Berdintasuna

Emakunderen berdintasun saria jaso du BERRIAk

BERRIAko kazetari Maite Asensio Lozanok jaso du garaikurra egunkariaren izenean. «Genero ikuspegia aintzat hartzea kazetaritza hobea egitea da», aldarrikatu du. 'Pikara Magazine' eta Lucia Martinez Odriozola kazetaritza irakasle izandakoak ere saritu dituzte.

2022ko maiatzaren 9a
11:11
Entzun

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak joan den abenduan iragarri zuen BERRIAri emango ziola 2021eko berdintasun saria. Aitortza horren bitartez, BERRIAk «emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometituta» egiten duen kazetaritza goraipatu nahi du erakundeak. Iragarpena ailegatzearekin batera lehertu zen poza, baina gaur jaso du garaikurra egunkariak. 17:00etatik, sari banaketa egin dute Bilboko Euskalduna antzokian.

Ikusi gehiago:Sari banaketaren bideo osoa, hemen klik eginez

Halaber, BERRIAri ez ezik, Pikara Magazine aldizkaria eta Lucia Martinez Odriozola kazetaritza irakasle izandakoa ere saritu ditu Emakundek —joan den abuztuan hil zen Martinez—. Eguneroko kazetaritza jardunean ikuspegi feminista eta genero ikuspegia sustatzen dutelako jasoko dute saria hiru hautatuek.

BERRIAko kazetari Maite Asensio Lozano kazetariak ordezkatu du egunkaria Euskaldunan. Esker oneko mezuak izan ditu lehenik, eta nabarmendu du euskarazko kazetaritzari prestigioa emateko ere balio duela sariaren bidez eginiko aitortzak.

Asensio Lozanok azaldu duenez, BERRIAk aspaldi egin zuen bere edukietan eta funtzionamenduan genero ikuspegia txertatzeko apustua. Erantsi du, gainera, «bide beretik» jo dutela euskaraz diharduten beste hedabide askok. «Elkarlanaren bidez, aurrerapauso asko egin ditugu».

Feminismoa euskaraz jorratzea, eta euskaraz izatea feminista. BERRIAko kazetariak hizkuntzaren eta genero ikuspegiaren uztartze horretan egin du azpimarra hizketaldian, besteak beste. «Lortu dugu feminismoa euskaraz jorratzea, hainbat eztabaida eta hausnarketa mahai gainean jartzea, eta gure inguruko iruditeria sozial eta politiko batzuk eraldatzea; eta hori da komunikabideon helburu nagusia», azaldu du.

Babesa eta elkar zaintzea

BERRIAren izenean, mugimendu feministari esker mezua helarazi die Asensio Lozanok. «Zuek zarete gure inspirazio eta gogoeta iturri, gure iparrorratz eta bidelagun, gure babesleku eta kritikari. Segi dezagun elkar elikatzen».

Hala eta guztiz ere, sariketa jaso izanaren pozak ezin du guztia estali. Ilunak ere azaleratu beharra dagoela sinetsirik, Nora Arbelbideri eskaini dio BERRIAk gaurko aitortza. «Frantziako gizonezko kazetari batek egindako sexu erasoa salatu zuen Norak, eta kontrasalaketa jaso du bueltan, beste hainbat emakumerekin batera. Nora, guk sinesten dizugu».

Ikusi gehiago: Poivre d'Arvorek salaketa jarri du 16 emakumeren kontra

Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak nabarmendu zuen formakuntzatik bertatik genero ikuspegia txertatu eta praktikara eraman duen kazetaritza saritu nahi izan dutela aurten. «Berdintasunean oinarritutako balioak praktikara daramatzan kazetaritza bidezkoa ez ezik, erantzun beharreko gizarte eskaera bat ere bada», azaldu zuen saridunen berri eman zutenean. Hala nabarmendu du gaur ere: «Komunikabideak erabakigarriak dira gure mundu ikuskeran duten eraginagatik».

BERRIAk berdintasunarekin eta feminismoarekin duen konpromisoa nabarmendu zuen epaimahaiak, bai eta «kalitatezko informazioaren» bidez genero ikuspegia eguneroko praktikan txertatzen egiten duen lana ere. Euskal hedabideak indarkeria matxisten tratamenduari egiten dion ekarpena ere azpimarratu zuen, besteak beste, gogora ekarrita BERRIAk estilo liburua atondu eta berdintasun plan ugari diseinatu dituela.

Beste sarituak

Pikara Magazine aldizkariaren izenean, Andrea Momoitio kazetariak hartu du garaikurra Euskalduna antzokian. Sariak eragindako ilusioa disimulatu ezinik azaldu da oholtzara. Azaldu duenez, halakorik jasoko zutela imajinatzea «pentsaezina» zen orain hamabi urte, aldizkaria martxan jarri zutelarik. Datorrenari so, nabarmendu du lanean segituko dutela «mugimendu feministaren bozgorailu izatea xede izanik».

Bestalde, Lucia Martinez Odriozola zenaren izenean, haren seme Ramon Hernandez Martinez izan da sari banaketan. «Oso pozik gaude. Amak urte asko eman zituen lanean, bokazioz beterik. Ama, izan zinelako gara gu, eta zure ondarea ezabaezina da», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.