Donostiako eragile feministek «neurri eraginkorrak» eskatu dituzte abortuaren aurkako protestak gelditzeko

Talde ultraeskuindarrek abortuaren aurkako mobilizazioak iragarri dituzte astebururako.

Abortatzeko eskubidearen aurkako protesta bat, eta haren aurkako kontra protesta. NEREA LIZARRALDE/IRUTXULOKO HITZA
jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 5a
13:57
Entzun

Talde ultraeskuindarrek abortatzeko eskubidearen aurka antolatutako manifestazioa eragozteko «neurri eraginkorrak» eskatu dizkiote eragile feministek Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari. Amarako Talde Feministak, Donostiako Bilgune Feministak, Groseko Asanblada Feministak, Morlanseko Talde Feministak, eta Intziri eta Plazandreok taldeek sinatutako idatzi batean, eragileek azaldu dute «talde ultraeskuindarrek» deialdi bat zabaldu dutela maiatzaren 7rako, Errezatzea ez da delitua lelopean. Protesta Askabide klinikaren parean bukatuko dela jakinarazi dute —emakume asko haurdunaldia etetera joaten dira klinika horretara—.

Ikusi gehiago:Gizonezko batek eraso egin dio ekintzaile feminista bati, abortatzeko eskubidea aldarrikatzeagatik

Izan ere, apirilaren 14an egokitu egin zuten 10/1995eko azaroaren 23ko lege organikoa, eta, harrezkero, 4/2022ko apirilaren 12ko legearen bidez, debekatuta dago abortuak egiten dituzten zentroen aurrean andreen aurka egitea. Orain, eraso horiek hiru hilabete eta urtebete arteko kartzelarekin edo komunitaterako lanekin zigortuko dira. Hala ere, abortuaren aurkako taldeek mobilizaziora deitu dute, aurten bigarren aldiz — apirilaren 2an ere egin zuten antzeko protesta bat—.

Talde feministek salatu dute legea ezarri zenetik «legez kanpokoa» dela halako protestak egitea, eta, horrez gain, egitasmo horrek «emakume guztion sexu eta ugaltze eskubideak» urratzen dituela. Gogora ekarri dute Donostiako Udalak 2022ko martxoaren 30ean egindako adierazpena ere. Bertan, udalak «babes osoa» helarazi zien abortatzea erabaki eta jazarpena jasaten duten emakumeei, eta baita Askabide klinikan lan egiteagatik jazarpena jasan duten langileei ere. Emakumeek «euren eskubideak askatasunez betetzeko topatzen dituzten oztopo ideologiko eta administratiboak ezabatzeko neurri eraginkorrak» hartzeko ere eskatu zuen udalak orduko hartan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.