Hezkuntza

Bildarratzek esan du Googlerekin sinatutako akordioak ez duela urratzen hezkuntza akordioa

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk «kezkagarri» iritzi diote Jaurlaritzak Googlerekin lortutako hitzarmenari, eta akordioaren oinarrien aurka doala salatu dute. «Pegasus eramango duzue eskoletara», salatu du EH Bilduk.

Umeak Zarauzko (Gipuzkoa) eskola batean. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 6a
13:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak akordioa lortu du Googlerekin ikastetxeetan Google Workspace for Education zerbitzuak erabiltzeko, eta gaia hizpide izan dute gaur Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk egindako galderei erantzunez, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak esan du Jaurlaritzak Googlerekin sinatutako akordioak ez duela urratzen hezkuntza akordioa. Oinarrien akordioa «bermatuta» dagoela esan du, baina ohartarazi teknologia digitaletan egindako aurrerapenek errealitate ezberdin bat ekarri dutela, eta erantzuna eman behar zaiela «erronka teknologikoei, etikoei eta sozialei». Hor kokatu du akordioa. Jaurlaritzak «digitalizazio etiko eta arduratsuaren» aldeko apustua egiten duela azaldu du, eta hezkuntza sistemak teknologia digitalek eskaintzen dituzten aukerak baliatu behar dituela.

Bildarratzen esanetan, Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana berrikuntza pedagogikoan «palanka» egiteko asmoz sortu da, eta trebetasun digitalen garapena indartuko du. «Hezkuntza sistema aro digitalera moldatzea da planaren ardatza, etapa guztietan». Zehaztu du zentroek «autonomia» dutela hezkuntza proiektuetarako egokien deritzoten plataforma digitala aukeratzeko, eta autonomia hori errespetatuko dela, betiere «erabiltzeko errazak diren tresnak eta pribatutasuna eta arau etikoak errespetatuko dituzten plataforma seguruak baldin badira». Alde horretatik, argitu du Hezkuntza Sailak ez duela inor behartuko plataforma digital espezifiko bat aukeratzera, eta Googlerekin sinatutako akordioa ikastetxeen esku utziko den «tresna bat gehiago» izango dela. Are, azaldu du Datuak Babesteko Euskal Agentziaren oniritzia duela akordioak, eta hitzarmenean berariaz dagoela jasota ez dela publizitaterik sartuko produktuetan. «Digitalizazio etiko eta arduratsuaren ikuspuntutik plataformak elkarren osagarri izatearen aldeko apustua egin behar dugu, software librea eta pribatua erabiliz». Gaineratu du ez direla tresna digital batzuk «estigmatizatu» behar, eta, eskola gizartearen isla den heinean, ikasleak prestatu behar direla «eguneroko bizitzan aurkituko dutenari aurre egiteko».

«Bidean jarritako harri bat da»
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk kritikatu egin dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Googlerekin sinatutako akordioa. Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Isabel Gonzalezek salatu du akordioa «bidean jarritako harri bat» dela eta ez duela hezkuntza akordioan jasotakoa betetzen. Uste du hitzarmena kontraesanean dagoela hezkuntza akordioarekin, zehazki hitzarmenaren 16. puntuarekin; puntu horrek dio ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna errespetatuko direla «baliabide teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz». Baina Googlerekin sinatutako akordioak hezkuntza hitzarmena «modu agerian» urratu dela salatu du, eskubide digitalen aurka doala iritzita. Estandar libreetan oinarritutako plataforma bat eraikitzen inbertitu beharrean, multinazional batekin akordioa egitea lehenestea gaitzetsi du, halaber. «Adarjotze hutsa da».

EH Bilduko Lore Martinezen iritziz ere, Jaurlaritzak Googlerekin sinatutako hitzarmena ez da bateragarria hezkuntza itunarekin. «Auditagarritasuna eta berrerabilgarritasuna ez dira betetzen». Salatu du ezagutza eta hobekuntza enpresa multinazionalari transferituko zaizkiola «negozioa egiten jarrai dezan», eta hezkuntza komunitatearen kalterako izango dela. «Kezkagarri» eta «mingarri» iritzi dio hitzarmenari, eta irmo mintzatu da haren aurka: «Pegasus eramango duzue eskoletara, Pegasusen bertsio berria. Euskal hezkuntzako irakasle, ikasle eta familien datuen pribatutasun osoa Googleren eskuan geldituko da, gobernuaren onespenarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.