Poivre d'Arvorek salaketa jarri du 16 emakumeren kontra

Frantziako kazetariak difamazioa leporatzen die sexu jazarpenagatik hura salatu zuten emazteei; tartean da Nora Arbelbide

Patrick Poivre d'Arvor, artxiboko irudi batean. BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun

Laidozko salaketa egin dutela: hori uste du Patrick Poivre D'Arvor PPDA Frantziako kazetari ezagunak, eta horrexegatik salaketa ezarri du hamasei emazteren kontra. Hain zuzen, sexu jazarpenagatik, sexu indarkeriagatik eta bortxaketagatik salatu zuten emazte horiek. Guztira, 26 emakumek salaketa ezarri dute haren kontra —herenegun azkenak—, baina gehiagok erran dute eraso egin ziela: denetara, 60 batek, eta horietarik 40 publikoki mintzatu dira. Kasu gehienak, ordea, preskribatu dute, legez. BERRIAko kazetari Nora Arbelbide eraso egin ziela salatu duten horietako bat da: salaketa jarri zuen iaz, baina ez zuen segidarik izan, gertakarien antzinatasunarengatik.

Arbelbidek oraindik ez du jakinarazpen ofizialik eskuratu, baina Frantziako hedabideetan irakurri du haren kontrakoa ere izanen dela Poivre d'Arvorek laidozko salaketagatik ezarri duen salaketa.

Ikusi gehiago:Nora Arbelbide (2017-10-29): Mikrofonoak itzaltzean

Euskaldunon Egunkaria itxi berri zutela, 2003an, kazetari foro batean izan zen Arbelbide, Martinikan. Bertan gertatu zen erasoa. Sexu jazarpenagatik salaketa ezarri zuen iaz, gizonaren kontrako beste hainbat salaketa izan zirela ikusirik. Aitzinetik, 2017an, sare sozialetan #MeToo kanpainarekin bat egin zuen, pairatutako erasoa kontatuz. Handik egun batzuetara, «bakarrik sentitu», eta ezabatzea deliberatu zuen. Baina andre batek salaketa ezarri zuen gerora, eta, «elkartasunez», Arbelbidek ere ezarri zuen.

Segidarik ez zuen ukan orduan, eta, orain, prentsaren bidez jakin du haren kontrako salaketa jarri duela gizonak. «Misoginiaz betetako salaketa da: fama beharretan garela, gu ginela hartaz maiteminduak... Afrusa da», Arbelbideren hitzetan. Oro har, bortxaketaren kulturaren adierazle da gizonaren jarrera, haren ustez: «Bete-betean harrapatzen ditu bortxaketaren kulturaren gako guztiak: guri botatzen digu errua, eta hura da seduktore boteretsua».

«Isilarazteko»

Frantziako Libération hedabideak luze landu ditu Poivre d'Arvoren erasoak pairatu dituztela erran duten emakumeen lekukotasunak. Hedabide berean, Helene Devynck kazetariak atzo jakinarazi zuen haren kontra ere ezarri zuela salaketa Poivre d'Arvorek, betiere, laidozko salaketagatik. «Preskribatu ez duten sexu erasoak jasan dituzten emazteak isilarazteko» saiakera baten gisan ikusten du afera. Harekin bat egin du Arbelbidek. «Gu ez gara beldur. Kolektiboki ari gara, indartsu. Preskripziorik ez duten emazteak isilaraztea, beldurraraztea: hara zer nahi duen gizonak», deitoratu du.

Dena den, «konfrontaziora joateko» aukera baten gisan ikusten dute biek etor litekeen auzia. «Prest» agertu dira: izan ere, preskripzioarengatik egin ezin izan dutena egiteko aukera eman liezaieke auziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.