Txile

Jatorrizko herrien «lur, lurralde eta baliabideetarako eskubidea» jasoko du Txileko konstituzio berriak

Maiatzaren 16an amaituko du Biltzar Konstituziogileak konstituzio berriaren zirriborroa idazten. Irailaren 4an bozkatuko dute herritarrek erreferendum batean.

Emakume maputxe bat Santiagon, Emakumeen Eguna ospatzen. ALBERTO VALDES, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko maiatzaren 6a
11:34
Entzun

«Historikotzat» jo dute Txilen konstituzio berri baten zirriborroa idazten ari diren hautetsiek eta herri indigenen ordezkariek asteazken gauean Biltzar Konstituziogilean onartu zuten puntuetako bat. Aldeko 106 botorekin (103 ziren beharrezkoak), konstituzio berriaren zirriborroaren artikuluetako batean sartu dute «jatorrizko herrien lur, lurralde eta baliabideetarako eskubidea». Txalo artean hartu zuten bozketaren emaitza jatorrizko herriek biltzarrean dituzten hamazazpi ordezkariek. «Gatazka historikoak eta jatorrizko herriei kendu digutena konpontzeko bidea jarri du gaur Biltzar Konstituziogileak», adierazi duen Rosa Catrileo maputxeen ordezkariak.

Artikuluaren arabera, jatorrizko herrien erreparaziorako mekanismo bat ezarriko da, eta aitortu egingo zaie euren izaterako ezinbestekoak dituzten euren lurraldeetako baliabideak erabiltzeko eskubidea. «Guk kolektiboak diren espazioak dauzkagu: aintzira bat, adibidez, santutegi bat da guretzat. Guk soilik uler dezakegu aintzira horrek arima bat duela. Leku horiek autonomoak izan behar dute eta komunitatearen eskura egon behar dute, ospakizunak egiteko, hor bizitzeko. Lurraldea behar dugu bizi ahal izateko, eta autonomia behar dugu lurraldeari zentzua emateko», zioen Elisa Loncon konstituziogile maputxeak iaz BERRIAn.

Gaur egungo konstituzioa 1980ean Pinochetek idatzi zuena da, eta, askoren ustez, herrialdean dauden desberdintasun handien iturburua da, neoliberala izateagatik. Ura, adibidez, ondasun pribatu bat dela jasotzen du konstituzio horrek; Txileko Unibertsitate Katolikoko Uraren Eskubiderako eta Kudeaketarako Zentroaren arabera, munduan kasu bakarra da hori. Orain, ordea, lehen aldiz hartu dute parte jatorrizko herrietako ordezkariek Txileko konstituzioa idazteko prozesuan. Zazpi hautetsi maputxe daude, bi aimara, eta beste zortzi herritako bana. «Ez da egia jatorrizko herrien eskakizun handiek Txileko gizartea zatitzen dutenik, eta hau da horren adibide», zioen atzo Lonconek pozik, artikulua zirriborrora eramatea onartu ostean.

«Albiste on bat», Boricentzat

Gabriel Boric Txileko presidentearen arabera, «albiste on bat da» artikulu hori Konstituzioaren zirriborroan sartu izana: «Estatuak lurrak itzultzeko mekanismo justuak sortzea, horien gaur egungo jabeei dagokiena ordainduz, albiste on bat da herrialdearentzat». Boricek gaineratu du horrek aurrera egitea ahalbidetzen diola «oso zatituta dagoen gizarteari». Azpimarratu du zenbait sektoretan biolentzia areagotu egin dela eta akordio transbertsalak izatea espero duela.

Oposizioan, ordea, ez dute hala ikusten. Bernardo Fontaine Goazen Txile taldeko konstituziogileak dio jatorrizko herrien aldeko joera erakustean duela artikulu horrek, baina zentzu negatiboan: «Zergatik izan behar dute jabetza berezi bat?». Haren ustetan, lurrak jatorrizko herriei itzultzeak gatazkak eta injustizia sortuko ditu. Ignacio Brionesek, Piñeraren Gobernuan Ogasun ministro izan zenak, dio baliabideen erabilera arautzea izango dela zailena. Txile oso aberatsa da baliabide naturaletan, mineralak batez ere, eta munduko litio erreserbarik handienetako bat dauka. Enpresa askok ustiatzen dituzte garai batean jatorrizko herrienak izan ziren lurretan, eta horrek gatazkak sortu ditu. Wallmapu maputxeen lurraldean, esate baterako, azken urteetan areagotu egin da estatuaren eta zurgintza enpresen eta maputxeen arteko gatazka.

Azken zirriborroa, astelehenerako

Iazko uztailaren 4an osatu zen Biltzar Konstituziogilea, eta maiatzaren 16an amaituko du konstituzio berriaren zirriborroa idazten. Artikuluak banan-banan ari dira onartzen. Lehenengo batzorde batean adosten eta idazten dituzte, eta horren ondoren osoko saioan onartzen dira. Horretarako biltzarraren bi herenak onartu behar du; hori lortzen ez badu, batzordera itzultzen da. Hautetsiak aukeratzeko bozetan eskuinak ez zuen lortu heren batera iristea, eta horrek ahalbidetu egin du konstituziogile ezkertiar eta independenteek testu aurrerakoi bat ateratzea aurrera. Eskuinak beto bat jarri dietela irudikatu nahi izan du. Aipatutakoaz gain, azken egunetan adostu dute Konstituzioan jasoko dutela Bioetika Kontseilu bat eratzea, kaleko eta hurbileko elikagai azokak sustatzea, ingurumen auzitegiak eratzea, indarkeria matxistarik gabeko bizitza baterako eskubidea eta animaliak babestea, besteak beste.

Behin zirriborroa idatzi ostean harmonizazio batzorde batek ordenatu egingo ditu puntuz puntu onartutako artikulu guztiak, koherentzia izan dezaten. Batzorde hori 40 konstituziogilek osatuko dute, eta ekainaren 6rako amaitu beharko du lan hori. Tarte horretan, beste batzorde batek hitzaurrea idatziko du, konstituzioa bere osotasunean aintzat hartuz. Hirugarren batzorde batek konstituzio berria ezartzeko beharrezkoak izango diren trantsiziorako arauak jaso beharko ditu, eta aztertu beharko du gaur egun indarrean daudenetatik zer legek betetzen duten konstituzio berria eta zeintzuk ez.

Hiru batzorde horiek lana amaitzen dutenean, euren proposamenak Biltzar Konstituziogilaren osoko bilkura, bozkatuko dira. Hor onartzen dutenean konstituzio berria Txileko presidentearen esku utziko dute konstituziogileek, uztailaren 5ean, eta biltzarra desegin egingo da. Herritarrek irailaren 4an bozkatuko dute konstituzio berria, irteerako erreferenduma deiturikoan (konstituzio berri bat egin behar ote zen galdetzeko egin zen sarrerako erreferendumetik bereizteko).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.