EUSKAL PRESOAK

Hirugarren graduan jarri dituzte hiru euskal preso

Gorka Loran, Jon Crespo eta Juan Karlos Herrador dira. Horietako bat, Crespo, aurrez ere jarria zuten hirugarren graduan, baina Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz bigarren gradura itzularazia zuten.

Zaballako kartzelako irudi bat, 2020koa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko maiatzaren 2a
18:14
Entzun

Etxerat euskal presoen senideen elkarteak jakinarazi duenez, hirugarren graduan ezarri dituzte bigarrenean zeuden hiru euskal preso. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren aginduz eman diete erdi-askatasuneko erregimena Gorka Lorani eta Jon Crespori —Basaurin (Bizkaia) eta Zaballan daude (Araba)—, eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren aginduz Juan Karlos Herradorri —Basaurin dago—. Apirilaren 14an eta 26an gertatu ziren gradu aldaketak, hurrenez hurren.

Crespo hirugarren graduan ezartzen duten bigarren aldia da. Izan ere, Basauriko espetxeko tratamendu batzordeak hirugarren graduan ezarri ondotik Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz bigarren graduan ezarri zuten berriro, eta kartzelara itzuli behar izan zuen joan den otsailean. Jaurlaritzak aurre egin dio Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiari, beraz.

Etxerat-ek berri eman duenez, bertzalde, espetxez aldatzea iragarria zuten lau lekualdaketa egin ziren joan den ortziralean. Euskal Herri barnean mugitu dituzte bi: Garikoitz Arruarte Iruñeko kartzelatik Martutenera eraman dute (Donostia), eta Jon Gonzalez, Iruñekotik Zaballakora (Araba). Juan Luis Agirre Euskal Herriratu egin dute: Soriako espetxetik (Espainia, 260 kilometro) Zaballara. Eta Xabier Goienetxea, azkenik, Mont-de-Marsango kartzelatik (Okzitania, 260 kilometro) Lannemezangora urrundu dute (Okzitania, 330 kilometro).

Lazaro Galarza euskal iheslaria, berriz, apirilaren 16an itzuli zen Iruñera.

Euskal Herrian gehiago

Joan den astetik, jada gehiago dira Euskal Herriko kartzeletan dauden euskal presoak Frantzian eta Espainian daudenak baino. Euskal Herrian 101 daude; Espainiako kartzeletan, 74, eta Frantziakoetan, hogei. Euskal Herriko kartzelei dagokienez, Zaballan daude preso gehien (47); ondotik Martutenen (23), Basaurin (21) eta gainontzekoak Iruñean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.