Albistea entzun

COVID-19aren azken datuak

COVID-19ak Euskal Herrian duen eragina azaltzen du grafiko eta mapa interaktibo sorta honek, koronabirusaren momentuko zabalpena nolakoa den ikusi ahal izateko.

Berria -

2022ko apirilak 1 00:28

[Klikatu grafikoen gainean, kopuru zehatzak ikusteko]

Gobernuek hasieratik izan dituzte zailtasunak SARS-CoV-2 birusaren zabalpena neurtzeko, baina 2021eko azarotik aurrera erabat gainezka egin dute. Eta koronabirus horren omikron aldaera hedatu denetik testak behar beste egiteari utzi diote: sintomak dituztenei eta baja medikoak behar dituztenei soilik egiten dizkiete, eta ez beti. Horregatik 2022 hasieratik aurrera ezinezkoa da koronabirusaren momentuko bilakaera zein den jakitea, eta, ondorioz, beste datu batzuei begiratu behar zaie gaitza zertan den susmatzeko.

Larrituta ospitalera eramandako gaixo kopurua da adierazle horietako bat. Arazoa da gaitza harrapatu eta astebete-edo igarotzen dela ospitaleratu bitarte. Egunero ospitaleratutako paziente kopurua datu esanguratsua da, beraz, baina gaitzak beheranzko joera hasi eta egun batzuk geroago arte ez da nabarituko joera aldaketa. ZIUetan dauden erien datua ere adierazkorra da, baina kutsatuen kurbak gailurra jo eta hiruzpalau aste geroago arte ere gora egiten jarraitu dezake ZIUetako betetze mailak.

Lehen olatuan, ospitaleak eta ZIUak azkar bete ziren, eta gainezka egiteko zorian egon ziren. 2020ko udatik aurrera, ospitaleek egoera hobea eduki zuten, baina presioa iraunkorra izan zen. 2021eko apirilean, Alfa aldakerak eraginda azkar bete ziren ZIUak ostera, Gipuzkoan batez ere. 2021eko udan berriro zabaldu zen gaitza, ugari, baina ospitaleek ordura arteko intzidentziarik txikiena izan zuten. 2021eko azaro bukaeran berriz hasi ziren ospitaleak betetzen, eta 2021eko Gabonetatik aurrera izugarri igo zen ospitaleratuen kopurua: lehen olatutik, ez zituzten hainbeste paziente ospitaleratu behar izan.

2022ko urte hasieratik aurrera, jaisten hasi da positiboen kopurua, baina horrek ez du esan nahi intzidentzia txikiagoa denik. Osasun zerbitzuek test gutxiago egiten dituzte, eta hala ere positibo asko atzematen. Omikron aldaera zabaltzearekin batera, 2021eko abenduan, atzemandako positiboen datuak pisua galdu du, ezagun baita detektatutakoak baino positibo askoz gehiago direla. Horregatik, 2022 hasieratik, adierazkorragoa da atzematen ari diren positiboen ehunekoa: test gutxiago egin eta horietatik positiboen portzentajea handia izateak esan nahi du gaitzaren zabalpenak ez duela kontrolik. Eta test gutxiago egin eta positiboen portzentajea hazten jarraitzea ez da seinale ona, gaitzak zabaltzen jarraitzen duela esan nahi baitezake.

Lehen olatuan, 2020ko udaberrian, COVID-19a harrapatu zuten guztietatik %15 edo gutxiago detektatu zituzten. Bigarren olatuan, 2020ko udazkenean, detekzioa hobea izan zen; kasu guztien %60-70 inguru atzeman zituzten bolada batzuetan. 2021etik aurrera, administrazioek testen estrategiari garrantzia kendu, eta txertoetan jarri dute indar handien. 2021eko urrian, aztarnari taldeak txikitu zituen Eusko Jaurlaritzak, eta gaitza azaroan berriz zabaltzen hasi zenean, ez ziren gai izan kasu guztiak antzemateko. 2021eko abendutik aurrera, berriz, omikron aldaerak gainezkatu egin ditu detekzio sistema guztiak, eta 2022tik aurrera ezinbesteko testak baizik ez dituzte egiten osasun zerbitzu publikoek.

Ez dago Ipar Euskal Herriko datu ofizialik COVID-19ari buruz. BERRIAk egin izan dituen datu eskari guztiei ezezkoa eman diete. Baina, ospitaleei buruz, bederen jakin da 2020ko martxoaren 1etik urriaren 14ra 326 eri egon zirela Baionako ospitalean koronabirusarengatik. Barnealdeko eri asko Paueko ospitaleetara eramaten dituzte, hala ere. Ipar Euskal Herriko ospitaleek, dena den, Hegoaldekoek baino presio txikiagoa izan zuten pandemiaren hasieran.

Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean

Bigarren olatua: astez aste, handiagoa

Inoiz ez da 2020an bezainbat heriotza izan urte bakarrean

Batez beste, kutsatu eta handik hiru astera gertatzen dira COVID-19aren ondoriozko heriotzak. Datu hori da koronabirusaren estatistiketako adierazlerik gordinena. 2020ko abuztuan, Jaurlaritza hasi zen bereizten koronabirusarekin hildakoak eta koronabirusarengatik hildakoak, eta datua astean behin ematen ari da geroztik. Serie estatistikoa ez aldatzeko, koronabirusarekin hildakoen datuak biltzen jarraitzen du BERRIAk azpiko grafiko hauetan. Gainera, kopuru hori da urteko gehiegizko heriotzetatik gertuen dagoena.

2021eko urritik aurrera, Jaurlaritzak astean behin edo berritzen du hiru bat egun lehenago arteko egunez eguneko heriotza kopurua; horrek esan nahi du grafikook batzuetan hamar-hamabost eguneko atzerapena izan dezaketela. Ipar Euskal Herrian, berriz, gutxienez hemezortzi gaixo hil ziren 2020ko martxoaren 1etik urriaren 14ra —kopuru horiek jasota daude grafikootan—, baina geroztik ez dute eguneratu.

Txertatze kanpaina 2020ko abenduaren 27an hasi zen Europako herrialde gehienetan, eta Euskal Herrian ere bai. Lehendabizi, arriskurik handieneko taldeak txertatu zituzten eta, hortik aurrera, adinaren arabera zaharrenetatik gazteenetara joan ziren txertoak jarriz. 2021 azaro hasierarako, herritar guztien %80k pauta osoa hartua zuten Hego Euskal Herrian. Txertatze kanpainaren egoera eta bilakaera erakusten dute hurrengo grafikoek; adin tarte bakoitzean zenbat jende txertatu den ere ikus liteke. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute sistematikoki jakitera ematen kutsatuen eta ospitaleratuen artean txertatuak eta txertatu gabeak zenbat diren, eta txertaketa kanpainari buruzko Ipar Euskal Herriko daturik ez dago eskura.

COVID-19aren olatu bakoitzak oso eragin diferentea izan du herrialde bakoitzean. Lehen olatua, batez ere, Nafarroan eta Araban sentitu zuten, eta Bizkaian apalxeago. Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, apenas nabaritu zuten eragina. Bigarren olatuak, berriz, Gipuzkoan eta Nafarroan izan zuen eragin handiena; Ipar Euskal Herriko hiru probintzietako herrietan ere orduan sentitu zuten gehien COVID-19aren eragina. Hirugarren olatua modu orekatuagoan zabaldu zen probintzia guztietan, Nafarroan gutxixeago. Laugarren olatuak, berriz, Gipuzkoan utzi zuen arrastorik handiena, 2021eko apirilean. Bosgarren olatua Delta aldaerarekin hasi zen, 2021eko ekain bukaeran. Seigarrenak gazteak harrapatu zituen, 2021eko udan, oraindik txertatu gabe zegoen biztanleriaren sektorea. Zazpigarrena, berriz, umeen artean hasi zen zabaltzeko, 2021eko udazkenean, baina beste adin tarte batzuetara zabaldu zen gero, eta Gabonetatik aurrera ikaragarri hedatu zen, Omikron aldaera nagusitu zenean. 2022tik aurrera jaitsiera ez da erreala, administrazioek dagoeneko ez dutelako positibo guztiak antzemateko ahaleginik egiten. Hegoaldeko probintzietako 2020ko udatik aurrerako bilakaera erakusten dute azpiko grafikoek, ez baita Ipar Euskal Herriko daturik.

Hurrengo mapa interaktiboek erakusten dute birusaren transmisioa zein herritan dagoen indartsuen eta ahulen. Hegoaldeko herrietan, hamalau egunez pilatutako kasu positiboen tasa erakusten du, 100.000 biztanleko. Ipar Euskal Herriko herrietan, azken zazpi egunetako kasu positiboen tasa agertzen du, baina herri bakoitzeko datu xeheak jakitea ezinezkoa da, Frantziako Osasun Ministerioak ez baititu publiko egin nahi, kasuak identifikatzea eta «estigmatizazioa» saihesteko. Hegoaldean, osasun eremuen datuak ere kontsultatu litezke. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestalde, herri bakoitzean zenbat heriotza gertatu diren ere ikus liteke.

Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean

Bigarren olatua: astez aste, handiagoa

Inoiz ez da 2020an bezainbat heriotza izan urte bakarrean

Lehen olatuan zahar etxeetan min handia egin zuen COVID-19ak. Garai hartan haren erruz hildakoen %40 zahar etxeetako egoiliarrak ziren. Bigarren olatutik aurrera, apaldu egin da koronabirusaren eraginez hildako egoiliarren kopurua, baina, hala ere, koronabirusarengatik hildako guztien laurden bat inguru izan dira. Txertatze kanpainak abiadura hartu duenean jaitsi da heriotzen kopurua zahar etxeetan. 2021eko udan berriro nabaritu heriotzen goraldi txiki bat, aurreko olatuetakoa baino txikiagoa dena den.

COVID-19ak utzi duen arrastoaren tamaina ematen du, bestalde, urteko heriotza guztien estatistikak: 34.854 heriotza izan ziren 2020an. Inoiz ez dira horrenbeste pertsona hil urte bakarrean Euskal Herrian. Hegoaldean, erregistro zibilek jasotzen dituzte heriotza aktak, eta INE Espainiako Estatistika Institutuak lantzen ditu datuak. Iparraldean, herriko etxeek igorritako datuekin osatzen du estatistika INSEE Frantziako Estatistika Institutuak. Datuek erakusten dute 2020ko heriotza kopuruak, urte hasieran, aurreko urteetakoak baino txikiagoak zirela. Martxoan hankaz gora irauli zen datu hori, eta udaberrian guztiz ezohikoa zen heriotza kopurua gertatu zen. Udan apaldu arren, abuztutik aurrera ere batezbestekoen gainetik jarraitu zuen heriotza kopuruak, eta udazkenean berriro koska bat gora egin zuen.

Probintzien artean aldeak handiak izan ziren, hala ere, 2020an. Ipar Euskal Herrian, azarora arte ez zuten nabaritu heriotzetan igoera esanguratsurik. Araban, bigarren olatuak ez zuen apenas eraginik izan, eta Gipuzkoan, kontrara, lehen olatuan baino heriotza gehiago izan ziren bigarren olatuan. Azpiko grafikoek erakusten dituzte gorabehera horiek. 2021 hasieratik, ordea, ez da nabaritu heriotzen hazkunde ezohikorik: azkeneko urteetako batezbestekoen barruan daude gertatzen ari diren heriotza kopuruak, momentu jakin batzuetako hazkunde txiki batzuekin.

p>

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Javier Esparza, artxiboko irudi batean ©Iñaki Porto / EFE

UPNk Navarra Suma koalizioa amaitutzat ematea leporatu dio PPri

Irati Urdalleta Lete

Javier Esparzak «estrategia aldaketa bat» ikusten du PPn. UPNk uda amaitutakoan hartuko ditu Navarra Sumaren inguruko erabakiak

Eneritzen izandako istripua; larri zauritu da 21 urteko gazte bat. ©Nafarroako suhiltzaileak.

Gidari bat hil da Tebas-Muru Artederretan, autoa bidetik irten ondoren

Berria

N-121 errepidean gertatu da ezbeharra. Eneritzen izandako beste istripu batean, larri zauritu da 21 urteko gazte bat.

EHUko Zuzenbide fakultatea, Donostian ©Jon Urbe/ Foku

EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean mantendu da

Edurne Begiristain

Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak urtero egiten duen munduko unibertsitate onenen zerrendan segituko du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. EHUk zazpi espezialitate ditu munduko lehen 200 unibertsitateen artean.

Larrialdietarako anbulantzia bat, artxiboko irudian ©Gorka Rubio/ Foku

Beste 30 pertsona hil dira COVID-19arekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Berria

Koronabirusaren bilakaeraren berri eman du Osakidetzak: 180 lagun daude ospitaleratuta gaitzarekin, eta horietako hamabost ZIUetan daude.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...