berriz idatzi zion Indalecio Prietori arriskuaz ohartarazteko. Errepublikako Itsas eta Aire Armaden ministroa zen Prieto.

«Airekorik gabe ezin da borrokatu», idatzi zion 1937ko apirilaren 23an. Esan zion Jose Antonio Agirre lehendakariarekin hitz egin berri zuela eta hark ohartarazi ziola egoera latza zela. Gudariak «eremua, kemena eta indarra» galtzen ari zirela azaldu zion, eta Bilbo galtzeko arriskua zegoela. Eta «Bilborekin, gerra».

Aire gerran Errepublikan eginiko «porrotak» atzerabiderik gabeko ondorioak izango zituela adierazi zion.

Irujoren mezuak gero eta motzagoak ziren, haren etsipenaren erakusgarri.

Izan ere, 21 egun lehenago, zehaztasun handiagoz deskribatu zion egoera. «Lurrez, itsasoz eta airez blokeaturik» euskal miliziek hainbat posizio garrantzitsu galdu zituztela azaldu zion, eta Gorbea galduko zutela ohartarazi zion. Etsaiek airez etengabe ari zirela jotzen, eta horrek tropen kemena higatzen zuela. «Erregutzen dizut: bidali hegazkinak berehala».

Mezu berean, kexa agertu zion Irujok, faxisten erasoaldia hasi zenean Bilbon ez zegoelako «hegazkin bakar bat» ere. Bizkaiko hiriburuko baseko zortzi makinak Santanderren zeudela salatu zion, Errepublikako Gerra Ministerioak aginduta.

Xabier Irujo historialariak (ministroaren iloba Arantza Amezagaren semea da) ondorioztatu duenez, 1936ko gerran Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.042 bonbardaketa operazio egin zituzten; horietako %91, matxino faxistek.

Irujoren kezkak baieztatu egin ziren, «airekorik gabe ezin da borrokatu» telegrama hartatik hiru egunera, Gernikan, gaur dela 85 urte. Faxistek airean zuten nagusitasuna erabakigarria izan zen. Bizkaiko frontea erori zen, eta horrekin, Bilbo. Gerra galdu zuten errepublikazaleek eta euskal abertzaleek.

Prieto liberala zen, eta PSOEko kidea. 1920. urtean Espainiako kongresuan esan zuen «beldurra» ematen ziola euskal abertzaletasunak. Baina, halere, foruen eta Hego Euskal Herriaren autogobernuaren aldekoa zen, «separatismoa» gelditzeko modu gisa. Gerraren ostean ere, abertzaleekiko lankidetzari erreparoak jarri zizkion. «Ez dut bat egingo Espainiaren batasuna apurtzen duen ezerekin», esan zuen 1940. urtean. Alemaniak ez bezala, Espainiak ez du oraindik barkamenik eskatu Gernikako bonbardaketarengatik, eta gaur bidaliko du lehenengoz ordezkaritza bat Gernikako ekitaldira.

Bigarren Mundu Gerraren garaian, aurrez aurre jarri ziren Agirre eta Prieto, adiskideak baziren ere. Gerra horren ostean, Prieto Euskadiren «etsai» gisa kalifikatu zuen lehendakariak. Izan ere, Mendebaldeko aliatuek Francoren erregimena amaitu beharrean, diktadurarekiko harremanak normaltzea erabaki zuten AEBk 1948an. Bitartean, Prieto Espainiako erregezaleekin hitz egiten ari zen, erreforma demokratiko bat egiteko, horrek monarkia berriz ezartzea eskatzen bazuen ere.

Azken asteotan «hegazkinak bidali» etengabe esan die Zelenskik Mendebaldeko gobernuei. Gernikako bonbardaketarekin konparatu zuen Ukrainako gerra Espainiako Kongresuan, apirilaren 5ean. Hautsak harrotu zituen konparazioak. Euskal hiria gogora ekarri izana txalotu zuen EAJko diputatu Aitor Estebanek. Beste batzuek kritikatu egin diote Zelenskiri faxisten biktima izan zen hiria aukeratu izana, Ukrainako Armadak eskuin muturrarekin edo ideia neonaziekin loturiko taldeak barruan baititu.

Edonola ere, Zelenskiren konparazioak ez lioke panorama onik iragarriko Ukrainari berari. Hegazkinak jaso ez zituzten haiek gerra galdu zuten, gero berrogei urteko diktadura pairatu zuten Mendebaldearen oniritziarekin, eta, oraindik ere, Agirrek eta Irujok nahi zuten burujabetzaren ordez, autonomia higatu bat besterik ez dute lurraldearen zati batzuetan. Putinek, beharbada, pozik sinatuko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.