Hezkuntza

LABek esan du Eusko Jaurlaritzak hezkuntzarako egindako lanpostu eskaintza ez dela nahikoa

Sindikatuak protesta egin du BECen atarian, eta bildutakoek ikastetxe publikoetarako «benetako kontsolidazioa» aldarrikatu dute.

LABek egin duen elkarretaratzea, gaur goizean. LAB
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 5a
12:39
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurtengo lan eskaintza publikoen berri eman zuen astelehenean, eta orotara 6.300 lanpostu baino gehiago eskainiko dituztela iragarri zuen. LAB sindikatuari, ordea, ez zaizkio nahikoa iruditzen, eta nabarmendu du estrukturalak diren hainbat lanpostu ez dituztela aterako lan eskaintza publikoetara. Gaur, hori salatzeko, protesta egin dute BECen aurrean, ikastetxe publikoetako langileentzat «benetako kontsolidazioa» exijituz.

Benetako kontsolidazioa orain! Hezkuntzako langileak babestu! lelopean egin dute elkarretaratzea, BECen gaur Hezkuntza Saileko ordezkariak eta ikastetxe publikoetako zuzendariak batuta daudela aprobetxatuz. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari egotzi diote lanpostuen inguruko negoziazioa «aldebakarrez» ixtea. Horren ordez, negoziatzen jarraitzea galdegin diote, maiatzaren 31n epea amaitu arte.

Sailburuaren jarrerak ondorioak dituela ohartarazi dute: «Galdu egin du euskal hezkuntza publikoaren beharrei erantzuteko aukera, Madrilek ezarritako mugaz harago». Hain zuzen, horixe leporatu diote: bertan erabaki beharrean, «Madrilen aginduetara egokitzea», administrazioko behin-behineko langileak egonkortzea xede duen Espainiako Gobernuaren Iceta legera egokitu beharrari erreferentzia eginez.

Sindikatuak ziurtatu du behar baino lanpostu gutxiago eskainiko dituztela, eta, horrenbestez, ez dutela konponduko euskal hezkuntza publikoan dagoen «behin-behinekotasun abusuaren arazoa». Alegia, ikastetxe publikoek «ezegonkortasuna kudeatzen« jarraitu beharko dutelakoan dago LAB.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.