Enpresaburuak

Zubiaurrek aldi baterako utzi du Confebaskeko lehendakaritza, gaixotasun baten ondorioz

Isabel Busto Adegiko lehendakariordeak ordezkatuko du behin-behinean. Confebaskeko lehen emakume buruzagia izango da.

Eduardo Zubiaurre, otsailean, Confebasken egoitzan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 3a
15:08
Entzun

Osasunak behartutako aldaketa bat egin du Confebaskek. Gaixo baimena du 2019az geroztik lehendakari denak, Eduardo Zubiaurrek (Eibar, Gipuzkoa, 1962), eta haren lekukoa orain arteko lehendakariordeak hartu du, Isabel Bustok.

Bata zein bestea Adegiko ordezkariak dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalaren buruzagitzan. Busto Confebaskeko hiru lehendakariordeetako bat da, eta hura hautatu dute Gipuzkoako patronalari dagokionez kargu gorena izateko eta Zubiaurre ordezkatzeko.

Confebaskeko buruzagitza betetzen duen lehen emakumea izango da Busto. 1983an Confebask sortu zenetik orain arte, zortzi gizonezko izan dira lehendakari: Jose Maria Vizcaino, Baltasar Errazti, Roman Knorr, Miguel Lazpiur, Miguel Angel Lujua, Roberto LarraƱaga eta Eduardo Zubiarre.

Busto Adegiko lehen lehendakariordea da, eta Gipuzkoako Bazkundeko buruzagitzako kide ere bada. EHUn Ingeniaritza Informatikoa gradua du, MBA Executive titulua lortu zuen Deustuko Unibertsitatean, eta doktorea da Enpresa Lehiakortasunean eta Garapen Ekonomikoan. Gaur egun Zucchetti Spaineko zuzendariordea da.

El Correo egunkariak eman du Zubiaurreren ordezkapenaren berri, eta haren iturriek ziurtatu dute gutxienez irail arte utzi duela Confebaskeko buruzagitza. Hilabete horretan aztertuko dute berriro egoera, eta orduan erabakiko dute Zubiaurre itzuliko den. Posible ez bada, baliteke haren ondorengoaren hautaketa aurreratzea edo Bustoren agintaldia hilabete batzuk luzatzea. Confebaskeko iturriek azaldu diote BERRIAri ez dutela behin betiko erabaki bati buruz hitz egin.

Lau urterako agintaldiak izan ohi dira Confebasken, eta Zubiaurrerena 2023ko uztailean da amaitzekoa. Bizkaiko Cebek patronalari dagokio hurrengo presidentea; izan ere, Zubiaurreren aurrekoa, Roberto LarraƱaga, SEA Arabako patronaleko ordezkaria zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.