Zahar etxeak

Greba antolatu dute berriro Gipuzkoako zahar etxeetan, hilaren 19rako

ELA eta LAB sindikatuek, biek deitu dute grebara; negoziazio mahaiaren bilera izan zen atzo, baina ez zuten aurrerabiderik ikusi

arantxa iraola
2022ko maiatzaren 10a
12:49
Entzun

ELA eta LAB sindikatuek bakoitzak bere aldetik egin dute grebarako deia. Justu hilaren 19a hautatu dute greba egiteko, eta badu esanahi berezia egun horrek; izan ere, hilaren 20an elkartuko da berriro negoziazio mahaia. ELA sindikatuaren aburuz, «esku hutsik» joan zen patronala atzo egin zuten bilkurara, eta horregatik egin dute orain grebarako deia. «Izan ere, patronalaren borondate falta begien bistan geratu da, lotsagarria da», salatu dute ELAko ordezkariek, gaur goizean egin duten agerraldi batean. Areago, esan dute hurrengo negoziazio mahaian patronalak jarrera berean jarraitzen badu mahaia uzteko asmoa dutela. LAB sindikatuak ohar baten bidez egin du grebarako deia; eskatu die patronalei negoziazio mahaia ez «blokeatzeko» eta aurrera egiteko oinarriak ipintzeko: «Edukiez hitz egiten hasteko momentua den honetan, borondateetatik harago, proposamen zehatzak mahai gainean jarri beharko dira».

Sindikatu biek gogora ekarri dute bost urte direla gatazka hau hasi zela. Greba eta mobilizazioetan lau urte daramatzate, eta ELA sindikatuak deituta 258 greba egun egin dira denera. Horietako hainbatetan bat egin dute LAB sindikatuko ordezkariek. Erakunde biek hizpide izan dute gatazka honetan Gipuzkoako Diputazioak duen «erantzukizuna» ere. «Aldundiari dagokio patronalei proposamenak aurkeztu ditzatela eskatzea, zabaldu den abagunea aprobetxatzeko», nabarmendu dute gaur ELAko ordezkariek. Izan ere, atzoko bilera mugarri bat izan zen gatazka honetan; izurria tarteko, «blokeatuta» egin ditu negoziazio mahaiak bi urte.

LABen ere argi dute auzia ezin dela bideratu diputazioaren esku hartzerik gabe, argi baitute gatazka hau ez dela «lan gatazka soil», bestelako neurri bat duela. Gatazkaren zuztarrean «zerbitzu publikoen pribatizazioa, lan prekaritatea eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomikorik eza» daudela argi dute, eta gizarte osoa ardaztu behar duten eskubide oinarrizko batzuk berretsi behar direla zahar etxeen funtzionamenduan, esaterako, «zaintza zerbitzuak jasotzekoa» edota «zaintza lanak baldintzarik duinenetan egitekoa».

Arta hobea emateko

LAB sindikatuak nabarmendu du greba honen xedea dela lan itun egoki bat hitzartzea, eta ratioak ere «hobetzea». Langileen aspaldiko kezka da ez dutela modurik egoitzetan bizi diren adinekoei behar adina denbora eta arta eskaintzeko. ELA sindikatuko ordezkariek nabarmendu dute izurriarekin, gainera, okertu egin dela egoera, eta lantaldeen urria oraindik ere arazo nabarmenagoa dela orain. «Oso urte gogorrak izan dira, eta oraindik ere egoera larria da», salatu du gaur goizean ELA sindikatuko ordezkari Janire Diazek. «Ez dira ordezkatzen langileak, eta egoitza askotan murrizketak ezartzen ere ari dira, argudiatzen ari baitira pandemiarekin diru asko gastatu dutela; hori gertatzen ari da».

Pandemiaren ostean egoiliarren «erreparazio emozional» bat ezinbestekoa den arren, egoera honetan behar horiei ezin zaiela erantzun adierazi du Diazek. «Egoiliarrak abandonatuta daude oraindik ere, eta ez dugu ikusten aldundia pandemiaren ostean horri erantzuteko ezer egiten ari denik», salatu du. Besteak beste, aski langile gutxirekin ari diren egoitzen berri eman du: «Aurkitu ditut egoitzak 19-20 egoiliarrentzat bi zaintzaile dituztenak, eta gero eta gehiago daude horrelakoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.