Oinarrizko errenta

Oinarrizko errentari ezetz esan dio Eusko Legebiltzarrak

EAJk, PSE-EEk, PP+C’s-ek eta Voxek uko egin diote herri ekinaldi legegilea tramiterako onartzeari. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek alde bozkatu dute, eta bestelako gizarte politika bat eskatu dute.

Itziar Gerendiainek aurkeztu du proposamena osoko bilkuran. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko maiatzaren 5a
13:27
Entzun

Baldintzarik gabeko oinarrizko errentari ezetz esan dio Eusko Legebiltzarrak. EAJk, PSE-EEk, PP+C’s-ek eta Voxek proposamena aintzart hartzearen aurka bozkatu dute, eta, beraz, herri ekinaldi legegilea parlamentura iritsi bezala amaitu da. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aldeko bozka eman dute, eta gizarte politiken eztabaida sakonagoa eskatu dute. Bigarren aldia zen halako ekimen bat osoko bilkuran bozkatzen zutena, baina oraingoan ere ez du aurreneko tramitea gainditu.

Herritar talde batek jarri zuen martxan ekimena iazko otsailean, eta haien izenean hartu du hitza Itziar Gerendiainek. «Bide berriak esploratzeko garaia iritsi da», adierazi du. «Trena berriak behar ditugu pobreziari modu eraginkorrean aurre egiteko». Haren ustez, egungo sistema ez baita gai izan hori egiteko.

Gerendiainek azaldu du oinarrizko errenta ekonomikoki bideragarria dela, eta hori frogatzen duten askotariko ikerketak jarri ditu adibide gisa. Borondate politikoan egin du azpimarra. Kritiko azaldu da Jaurlaritzarekin, aldiz, kontrako iritzia eman zuelako eztabaidatu aurretik: «Parte hartze demokratikorako indarrean dauden bitarteko urrietako bat mespretxatzea da».

Proposamenak jasotzen zuen baldintzarik gabeko oinarrizko errenta eskubide gisa aitortuko zuen lege bat onartzea. Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar orok jasoko luke diru laguntza herritar izate hutsagatik: 900 euro 18 urte baino gehiagokoek; 4 eta 18 urte bitartekoek 450 euro, eta 14 urtetik beherakoek 270 euro.

Azalpenak gero

Taldeek ordu erdiko bi tarte izan dituzte beraien jarrerak azaltzeko, aldekoek aurrena, eta aurkakoek gero. Hori da herri ekimenen bereizgarrietako bat, legebiltzarraren ohiko jarduerarekin alderatuta. Eta hor jada, agerian geratu dira jarrerak, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk soilik hartu dutelako parte lehenengo txandan, eta talde bakar batek ere ez bigarrengoan.

Miren Gorrotxategi EPko eledunak azaldu du milaka herritarrek babestutako proposamena izanik ezinbestekoa dela tramiterako onartzea proposamena. «Ez gaude ohituta; pentsarazi behar digu», esan du hunkituta. Eta gogora ekarri du EAJk aldeko botoa eman zuela Europan: «Europarako balio duenak zergatik ez du balio Euskadirako?».

Iraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkideak ere ekinaldia aintzat hartzea babestu du, baina «eztabaida orokorrago baten» beharra aldarrikatu du, gizarte politikei dagokionez. «Ereduaz hitz egin behar dugu, ereduaren erroko aldaketaz». Eta nabarmendu du eztabaida hori hasi besterik ez dela egin proposamenarekin.

Behin botoa emanda eman dituzte azalpenak gainerako taldeek. EAJk eta PSE-EEk bere egin dituzte Jaurlaritzaren argudioak, eta egungo ereduan sakontzeko nahia azaldu dute. Aitor Urrutia jeltzalearen iritziz, oinarrizko errenta ez da sistemarik «egokiena» gizarte bazterkeriari aurre egiteko, eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta berriaren garrantzia azpimarratu du. Gloria Sanchez sozialistak, bestalde, zalantzan jarri ditu proposamenaren oinarriak eta helburuak.

PP+C’s-en izenean Laura Garridok ere egungo babes sistemaren alde hitz egin du, eta baztertu egin du herritarrentzako laguntza orokortu bat. Prestazio oro enpleguarekin lotu behar dela argudiatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.