Palestina

Abu Akleh kazetariaren hilketa «sakonki» ikertzeko galdegin du NBEk

Ekialde Hurbileko Bake Prozesurako NBEko koordinatzaileak «berehalako» ikerketa bat eskatu du. Palestinako lurralde okupatuetarako koordinatzaileak kazetariek egunerokoan dituzten arriskuak salatu ditu.

Hainbat palestinar, Shirin Abu Akleh kazetariaren hilketa gaitzesteko mobilizazioetan. YEMELI ORTEGA
Nagore Arin.
2022ko maiatzaren 12a
12:24
Entzun

Tor Wencesland Ekialde Hurbileko Bake Prozesurako NBEko koordinatzaile bereziak eta Lynne Hastings Palestinako lurralde okupatuetarako koordinatzaile humanitarioak gogor gaitzetsi dute Xireen Abu Akleh kazetariaren hilketa. Atzo hil zuten Israelgo soldaduek, Jeninen (Zisjordania), buruan tiro eginda, Israelgo armadaren erasoaldi baten berri ematen ari zela. Muga guztiak gainditu ditu albisteak, eta mundu zabaleko herritar, kazetari zein agintari askoren samina sorrarazi du. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere sutsuki gaitzetsi du hilketa, eta gertatu dena «sakonki» ikertzeko galdegin du.

Sakonki, eta «berehala». Hitz horiek erabili ditu Tor Wencesland NBEko koordinatzaile bereziak, eta defendatu du egileen erantzukizuna argitu behar dela eta kazetarien zein komunikabideetako langileen osotasuna errespetatu behar dela. «Berehalako ikerketa sakon bat eskatzen dut, erantzuleek kontuak eman diezazkioten justiziari. Komunikabideetako langileei ez zaie inoiz erasorik egin behar», idatzi du bere Twitterreko kontuan.

Eskakizun horretara batu, eta kazetariek euren eguneroko jardunean dituzten arriskuetan eta jasotzen dituzten mehatxuetan jarri du azpimarra Lynne Hastings Palestinako lurralde okupatuetarako koordinatzaile humanitarioak. «Nazio Batuek nazioarteko prentsa askatasuna aldarrikatzen duten bitartean, Xireen Abu Akleh hil dute gaur goizean, Israelgo militarren eta palestinarren arteko gatazken berri ematen ari zenean. Hor garbi ikusten da kazetariek egunero zer-nolako arriskuei aurre egin behar dieten», tamaldu du.

Audrey Azoulay Unescoko zuzendari nagusiak eta Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoak ere bat egin dute hilketaren gaitzespen zabalarekin. «Xireen Abu Akleh kazetariaren hilketa gaitzesten dut. Prentsaren intsignia gatazka eremu batean daraman kazetari baten hilketa nazioarteko zuzenbidearen bortxaketa da, argi eta garbi», adierazi du gertakariaren harira argitaratutako komunikatu batean. «Dagokien agintariei dei egiten diet hilketa hau ikertu eta erantzuleak auzipetu ditzaten», gaineratu du.

Bertsio kontrajarriak

Ekialde Hurbileko kazetaririk ezagunenetako bat zen Xireen Abu Akleh, besteak beste, Qatarreko gobernuak 1996. urtean sortutako Al Jazeera telebista katean eginiko lanarengatik. Hedabide horren arabera, Israelgo soldaduek tirokatu zuten Abu Akleh, eta beste kazetari bat ere zauritu zuten erasoaldi horretan: Ali Al Samudi du izena, Abu Aklehren produktore zen, eta bizkarrean zauritu zuten. Israelgo armada, baina, ez da Abu Aklehren hilketaren erantzule egin. Soldaduek esan dute haiek jaso zituzten tiro batzuei erantzunez egin zutela haiek ere tiro, eta adierazi dute tiroketa palestinarrek hasi izana ikertzen ari direla.

Ali Al Samudi produktorearen testigantzaren arabera, zazpi kazetari joan ziren Israelen erasoaren berri ematera, eta guztiek babesteko eta kazetari gisa identifikatzeko arropa zuten jantzita. Samudiren hitzetan, han zirela hiru tiro entzun zituzten: lehenengoak huts egin zuen, bigarren tiroak bera zauritu zuen, eta azkenekoak Abu Akleh hil zuen. Nabarmendu du inguruan ez zegoela militante palestinarrik eta zibilik, kazetariak eta Israelgo armada bakarrik, eta gaineratu du Israelgo soldaduek iradoki dutena «gezur hutsa» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.