Euskara

Euskalgintzako hamabi eragilek bat egin dute Euskara Aurrera-k deitutako manifestazioarekin

«Herri bultzada berri bat» abian jartzera deitu dituzte euskaltzale guztiak, uste baitute egungo hizkuntza politikak ez direla «aski» euskarak dituen «erronkei» eta «zailtasunei» erantzuteko.

Euskalgintzako eragileen agerraldia, Donostiako Antigua auzoko tunelaren aurrean. Handik hasiko da Euskara Aurreraren manifestazioa, hilaren 21ean. JON URBE / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko maiatzaren 10a
13:33
Entzun

Euskarak XXI. mendean dituen «zailtasunei» eta «erronkei» aurre egin diezaien tamainako erantzun bat behar dela aldarrikatu dute euskalgintzako hainbat eragilek gaur Donostian: «Herri bultzada berri bat». Joanmari Larrarte Elkarreko zuzendariak eta Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak irakurritako adierazpenean jaso dituzte hitzok, Antiguako tunelaren aurrean egindako agerraldi bateratuan. Haren bidez, hamabi eragilek atxikimendua adierazi diote Euskara Aurrera egitasmoak hilaren 21erako antolatu duen manifestazioari: Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Jakin, Elhuyar, Pantailak Euskaraz, Bai Euskarari, Maizpide euskaltegia, Ikastolen Elkartea, Uema, AEK eta Elkarrek.

Euskararen egoerari «parez pare» begiratu behar zaiola nabarmendu du Larrartek, eta aspaldian euskararen kontra izan diren erabakiak eta beste zenbait herren aipatu ditu: «Euskararen aurkako epai juridikoak areagotu egin dira azken garaiotan, egungo hizkuntza politikak aski-ezak dira euskarak esku artean dituen erronkei erantzuteko, ezagutzaren unibertsalizazioa egia bilakatzeko urrats erabakigarriak faltan dira, eremu digitalean euskarak presentzia duina izan dezan neurri berriak behar dira...»

Horregatik, Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak adierazi du gaur-gaurkoz ez dagoela esaterik «euskararen etorkizuna bermatuta dagoenik». Gogorarazi du egungo egoeraraino «bizirik» heldu bada «milaka euskaltzaleren konpromisoari esker» heldu dela, eta, horrenbestez, aurrerantzean ere, irautekotan, hala iraungo duela.

Aktibatzeko deia

«Kimu berririk» eta «argi izpirik» ikusi dute aspaldian, Larrartek esan duenez: «Euskalgintzak bere eguneroko jardunean herri hau euskaratik eta euskaraz eraikitzen jarraitzen du; inoizko Korrika jendetsuena eta indartsuena izan da igaro berri dena; Gazte Euskaltzaleen Sarea sortu da, gazte belaunaldi berri bat euskararen aldeko borrokara batzeko asmoz». Horregatik, aipatutako «herri bultzada» abiarazteko nahikoa «herri gogo» eta «energia» badagoela azpimarratu du Iribarrenek, baina, horretarako, «euskaltzale guztiek» egin behar dutela «aurrera urratsa».

Haren arabera, modu horretan soilik lortuko dira honako helburu hauek: «euskaldun gisa bizitzeko eskubidea eta nahia betetzea»; «euskara normalizatzea»; «hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari ekarpena egitea»; «guztien hizkuntza eskubideak errespetatzea, justizia eta demokrazia auzia delako hau»; «euskara herri kohesiorako zuntza izatea»; eta, finean, «Euskal Herri euskalduna» lortzea.

Xede horien alde aktiba daitezen eskatu die Larrartek «euskaltzale guztiei», eta maiatzaren 21eko manifestazioarekin bat egin dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.