Kontrol arrazista bat salatu dute Baionan

Andre batek salatu du bere alabak kontrol arrazista bat jasan duela. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak kontuak galdegin dizkio prokuradoreari. 

Jendarmeriaren operazio bat, Urruñan, artxiboko irudian. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko apirilaren 27a
15:21
Entzun

Atzo, egunean zehar, Frantziako Jendarmeriak kontrolak egin zituen Baionako Lesseps kaian. Bertan da Pausa migratzaileentzako zentroa, eta, berez, akordio bat adostua du Baionako Herriko Etxeak Frantziako Estatuko zerbitzuekin leku horretan kontrolik ez egiteko. Bada, Irene Ithursarri baionarrak salatu du bere alabak kontrol arrazista bat jasan zuela bertatik pasatzean atzo gauean. Haren alaba beltza da, eta kontrolatu egin zuten. Hura zuria da, eta ez zuten kontrolatu.

Kontrola jasan eta berehela, jarrera arrazista leporatu zion Ithursarrik parean zuen jendarmeari. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza ere deitu zuen segidan. Izan ere, Ithursarrik jakin ongi daki leku horretan kontrolak egitea ez dela ohikoa, Pausa zentroko laguntzailea ere badelako eta akordioaren berri bazuelako. Ithursarri: «Nire alaba nire aitzinean zen, hamar bat urratsera. Bera gelditu dute kontrolatzeko, eta ni ez. Oroitarazi diet nonbaitik ere koloreko pertsona bat kontrolatzen zutela». Hala, bi andreek uko egin zioten paperak erakusteari.

Egoeraren berri ukan, eta Etxegarai ama-alabengana hurbildu zen. Iristean, azalpenak eskatu zizkien Etxegaraik jendarmeei. Prokuradorearen aginduz ari zirela erantzun zioten orduan jendarmeek. Alta, Etxegaraik berretsi du 2018tik adostua dela Pausa zentro aitzinean halako operaziorik ez egitea. Prokuradoreak baieztatu zion haren aginduz ari zirela operazio hori egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.