Albistea entzun

ESPIOITZA

Sanchezek CNIko buruaren «aldaketa» justifikatu du, esanez segurtasunean «hutsegite larri bat» izan dela

Espainiako presidenteak eskertu egin du kargutik kendutako CNIko buruaren lana, eta Alderdi Popularrari «eskuineko zoritxarra» dela esan dio. PPk, berriz, Sanchezi egotzi dio «politikaren erabateko degradazioa» ordezkatzea, eta CNIko zuzendaritzaren kargugabetzea independentisten boterearekin lotu du.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, gaur, Kongresuko osoko bilkuran.
Pedro Sanchez Espainiako presidentea, gaur, Kongresuko osoko bilkuran. Juan Carlos Hidalgo / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2022ko maiatzak 11

Pegasus softwarearekin egindako espioitza kasuek harrabotsa eragin dute Espainiako eztabaida politikoan, eta gaur goizean Espainiako Kongresuan izan dute hizpide, PSOEk Paz Esteban CNIko zuzendaria kargutik kendu eta biharamunean. Pedro Sanchez Espainiako presidenteari ez zaio urduritasun zantzurik antzeman, eta hitzaldian argi esan du gobernuko komunikazioen segurtasunean izandako «hutsegite larri batek» eragin duela CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako zuzendaritzaren «aldaketa». Sanchezek kritika gogorrak egin dizkio Alderdi Popularrari, eta «eskuineko zoritxarra» dela leporatu dio, Cuca Gamarra PPko Kongresuko bozeramailearen gaitzespen oldeari aurre egiteko.

Hain zuzen ere, Gamarrak esan dio gobernuak hartu berri duen erabakiak argi uzten duela Espainian «independentistek» gobernatzen dutela, eta Sanchezi «politikaren erabateko degradazioa» ordezkatzea egotzi dio. Biek ala biek tonu gogor eta oldarkorra erabili dute.

Kritika oldeari erantzunez, Espainiako presidenteak aitortu du gobernuaren komunikazioen segurtasunean «hutsegite larri bat» izan zela, eta horren ondorioz, egoera horri aurre egiteko, CNIko zuzendaritzan aldaketak egin dituztela, goi kargudunetatik hasita. Sanchezek eskertu egin du kargutik kendutako CNIko buruaren eta kide guztien lana. Defentsa ministro margarita Roblesek atzoko agerraldian egin bezalaxe, Sanchezek ere ez du erabili kargugabetze hitza, «erreleboa» baizik. Eta, hala, adierazi du legea «bete» dutela, justiziari jakinarazi diotela eta «gardentasun osoz» jokatu dutela.

Jarraian, Sanchez PPri mintzatu zaio: Gobernuko presidenteak azpimarratu duenez, bere gobernuak ez du inoiz PPk —Mariano Rajoyren agintaldian— jokatu zuen modura jokatuko. Popularrei leporatu die «funts publikoak, estatuko segurtasun indarrak eta inteligentzia zerbitzuak erabiltzea delituzko ekintzak estaltzeko eta aurkari politikoak jazartzeko». Era berean, adierazi du PPren gobernuak «egitura parapolizial bat» sortu zuela arerio politikoei «modu irregularrean jazartzeko». Horrez gain, Espainiako gobernuburuak nabarmendu du orain konstituzioa «betetzen» dela Espainia osoan, herrialdeak Europan dituen interesak baliarazten dituela eta gobernuan ez daudela «handi-mandiak; PPren agintaldian bai, ordea».

Gamarrak, berriz, CNIko zuzendaritzaren kargugabetzea independentisten boterearekin lotu du, eta gobernuari mezu hau bota dio: «Bere betebeharra betetzen duena kargutik kenduko dute, baina gezurra esaten duena eta gobernuaren mesedetan manipulatzen duena saritu egingo dute». PPko Kongresuko bozeramaileak gogorarazi du CNIk gobernuko presidenteari ematen diola informazioa, eta adierazi du Sanchezek bazekiela Espainiako zerbitzu sekretua zertan ari zen. «Baina ezagutu duguna zera da, gobernabidea negoziatzen zenuela estatuak ikertu behar zituen alderdi politikoekin, eta hori ez da beste edozein herrialdetan gertatzen, politikaren erabateko degradazioa baita, eta hori da zuk ordezkatzen duzuna».

Horrekin lotuta, hau ere esan dio presidenteari: «Independentistek ez zaituzte zure balioagatik aukeratzen, ahuleziagatik maite zaituzte; independentistek gobernatzen dute». Bestalde, Gamarrak Sanchezi ohartarazi dio Moncloatik ateratzen denean, «aurki», «krisi ekonomikoa ez ezik, krisi instituzional gogor eta zail bat» ere utziko duela, «iraultzeko are zailagoa izango dena». Halere, ziurtatu du PPk badakiela zerekin topo egingo duen, eta egoera «iraultzeko» eta gobernatzeko «prest» dagoela azpimarratu du.

Erreakzioak Katalunian

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidenteak asteazken honetan adierazi duenez, Esteban CNIko zuzendaria kargutik kentzea «ez da nahikoa», eta ikerketa «sakona» egitea eskatu du. Catalunya Radiori egindako elkarrizketa batean, Borrasek «ke laino bat» egin nahi izatea leporatu dio Espainiako Gobernuari, CNIk buruzagi independentistei egindako espioitza argitara eman ondotik. Jordi Turull kontseilari ohiaren kasua ere aipatu du, TV3 telebista kateari egindako adierazpenetan: «Fusiblea aldatzea baino ez da, eta gobernuak pagaburu bat aurkitu nahi du».

Jordi Turull kontseilari ohiak, berriz, oroitu du Sanchezen eta Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentearen arteko bilera batek ez lukeela ezer konponduko eta «argazkia» baino ez litzatekeela izango.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Melillako hesiak marraztak izan ohi ditu goialdean, Marokok kontrolatzen duen aldean. ©MARIA TRASPADERNE / EFE

Itsasoak ere baditu mugak

Jone Arruabarrena

Burdinazko hesi batek inguratzen du Melilla; mendietatik hasi eta itsasoraino hedatzen da. Herritar batzuek ihesi datozen migranteei laguntzen diete.
AEBetako jatorrizko herrien protesta bat, artxiboko irudi batean. ©E. GARCIA / EFE

Ezin eska indigenei besteek ezin dutena

Urtzi Urrutikoetxea

Erreserbak lurralde subiranoak izanik, abortatzeko debekutik kanpo daudela iradoki dute, baina asko uzkur daude. Begiradak oraintxe bideratu dira jatorrizko herrietara, baina gogoratu ere ez dira egin haietaz hamarkadotan utzikeria sufritu dutenean.
Serko Kaniwar da Zarok TV telebista kateko aurkezleetako bat. ©BERRIA

Haurrentzako telebista kate batek bizirik eusten dio kurduerari

Lara Villalon

Zarok TV kateak emititzen jarraitzen du, Ankarak aginduta itxi zuten arren. Kurdueraren dialekto guztietan ematen ditu saioak, eta helduek ere ikusten dute, hizkuntza ikasteko.
Polizia operazioaren kontrako manifestazio bat. ©BERRIA

Erdoganek prentsa librea isilarazi du

Orsola Casagrande

Iragan ekainaren 8an polizia operazio bat egin zuten zenbait kazetariren eta hedabideren kontra, Diyarbakirko fiskalak aginduta: hogei kazetari hartu zituzten atxilo. Turkiako Gobernuak prentsa askea mugatu nahi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...