Albistea entzun

Bertsolaritza

Arabarren faltan, jakinarazi dituzte Txapelketa Nagusian izango diren bertsolarien izenak

Kantatuko duten berrogei bertsolarien artean, lehen Euskal Herriko Txapelketa Nagusia izango dute haietako hamalauk. Jon Maia bertsolariak ere bazuen aurten kantatzeko aukera, baina uko egitea erabaki du, eta agur esan die txapelketei.

Maialen Lujanbio, 2017ko finalean, Barakaldoko (Bizkaia) BECen. Aurten txapela defendatuko du.
Maialen Lujanbio, 2017ko finalean, Barakaldoko (Bizkaia) BECen. Aurten txapela defendatuko du. Alberto Elosegi Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza - Iñigo Astiz -

2022ko maiatzak 3

Ez da erdia, baina bada herena baino gehiago. Bertsozale Elkarteak gaur eman ditu jakitera 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzekoak diren 40 bertsolariren izenak, eta lehen aldia izango dute txapelketan haietako hamalauk. Osatu gabe dago zerrenda, halere. Guztira, 42 bertsolari arituko direlako kantuan, eta ekainean amaituko den Arabako Bertsolari Txapelketan gertatzen denaren menpe egongo direlako azken bi izen horiek. Berez iazko irailean zen hastekoa txapelketa nagusia, baina koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, urtebete atzeratu dute data, eta, azkenik, aurtengo irailaren 24an hasiko dira txapelketako saioak, Getxon (Bizkaia), eta abenduaren 18an amaitu, Iruñeko Nafarroa Arenan egingo den finalarekin. Berme moduko bat ere bada, horregatik, elkarteak zabaldutako izen zerrenda hori, ziurgabetasun eta egokitzapen sasoi baten ostean.

Bertsolariak lurraldeetako txapelketetan sailkatu dira Txapelketa Nagusirako, eta honako hauek dira:

- Agin Laburu Rezola
- Aitor Bizkarra Ruiz
- Aitor Etxebarriazarraga Gabiola
- Aitor Mendiluze Gonzalez
- Alaia Martin Etxebeste
- Amaia Iturriotz Etxaniz
- Amets Arzallus Antia
- Ane Labaka Mayoz
- Asier Azpiroz Iztueta
- Beñat Gaztelumendi Arandia
- Beñat Iguaran Amondarain
- Eneko Lazkoz Martinez
- Eñaut Martikorena Lizaso
- Gorka Pagonabarraga Agorria
- Haritz Mujika Lasa
- Iban Urdangarin Lardizabal
- Imanol Uria Albizuri
- Iñaki Apalategi Astigarraga
- Iñigo Mantzizidor Larrañaga
- Joanes Illarregi Marzol
- Jone Uria Albizuri
- Julio Soto Ezkurdia
- Maddalen Arzallus Antia
- Maialen Akizu Bidegain
- Maialen Lujanbio Zugasti
- Miren Amuriza Plaza
- Miren Artetxe Sarasola
- Nerea Elustondo Plazaola
- Nerea Ibarzabal Salegi
- Oihana Bartra Arenas
- Oihana Iguaran Barandiaran
- Onintza Enbeita Maguregi
- Patxi Iriart Hiribarren
- Saioa Alkaiza Guallar
- Sustrai Colina Akordarrementeria
- Unai Agirre Goia
- Unai Gaztelumendi Arandia
- Unai Mendizabal Jauregi
- Xabat Galletebeitia Abaroa
- Xabier Silveira Etxeberria

Ikusi gehiago: TXAPELKETARI ZOR

Maialen Lujanbio Zugasti txapeldunarekin batera, 2017ko Bertsolari Txapelketako finalean izandako beste bost bertsolari daude zerrendan: Aitor Mendiluze Gonzalez, Sustrai Colina Akordarrementeria, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia eta Unai Agirre Goia. Bi dira aurten kantatzeari uko egin dioten finalistak: Igor Elortza Aranoa eta Aitor Sarriegi Galparsoro. Sorpresarik ez dakar horrek, ordea, bi bertsolariek finalean bertan jakinarazi baitzuten hura izango zutela azken txapelketa.

Herrialdeetako txapelketetako emaitzen arabera eskuratu dute gainerakoek Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatzeko aukera. Eta, hain zuzen ere, horregatik falta dira oraindik Arabako bi izenak. Berez, neguan egitekoa baitzen txapelketa hori ere, baina atzeratu egin zuten antolatzaileek, kasu horretan ere koronabirusaren ondorioz ezarritako neurriengatik.

Jon Maiaren agurra

Izan dira txapelketan parte hartzeko aukera eduki eta ez kantatzea erabaki dutenak ere. Jon Maia Soria da haietako bat. Guztira, 1993tik hasita, zazpi txapelketa nagusitan hartu du parte zumaiarrak, lau aldiz izan da finalean, eta sailkapenean hirugarren egin zuen 2009an.

«Aurtengoan bat gehiago izango naiz txaloka». Twitter bidez zabadu du bere erabakia jakinarazteko testua Maiak. «Nire bizitzaren zati garrantzitsu eta eder honi agur esatera noa. 1984an, 12 urterekin jokatu nuen lehen txapelketa, Eskolartekoa; 1991n lehen Gipuzkoakoa eta 1993an lehen Euskal Herrikoa, gaur arte. Ez naiz txapeldun bat izan, baina nire garaipen handiena halako bide luzea egitea izan da, erori eta jaiki, sufritu eta gozatu, nire barne mugak gaindituz». Plazetan jarraitzeko asmoa azaldu du, edonola ere.

Ez da ezezko bakarra izan. Txapelketa Nagusian egoteko aukerari uko egin diote Etxahun Lekue Etxebarriak, Odei Barroso Gomilak, Jokin Uranga Isuskizak, Beñat Lizaso Alberdik, Unai Muñoa Amundarainek eta Iñigo Izagirre Urteagak ere.

Bertsozale Elkarteak urrian azaldu zuenez, finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat. Ez da asmo bakana; izan ere, Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik. Horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza kultur intereseko ondasun izendatu izana.

1987an sortu zenetik, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatzen duen hamargarren Bertsolari Txapelketa Nagusia izango da aurtengoa. Urte horietan aldaketa handia izan dute txapelketako finalek, eta, hala, 2005etik gaur egunera arte, Barakaldoko BECen egin dira finalak. 1935etik 2001era bitartean, Donostian egin ziren. Printzipioz, iaz egin behar zen, baina pandemiak txapelketa urtebete atzeratzera behartu zituen antolatzaileak. Finalaren kokapena da beste berrikuntzetako bat, finala Iruñeko Nafarroa Arenan izango baita, abenduaren 18an. Lehen saioa Getxon (Bizkaia) izango da, irailaren 24an, eta, tartean, elkarteko ordezkariek esan dutenez, «euskararen lurralde osoa» zeharkatuko du txapelketak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Aizpuru aktorea, <em>Loreak</em> filmeko eszena batean. ©JON URBE / FOKU

AMONATXOAREN IDEIA ZARTATZEN

Olaia L. Garaialde

Zaharrak eta zahartzaroa modu askotara irudikatu daitezke zineman eta antzerkian; BERRIAk gai horri buruz gogoetan jarri ditu zenbait aktore eta zinemagile. Batzuek nabarmendu dute gero eta pertsonaia gehiago sortzen ari direla, nahiz eta asko rol jakin batzuetara mugatuta egon.
Irene Nemirovsky. ©BERRIA

Literaturaren maleta galduak

Joannes Jauregi

Aurten laurogei urte dira Irene Nemirovsky idazlea Auschwitzen hil zutela. Haren 'Suite frantsesa' eleberriak naziek Frantzia okupatu zutenekoa kontatzen du.

Amazona anakroniko bat

Nagore Fernandez

Idazlea: Marina Tsvetaieva. Itzultzailea: Jose Mari Berasategi. Argitaletxea: Erein/ Igela.

Nahi eta ezinen artean igerika

Asier Urkiza

Idazlea: Jon Benito. Argitaletxea: Farmazia beltza..

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...