Abortua

Askabide klinikara egin nahi zuten prozesioa egin ezinik geratu dira

Ertzainek esan diete legez kanpokoa dela; jende asko batu da Easo plazan mobilizazioaren aurka egitera

jarraia213090.jpg
arantxa iraola
2022ko maiatzaren 7a
20:28
Entzun

Askabide klinikaren atarian protesta ugari egin dituzte azkenaldian abortatzeko eskubidearen kontra, Donostian. Ezinegona sortu dute bertara doazen andre askorengan, eta protesta horien kontrako aldarriak ere ozendu dira. Legez, gainera, ja halako protestak debekatuta daude. Gaur arratsaldean ere prozesio bat egitekoak ziren, Artzain Onaren katedral inguruetatik abiatuta, baina ezin izan dute; ateratzera zihoazenean ertzainek jakinarazi diete ezin dutela irten. Jende asko elkartu da klinikaren inguruetan martxaren kontra egiteko. 18:30erako deia eginda zegoen, Easo plazan, klinikaren ondoan.

Hain zuzen ere, plaza horren inguruetan batu da jendea, prozesioa noiz iritsiko. Jende askok erantzun dio prozesioaren aurkako deialdiari. Aldarri eta mezu feministak ozendu dituzte inguruetan, eta eskuin muturrak defendatzen dituen ideien kontrakoak.

«Faxistak gure auzoko kaleetan izango ditugu», esana zuten deia egiteko. «Ezin dugu inola ere onartu». Oroitarazi zuten, gainera, legez kanpokoa dela gaur egin nahi zuten prozesioa. Deia zen prozesioari aurre egiteko feminismoaren aldeko mezuekin «apaindutako» inguru batean, eta «eraztun» bat osatzeko, era horretan abortatzeko eskubidearen aurkako protestari aurre egiteko. Bukaeran, poza azaldu dute: «Ez dira pasatu».

Apirilaren 14an sartu zen indarrean haurdunaldia eteten zuten kliniken aurrean abortuaren aurkako protestak egitea debekatzen duen legea, baina, hala ere, talde ultraeskuindarrek mobilizazioak iragartzen jarraitu dute. Otoitz egitea ez da delitu leloarekin egin nahi zuten gaur protesta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.