Albistea entzun

Espioitza afera

1998, Margarita Roblesentzat legez kanpoko entzuketak onartezinak ziren urtea

Pello Urzelai kazetariak Euskaldunon Egunkaria-ko hemerotekatik berreskuratu ditu Roblesek elkarrizketa batean emandako erantzunak, CESIDek HBri 1990eko hamarkadan egin zizkion entzuketen harira. Atzo Kongresuan esan zuenarekin zerikusirik ez dute.

1998, Margarita Roblesentzat legez kanpoko entzuketak onartezinak ziren urtea
1998, Margarita Roblesentzat legez kanpoko entzuketak onartezinak ziren urtea Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ordoñez Garmendia -

2022ko apirilak 28

«Demokrata izanik, ezin dugu onartu gerra zikinik edo legez kanpoko entzuketarik egotea». Margarita Roblesen hitzak dira, baina ez gaur egungoak. Roblesen adierazpenak ez du zerikusirik duela gutxi argitara atera den Pegasus programaren espioitza kasuarekin. Ez da hori, ordea, Espainiak horrelakoak egiten dituen lehen aldia. Adibideak asko dira. Eta Roblesen adierazpenak beste kasu horietako bati dagozkio. 1998. urtea zen, eta jakin zen CESIDek, garai horretako Espainiako zerbitzu sekretuen zentroak, Gasteizeko HBren egoitzan legez kanpoko entzuketak egin zituela, artean koalizioa legezkoa zela (2003an legez kanporatu zuten). Robles Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratua zen 1998an, baina Barne eta Justizia Ministerioko Barne idazkari izana zen 1994tik 1996ra, eta 1998ko apirilaren 22an elkarrizketa egin zion Euskaldunon Egunkaria-k. Pello Urzelaik egin zion elkarrizketa, eta gogora ekarri du sare sozialetan.

El Mundo egunkariak 1998ko apirilaren 3an eman zuen HBri Gasteizen egindako legez kanpoko entzuketen berri. Goiko solairutik zelatatzen zituzten. Haren arabera, 1992tik espiatu zuten koalizio abertzalea, Espainiako Gobernuari horren berri eman gabe. Madrilgo egunkariaren arabera, epaileen baimenik gabe kontrolatu zituzten telefonoak, ordenagailuak eta faxak. Egunkaria-ko elkarrizketan, egun batzuk geroago, Roblesek esan zuen bera Barne Ministerioan izan zen garaian (1994-1996) ez zuela horren berririk izan, baina, edonola ere, demokrata batentzat horrelakorik onartzea ezinezkoa dela adierazi zuen.

24 urte geroago, beste gisa batera mintzatu da Robles legez kanpoko entzuketez. Pegasus programaren espioitza kasuko entzuketen harira galdetu zioten atzo Espainiako Kongresuan, eta hala esan zuen: «Zer egin behar du gobernu batek norbaitek konstituzioa urratzen duenean? Norbaitek independentzia deklaratzen duenean? Norbaitek bide publikoak mozten dituenean? Desordena publikoak egiten dituenean?».

Roblesek adierazi du Espainiako Gobernuak eta haren organismo publikoek zuzenbidearen arabera jokatzen dutela, «legeek ezartzen dituzten kontrolekin». Baina, aldi berean, iradoki du justifikatuta dagoela independentisten aurkako espioitza.

Ez zuen hala pentsatzen duela 24 urte, Euskaldunon Egunkaria-ri emandako elkarrizketan, gatazka puri-purian zegoen garaian (ETAk hamahiru pertsona hil zituen elkarrizketa egin aurreko urtean, 1997an): «Indarkeriaren kontra erantzun bakarra egon daiteke: legea zorrotz betetzea. Legea betetzea ez den edozein gauza, legez kanpoko entzuketak direla, gerra zikina dela, nire ustez okerra da». Gero gaineratu zuen: «Ezin dugu ahaztu arazo politikoa dela, eta politikoki konponduko da bakarrik». Elkarrizketa egin zen garaian, beste 145 profesional eta intelektualekin batera, elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko agiri bat sinatu zuen Roblesek.

Azken lau erantzunak dira legez kanpoko entzuketei buruzkoak. Klikatu irudian handiago ikusteko

Pegasus espioitza programaren kasuan ez bezala, 1998ko entzuketak ez zituen ukatu Roblesek, baina gaineratu zuen ez zuela uste jarduera orokorra zenik. Epaileek zer esango zuten itxaron behar zela erantzun zuen horrelako legez kanpoko entzuketa kasu bat posible ote zen galdetuta. Gasteizko HBko egoitzaren entzuketen auzia Arabako Lurralde Auzitegira iritsi zen, eta horrek hiru urteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa ezarri zien Emilio Alonso Manglano eta Javier Calderon CESIDeko zuzendariei; Espainiako Auzitegi Gorenak errugabetu egin zituen gero. Gainera, Mario Cantero Gonzalez eta Francisco Bujan Gonzalezi bi urte eta erdiko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa ezarri zien entzuketen egile materialak izan zirelako. Victor Casterán eta Francisco Millan absolbitu egin zituen. Epaiak Espainiako estatua erantzule zibil egin zuen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miren Larrion, artxiboko irudi batean. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Gasteizko Epaitegiak hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio Miren Larrioni

Iosu Alberdi

Ikusteko dago zigorra exekutatuko ote den, espetxealdia lan komunitarioekin ordezkatzea adostu baitzuten aldeek apirilean
Juan Carlos lglesias Chouzas, Auzitegi Nazionalean, martxoan. ©Emilio Naranjo / EFE

Fiskaltzak ez du Juan Carlos Iglesias Chouzasen absoluzioaren aurka egingo

Iosu Alberdi

Atristainen kasuak ezarritako jurisprudentzian oinarrituta absolbitu zuen Auzitegi Nazionalak. Fiskaltzak ondorioztatu du ez dagoela akusazioari eusteko nahikoa froga.

Herritar bat bozkatzen, iragan apirilean, Frantziako presidentetzarako bozetan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Diputatu izateko lehian 32 hautagai izanen dira Ipar Euskal Herrian

Oihana Teyseyre Koskarat

Lasserre eta Bru berriz aurkeztuko dira. EH Bai hiru hautesbarrutietan izanen da

Mertxe Aizpurua, gaur goizean, Espainiako Kongresuan. ©J.J. Guillen / EFE

EH Bilduk Ikus-entzunezkoen Lege proiektuaren kutsu «ekonomizista» kritikatu du

Iosu Alberdi

Hamar zuzenketa aurkeztu ditu koalizioak, eta ostegunera bitarte lortu ditzaketen adostasunen arabera bozkatuko du osoko bilkuran.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.