COVID-19

Ipar Koreak aurrenekoz eman du COVID-19aren agerraldi baten berri

«Larrialdi egoera gorena» eta itxialdia ezarri dituzte herrialde osoan. Ez dute zehaztu zenbat pertsonak eman duten positibo. OMEren erregistroaren arabera, Ipar Korean inork ez du txertoa hartu.

Behargin batzuk geltoki bateko aulkiak desinfektatzen, 2020ko otsailean, Piongiangen. EFE
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 12a
13:31
Entzun

Ipar Koreako hedabideek jakinarazi dute herrialdean aurrenekoz detektatu dutela COVID-19aren agerraldi bat. KCNA hedabideak nabarmendu du «larrialdi egoera gorena» ezarri dutela; horrenbestez, baita itxialdi nazionala ere. «Orain arte sendo eutsi dion arren, haustura bat gertatu da epidemiak prebenitzeko gure frontean». OME Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, aurreko martxora ez zuen ez positiborik, ez txertatutako pertsonarik erregistratu Piogiangek.

KCNAk azaldu du joan den maiatzaren 8an, igandearekin, testak egin zizkietela sukarra zuten hiriburuko herritar batzuei, eta proba horietan ikusi ahal izan zela omikronen azpialdaera batekin kutsatuta zeudela. Komunikabideak ez du zehaztu, ordea, ez zenbat pertsona dauden kutsatuta, ez agerraldia zerk eragin zuen. Atzerriko zenbait hedabidek Ipar Koreako iturriak aipatuz kaleratu dute asteon konfinamendu bat ezarria zegoela Piongiangen, eta horren ondoren heldu da iragarpena.

Txinarekin duen hartu-emanarengatik, Ipar Koreak mugak guztiz itxi zituen 2020aren hasieran, hain zuzen Txinan birusaren lehen agerraldiak izan ondoren. Orduz geroztik, herrialdean sartzeko debekua ezarri zuten, mugetako hesiak indartu zituzten, eta Kim Jong-un lider gorenak agindu zuen Txinatik iritsitako inportazioak arreta handiz desinfektatzeko.

Covax nazioarteko programaren bidez AstraZeneca eta Sinovac etxeek egindako txertoak jasotzeko modua eduki du Ipar Koreak, baina horiei uko egin die. OMEk dioenez, COVID-19aren aurkako txertorik jarri ez duen munduko herrialde bakarra da, Eritrearekin batera.

Txina, laguntzeko prest

Kimek Langileen Alderdiko politburoaren bilera batera deitu du, eta «blokeo zorrotz bat» agindu herrialde osoan. Gainera, erreserban duten osasun hornidura erabili ahal izateko baimena eman du. Ipar Koreako telebistak irudi batzuk eman ditu, non ikusten den Kim bilerara iristen maskara jantzita duela. Bilerara deitutako gainontzekoak maskararekin zeuden.

Txinak, bestalde, esan du prest dagoela Ipar Koreari laguntzeko. «Ipar Korea eta Txina bizilagun onak dira, eta elkarri laguntzeko ohitura dute», adierazi du Atzerri Ministerioko bozeramaile Zhao Lijianek, prentsaurreko batean. Gogoratu du, gainera, Ipar Koreak Txinari lagundu ziola pandemiaren unerik larrienetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.