Oinarrizko errenta

Jaurlaritzak onartu du DSBE berriaren lege proiektua

Laguntzaren kudeaketa arindu, baldintzak malgutu eta diru laguntzaren kopuruak handituko dira. Legebiltzarrean da testua dagoeneko, eta 2023an martxan jartzea nahi du Jaurlaritzak.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburua, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO/FOKU
aitor biain
2022ko maiatzaren 10a
13:58
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren diru sarrerak bermatzeko errentak (DSBE) «eskuragarriagoa» eta «eraginkorragoa» izan nahi du etorkizuneko «mehatxuei» aurre egiteko, eta, horretarako, babes sistemaren kudeaketa arindu, baldintzak malgutu eta laguntzaren kopuruak handituko ditu. Hala jasotzen du Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak gaur aurkeztu duen lege proposamenak. Helburua da kolektibo zaurgarrienei laguntzea: pentsiodunei, guraso bakarreko familiei eta adingabeak ardurapean dituztenei.

Eusko Legebiltzarrak baldintzarik gabeko oinarrizko errentari ezetz esan eta astebete eskasera iritsi da DSBE berriaren erreforma. Jaurlaritzak esana zuen egungo babes sistema «arrakastatsua» zela, eta nahiago zuela eredu hori «sakondu». Bada, horretara dator lege berria, Mendiak esan duenez: «Euskal babes sistema gure inbertsiorik onena izan da azken 30 urteetan, eta aurrerantzean ere hala izatea nahi dugu, eredu arinago, modernoago eta argiago batekin».

Lege berriak bizitzeko gutxieneko diru sarreraren kudeaketa ere jasotzen du, bi errentak bateragarriak baitira. Beste berritasun batzuk ere jasotzen ditu. Honako hauek dira: erroldatze epea hiru urtetik bira gutxitzea adingabeak dituzten familientzat; laguntzaren zati bat galtzeko aukera, osorik galdu beharrean, haurrak babesteko neurri gisa; baldintzak ez betetzegatik ezarritako ondorioak gogortzea, adibidez lan eskaintza bati uko egiten denean; eta errenta hilabete bateko epean jasotzen hasteko aukera.

Baldintzak

Jaurlaritzak nahi du diru laguntza behar handiena duten ahalik eta herritar gehienengana heltzea, eta, horretarako, malgutu egin ditu laguntza jaso dezaketenen baldintzak. Baldintza nagusiari eutsi egingo zaio aurrerantzean ere, hau da, hiru urtez erroldatuta egon beharrari, baina bi urtera jaitsiko da adingabeak dituzten familiei dagokienez. Aldiz, nahikoa izango dute erroldatuta egotea «terrorismoaren biktima» izendatutakoek, errefuxiatuek, indarkeria matxistaren edota sexu esplotazioaren biktima direnek. Erraztasunak emango zaizkie laguntza jaso ahal izateko %33rainoko desgaitasun fisikoa dutenei ere.

Etxebizitza berean bizi diren bizikidetza unitate batek baino gehiagok jaso ahalko du laguntza, hau da, elkarrekin bizi baina familia harremanik ez dutenak ere onuradun izan daitezke aurrerantzean. Hala ere, «koefiziente murriztaile» bat aplikatuko da kasu horietan, «gastu batzuk partekatzen dituztelako». Bananduta dauden bikoteek ere adingabe bat izateagatik dagokien laguntzaren osagarria osorik jasoko dute; erdi bana dagokie orain. Hala, guraso bakarreko familiaren ideia «birdefinitu» da.

Kopuruak

Zenbatekoa da beste berritasunetako bat: handituko egingo baitira laguntzak. Kopurua urtero eguneratuko da aurrekontuen eta KPIaren arabera (nahiz eta KPIa soilik erreferentzia gisa hartuko duten), eta bizitzeko gutxieneko diru sarrera hartuko da oinarri gisara: 491,63 euro da aurten oinarria, eta familia bakoitzak osagarriak jasoko ditu gero bere ezaugarri eta baldintzen arabera. Hala ere, orain baino zertxobait gehiago jasoko dute denek.

Gaur egun, gehienez 727 euro jasotzen dituzte norbanakoek, eta 934 euro bikoteek; orain, aldiz, 737,45 euro eta 983,26 euro jasoko dituzte. Familiek, berriz, gehienez 1.033 euro jasotzen zituzten lehen, eta 1.425,72 euro jasoko dituzte orain. Ezabatu egingo da familia bakoitzeko gehienezko pertsona kopuruaren muga ere.

Pentsiodunei ere handituko zaizkie laguntzak: bakarrik dauden pentsiodunek 934,1 euro jasoko dituzte (835 euro lehen), eta bikotekideetako bat pentsioduna bada, 1.179 euro (1.043 euro lehen).

Kontrolak eta zigorrak

Laguntza mugarik gabe aitortuko zaie onuradunei, eta ez dute bi urtetik behin eskaera berritu beharrik izango, orain arte bezala. Hori bai, kontrolak zorroztu egingo dira: Lanbideko ikuskatzaile talde batek hiru hilabetean behin gainbegiratuko du baldintzak betetzen direla. Arau hauste larrien kasuan, laguntza berriz ez jasotzeko ezintasuna ere aurreikusten du legeak. Hala ere, adingabeak dituzten familiei dagokienez, laguntza ez da osorik kenduko. Eta kontziliazioa lan eskaintza bati uko egiteko arrazoi gisa ere onartuko da.

Legebiltzarreko bidea

Mendiak iragarri du proposamen berria Legebiltzarrera bidali duela dagoeneko, tramitazioari ekiteko, eta aldaketak azaltzeko hitzartzea ere eskatu duela. Sailburuak aitortu du, hala ere, prozesu «luzea» izan dela. Hori dela eta, tramitazioa «azkar» egitea eskatu du. «Ez gara atxikimenduak eskatzen ari, ezta eztabaidarik ezkutatzen ere. Baina hemen aurreko legealdian hainbat hilabetez egindako ekarpen asko daude». Horretarako uztaila gaitzeko ere galdegin du.

Eusko Jaurlaritza sustengatzen duten bi alderdiek gehiengo osoa dute, aurreko legealdian ez bezala, eta, beraz, ez du arazorik izango proposamena aurrera ateratzeko. Jaurlaritzak Gabonetarako onartuta nahi du lege berria, urte berriarekin martxan jartzeko. Mendiak adierazi du Lanbide prest dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.