Albistea entzun

Energia

Argindarra merkatzeko sistema bat adostu dute EBk, Espainiak eta Portugalek

Madrilek eta Lisboak 30 euroko gehienezko muga jarri nahi zioten gasari, baina 50 eurokoa onartu behar izan dute.

Gasaren prezioak ez du orain arteko neurri berean baldintzatuko argindarraren prezioa.
Gasaren prezioak ez du orain arteko neurri berean baldintzatuko argindarraren prezioa. Sergio Perez / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2022ko apirilak 26 15:23

Iberiar penintsulako argindar merkatu bateratuak aurki izango du prezioak jaisteko tresna bat. Teresa Riberak eta Duarte Cordeirok, hurrenez hurren Espainiako eta Portugalgo gobernuetan energiaz aritzen diren ministroek, akordio bat lortu dute Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehiarako komisarioarekin, gasari jarri beharreko gehienezko prezioaren inguruan.

Argindar sorkuntzarako gas megawatt-orduari 30 euroren prezioa jartzea proposatu zuten Madrilek eta Lisboak, baina kopuru hori txikiegia zela argudiatu du Bruselak, eta barne lehiari kalte egingo diola. Zabaldu dutenez, 40 eurokoa izango da hasieran muga, baina progresiboki handitu beharko dute hurrengo hilabeteetan, eta indarrean izango den urtean batez besteko gehienezko prezioak 50 eurokoa izan beharko du. Gaur, 90 eta 95 euro artean salerosten ari da gas megawatt-ordua Herbehereetako erreferentziazko merkatuan.

Kalkulatu dutenez, argindarraren batez besteko prezioa 60 eta 70 euro artean merkatu dezake neurri horrek. Apirileko batezbestekoa 190 eurotik behera dago —220 euro gaur—, eta 120 eta 140 euro artean gera daiteke gehienezko prezioa.

Uharte energetikoa

Martxoaren amaierako goi bileran lortu zuten Madrilek eta Lisboak argindarraren prezioa jaisteko promesa. Salbuespen iberiarra deitu zaio aukera hori, Espainiako eta Portugalgo argindar merkatu bateratuak dituen ezaugarriak bereziak direlako EBren barruan: energia berriztagarriek pisu handia dute argindarraren sorkuntzan, eta, batez ere, oso konexio eskasak dituzte EBko gainontzeko merkatuekin. Uharte energetiko bat direla, hein batean.

Argindarra merkatzeko bidea da gasaren gehienezko prezio bat ematea eta, ondorioz, hark eragindako garestitzea ez zabaltzea argindarra lortzeko beste iturrietara. Izan ere, EBren sistema marjinalistaren ondorioz, beharrak asetzeko erabiltzen den azken iturriaren prezioak ordaintzen zaizkie beste iturriei ere. Horrek dakar zentral eolikoek, hidraulikoek, fotovoltaikoek eta nuklearrek gasa erretzen duten zentralen prezio bera jasotzen dutela, haien kostua askoz apalagoa izan arren. Aurreko astean ordu batzuetan argindarraren prezioa ia zero izan zen Iberiar penintsulako merkatuan, eolikoak eta fotovoltaikoak estali zuelako kontsumoaren zatirik handiena.

Espainiako eta Portugalgo gobernuek proposatu zuten gehienez 30 euroko prezioa jartzea argindarra sortzeko erabiltzen den gasari. Prezio hori hartuko litzateke erreferentzia gisa argindarraren prezioa kalkulatzeko, baina ondoren ziklo konbinatuko zentralek konpentsazio bat jasoko lukete haien kostua estaltzeko.

«Lan tekniko zail eta sakon baten ondoren, Europako Batzordearekin akordio politikoa lortu dugu», esan du Duarte Cordeiro Portugalgo Klima Ekintzarako ministroak. «Hurrengo hilabeteotan gasaren garestitzeaz babestuko gaituen akordio on bat da», gaineratu du Teresa Ribera Espainiako Energia Trantsiziorako ministroak. Xehetasun tekniko batzuk geratzen dira zehazteko, baina espero du hurrengo astean onartu ahal izango duela ministroen kontseiluak eta «berehala» indarrean jarri ahal izango dutela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Janari banaketa Rio de Janeiroko kale batean. Gaur egun, 33 milioi pertsonak pairatzen dute gosea Brasilen. ©ANDRE COELHO / EFE

Desberdinkeriaren Brasil

Irune Lasa

Suspertu ezinik zebilen ekonomiak kolpe handia hartu du pandemiarekin, eta nazioarteko testuinguruak gauzak zaildu ditu. Pobrezia eta gosea handitu egin dira.
Autobus bat Brasilgo autobide batean, Rio de Janeiro eta Sao Paulo artean. ©ANDRE COELHO / EFE

Aukera beste zailtasun

Aitor Biain

Herrialdearekiko interesa apur bat apaldu egin den arren, erreferentziazko merkatua da Brasil oraindik ere euskal enpresentzat. Hala, askok zabaldu dituzte ekoizpen lantegiak han.
Sorowakoko nikel meateagia, Indonesia ekialdean. Herrialdeak munduko nikel erreserbarik handienak ditu. ©VALESA

INDONESIA, AUTO ELEKTRIKOAREN ERDIGUNEAN

Josep Solano

Asiako hego-ekialdeko herrialde horretako presidenteak «auto elektrikoen ekosistema handi bat» sortu nahi du, bateriak egite hutsaz gain.

Lanaldean-eko langile talde bat, enpresak Bilbon duen bulego baten aurrean atzo eginiko elkarretaratze batean. ©M. D. V. / FOKU

«SOS Deiak, bai esan?»: 1.000 euroko soldata

Imanol Magro Eizmendi

Lanaldean telemarketin enpresako langile batzuek mobilizazioak hasi dituzte baldintzak hobetzeko. Gutxieneko soldataren mugan daude, eta, besteak beste, Segurtasun Sailaren, Kutxabanken eta Iberdrolaren lehen ahotsa dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...