Ipar Irlandako hauteskundeak

Sinn Feinen aukera

Belfast mendebaldean, alderdi errepublikanoaren hiriburuko hauteskunde gotorlekuan, giroa itxaropentsua da: indar nazionalista batek lehen aldiz lortuko du ordezkaritzarik handiena Asanblearako hauteskundeetan. Boto emaileen ustetan, egungo arazo sozioekonomikoei aurre egiteko parada emango du horrek.

Maratoia egin zuten, atzo, Belfasten. Argazkian, Falls Roaden barrena. ANDER PEREZ ZALA
ander perez zala
2022ko maiatzaren 2a
18:05
Entzun

Goiz lasaia da Falls Roaden hasieran, Belfast mendebaldean. Jende gutxi dago kalean, errepideetan dauden autoak eskuko behatzekin zenba daitezke, eta haizeak egiten duen soinuaz gain, ez da beste askorik entzuten. Aurrera egin ahala, baina, lasaitasun hori erabat apurtzen duen zerbait gertatzen ari da; Sinn Fein alderdi errepublikanoaren egoitza pasatu eta Dunville parkearen bigarren izkinara iristean dago erantzuna: McPeakes dendaren eta Falls farmaziaren artean jende multzo bat dago errepidera begira, handik korrika pasatzen ari direnei adore ematen. Belfasteko maratoia da. Zerua hodeiez beteta dago, eta hori lagungarria zaie parte hartzaileei; hori bai, laino batek eguzki izpi batzuei bidea ireki dien arte. «Jainkoaren izenean, ez!», oihukatu du 40 urte inguruko korrikalari batek. Publikoak barrezka erreakzionatu du.

Culturlann McAdam O Fiaichiristean zentro kulturalera iristean, adore emateak eta lasterkariak geroz eta gehiago dira; finean, kalearen zati hori aldapatxo bat da, eta korrikalariek indar gehiago erabili behar dute maratoian aurrera jarraitzeko. Askok elkar ezagutzen dute, eta ohikoa da parte hartzaileek eta publikokoek elkar agurtzea. Giro ona da nagusi kaleetan, eta ez soilik maratoiarengatik, baita datorren osteguneko Asanblearako bozengatik ere. «Ikusten duzu zer ongi gauden hemen. Bai, aurtengo kanpaina desberdina izaten ari da. Positibismo gehiago dago Sinn Feinen inguruan», azaldu du Siobhanek, haren ahizpa Kate alboan duela. «DUPek [Alderdi Demokratiko Unionistak] babes asko galdu du atzeraka doalako, historian atzera. Ez dute positibismorik herrialde honetako herritarrentzat. Historiaurrekoak dira».

Ipar Irlanda une erabakigarri baten atarian egon liteke. 2020ko urritik egindako inkestek DUPen aurretik jarri dute Sinn Fein, eta, azken orduko ezustekorik gertatzen ez bada, alderdi nazionalista batek lehen aldiz lortuko du ordezkaritzarik handiena Asanblearako hauteskundeetan. Unionisten artean kezka dago, eta errepublikanoen artean, poza eta itxaropena. «Ostegunean Madrilen izango naiz, baina jada eman dut botoa. Espero dut aulki gehienak lortuko dituztela, hori behar dugu!», esan du Katek.

Sinn Feinen presidenteorde eta Irlanda iparraldeko buruzagi Michelle O’Neill aukera historiko horretaz jakitun dago, eta horregatik erabaki du, beste diputatugaiekin batera, kanpaina pragmatiko bat egitea. Irlanda Errepublikako 2020ko bozetako kanpainan bezala, Sinn Feinek Ipar Irlandako aurtengoan ere auzi sozioekonomikoetan jarri dute arreta, irlaren batasunean beharrean, eta badirudi jokaldi elektoral hori ongi joango zaiola.

«Oso-oso zaila da jendearentzat etxeak lortzea. Ezagun batek hamar eta hamabi urte artean darama itxaron zerrendan, eta oraindik ez du ezer lortu», esan du Stephenek, lasterketa gainbegiratzeaz arduratzen diren jaka horidunetako batek. «Pisu batean dago, eta ezin du oraindik etxe itxurosorik aurkitu».

Katek ere mahaigaineratu du etxebizitza sozialen afera, «milaka lagun» baitaude itxoiten zerrenda horretan: «Puntu bidezko sistema bat da, horiek bildu behar dituzu. Adibidez, badut lagun bat, eta haren alabak behar bereziak dituenez, bungalow bat behar dute. Lor ditzakeen puntu guztiak lortu ditu, baina ez bungalow bat lortzeko behar adina. Alabak 8 urte ditu, handitzen ari da, eta amak oraindik ere eskaileretan gora eta behera eraman behar du».

Kopuruak ikaragarriak dira. Iragan otsailean, esaterako, SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristak emandako datuen arabera, Belfast mendebaldean 4.000 bat lagun zeuden etxebizitza soziala lortzeko zerrendan, eta 683 etxe hutsik zeuden. Eta errealitate hori ez da hiriburuko eremu batera mugatzen, lurralde osoan baitute arazo berbera.

Bestelako aferak

Etxebizitzan ez ezik, osasungintzan ere badira itxaron zerrendak, eta horiek ere luzeak dira aspaldidanik; are gehiago 2020tik, COVID-19aren pandemia hasi zenetik. Siobhanek eman du azalpen laburra: «Osasungintzarena... Uf! Lehentasun bat da hori. Zerrendak bukaezinak dira».

Joan den ekainean emandako datuen arabera, Ipar Irlandan 184.000 lagunek urtebete baino gehiago zeramaten itxaroten ospitalean hitzordua izateko, eta beste 66.000k, operazio bat jasotzeko. Eta, denera, iragan abendurako 354.756 pertsona zeuden zerrenda horietan, NISRA Ipar Irlandako Estatistika eta Ikerketa Agentziaren arabera.

Egoeraren erakusle da iazko uztailean gertaturikoa: 89 urteko andre bat larri zegoen, eta ospitalera berehala eramateko anbulantzia bat eskatu zuten. Edadetua etxean hil zen, ibilgailua sei ordu geroago agertu baitzen; «bi aldiz» aldarazi zioten norabidea, «beste lehentasun batzuk» zeudela argudiatuta, osasun zerbitzuen arabera.

Auzi horrez gain, azken urtean egindako inkesta guztiek agerian utzi dute bizitzaren garestitzea ere badela herritarren kezka nagusietako bat; are, azken hilabeteetakoen arabera, hori da auzirik garrantzitsuena boto emaileentzat. Siobhanek esan du egoera «geroz eta okerragoa» dela: «Dena garestiagoa da, batez ere brexit-az geroztik. Ipar Irlandaren gehiengoak ez zuen [Europako Batasunetik] atera nahi, eta begira...».

Stephenek bat egiten du eskari horiekin, eta tokiko arazo bat ere ekarri du hizpidera: autobusen ordutegiak. Gehienak 22:00etarako amaitzen dira, eta hari gustatuko litzaioke zerbitzuak gauean gehiago luzatzea: «Ongi legoke, batzuk, adibidez, ezin direlako itzuli etxera autobusez. Askoren bizitza erraztuko luke. Ea zer gertatzen den...».

Maratoiak aurrera egin ahala, geroz eta korrikalari gutxiago geratzen dira Falls Roaden. Jende asko izatetik ia hutsik geratzera pasatu da kalea, eta horrek beste itxura bat eman dio eremuari: errazagoa da bozetako iragarkiez eta mezuez jabetzea. Sinn Fein nonahi dago, eta aurtengo leloa Time for real change (Egiazko aldaketarako garaia) du; aldaketa, urte asko daraman arren agintean. «Bai, baina oraingoa egiazkoa litzateke, DUPek ez zielako uzten erabaki askotan aurrera egiten... Bueno, banoa, elizara joan behar naiz eta», esan du Katek, alderdi errepublikanoaz galdetzean.

Inkestek islaturikoa betetzen bada, Sinn Feinek duela bost urte baino boto gutxiago lortuko lituzke, baina DUPen beherakada ikaragarriak balioko lioke aulkietan ordezkaritzarik handiena izateko. Helburu hori betetzeko eremu seguru bat da Belfast mendebaldea barrutia: hauteskundez hauteskunde, Sinn Feinek gora egin du eta, 2017an, Asanbleara bidaltzen dituzten bost ordezkarietatik lau izan ziren harentzat. Aurten ez da aldaketarik espero banaketa horretan, eta azken aulkia PBP People Before Profitentzat litzateke, duela bost urte bezala.

Ezusteko bakarra SDLPk eman lezake, duela bost urte parlamentuko diputatu kopurua txikitu zutenean galdu baitzuen Belfast mendebaldean lortzen zuen aulkia. Aurten apustu indartsua egin dute: Paul Doherty da diputatugaia, ekintzaile ezaguna eta elikagaien bankua kudeatzen duena.

Herritar askok Sinn Feinen dute jarria itxaropena. Irabaziko balu ere, ez dago argi gobernua osatu ahalko luketenik, DUPek ez baitu argitu agintari errepublikano bat buru lukeen lantaldean sartuko litzatekeen. Eta, Ipar Irlandako sisteman, lehen ministroa ez badago, lehen ministrordea ere ez—baita alderantziz ere—.Sinn Feinen garaipena sinbolikoa zein historikoa litzateke, eta alde guztien erreakzioak ikustea interesgarria izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.