Ipar Irlanda

DUPek esan du erakundeak blokeatuta «mezu argi bat bidaltzen» ari zaiela Londresi eta Bruselari

Alderdi unionistak betoa jarri dio Asanbleako presidentearen izendapenari, eta horrek gobernua osatzea eragotzi du, baita lehen ministroa aukeratzea ere. Sinn Fein, Aliantza, UUP eta SDLP kritiko agertu dira erabakiarekin.

Ipar Irlandako Asanblea, Belfasten, iragan asteko irudi batean. MARK MARLOW / EFE
ander perez zala
2022ko maiatzaren 13a
11:53
Entzun

DUP Alderdi Demokratiko Unionistak Ipar Irlandako bi erakunde garrantzitsuenak blokeatu ditu: gobernua eta Asanblea. Jeffrey Donaldson alderdiko buruzagiak parlamentuan bertan berretsi du goizean jakinarazitakoa, eta, hortaz, DUPek uko egin dio ganberako presidentea aukeratzeari —nazionalisten eta unionisten oniritzia behar da izendapena onartzeko—; erabaki horren ondorioz, Asanblea ezingo da elkartu ohiko jardunerako, esaterako. Beto horrek helburu bakarra du, Donaldsonek esan baitu Erresuma Batuko Gobernuari eta EB Europako Batasunari «mezu argi bat bidaltzen» ari zaiela protokoloaren aferan; edo, beste modu batera esanda, DUPek Londres behartu nahi du «ekintza erabakigarriak» egiteraitun horren inguruan.

Alderdi unionistak iragarria zuen lehen ministroaren eta lehen ministrordearen izendapenak blokeatuko zituela —protokoloagatik eta Sinn Feinek duelako gobernuburua izendatzeko eskubidea—, baina zalantzak zeuden zer egingo zuen parlamentuko presidente karguarekin. Betoa, hortaz, erabatekoa da Irlanda iparraldeko erakundeetan.

«Devolution [sistema autonomikoa] berreskuratu zen New Decade, New Approach adostasunaren oinarrietan [gobernabidea bermatzeko alderdi arteko ituna da, 2020koa]. Dokumentuaren alderdi guztietan aurrerapausoak ikusi ditugu, batean izan ezik; eta hori da Erresuma Batuko Gobernuak legeak egingo zituela Ipar Irlandak Erresuma Batuaren barne merkatuan duen tokia bermatzeko», argudiatu du Donaldsonek erabakiaren berri emateko goizean argitara emandako ohar batean.

Londresek eta Bruselak adostu zuten protokoloa, eta bi helburu nagusi ditu: Irlandako irlan muga gogorraren itzulera eragoztea, eta EBren merkatu bakarra babestea. Itun horren bidez, Ipar Irlanda merkatu horren arauekin lerratu da produktuei dagokienez, eta horrek berekin ekarri ditu kontrolak Irlanda iparraldeko portuetan.

Unionistak, baina, kexu agertu dira akordio horrekin, argudiatu baitute Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean «muga bat» sortu duela, eta «kolokan» geratu dela lurraldeak erresuman duen «tokia».

Gaurko adierazpenen bitartez, DUPen buruzagiak argi utzi nahi izan du «pazientzia» duela, eta, beraz, auzi horren irtenbidea ez dela epe laburrean iritsiko. «Unionisten kezkak ez dira Stormonten [parlamentuaren] eragina izaten ari den borroka politiko soil bat. Protokoloa zuzeneko erronka bat da Ipar Irlandan azken 25 urteetan adosturiko itun guztien oinarrientzat», adierazi du oharrean.

Asanbleako presidenterik gabe, diputatuek ezingo dute Ipar Irlandako lehen ministroa eta ministrordea aukeratu; eta, eguneroko jardunean, ez dute eztabaidarik izango, eta ezingo dute batzorderik osatu, ezta horietan parte hartu ere. Ministroek karguan jarraitu ahalko dute, jardunean, baina haien eskumenak mugatuta egongo dira, ez baitira gobernu baten parte izango, eta ezingo dute beste erabakirik hartu.

Donaldson horren jakitun da, baina, parlamentuan argudiatu duenez, protokoloa «kalte handia» egiten ari zaio Ipar Irlandari, eta hori dute egungo lehentasuna, batez ere «azpijana egiten» diolako egonkortasun politikoari. Agintari unionistarentzat, lurraldeko ekonomiari itun horrek egiten baitio «kalte», eta horren ondorio da bizitzaren garestitzea, adibidez. Paul Givan alderdikideak gaineratu du DUP «jasankorra eta arrazoizkoa» izan dela, baina orain «ekintzetarako garaia» dela, eta ez «hitzetarakoa».

Liz Truss Erresuma Batuko Atzerri ministroak atzo ohartarazi zuen Londresek «ekitea beste aukerarik» ez duela izango EBk ez badu «malgutasuna» erakusten bi aldeen arteko negoziazioetan —Erresuma Batuko hedabide batzuen arabera, «ekintza» horietako batzuk izan daitezke protokoloa urratzea—.

Lewisen «etsipena»

Alderdi unionistaren betoak denetariko erreakzioak eragin ditu, eta gehienak kritika negatiboak izan dira. Horren adibide da Brandon Lewis Erresuma Batuaren Ipar Irlandako ministroak esandakoa: «Ipar Irlandako herritarrek botoa eman dute, eta gobernu egonkor eta erantzule bat merezi dute. Alderdiei dei egiten diet elkartzera eta gobernu bat osatzera».

Sinn Feinek irabazi zituen iragan asteko bozak, eta ordezkaritzarik handiena lortu zuen, 27 aulki bilduta —90etik—; DUPek hiru galdu zituen, eta 25 eserleku izango ditu aurrerantzean. Ordena horren ondorioz, lehen aldiz alderdi nazionalista bati dagokio gobernuburua proposatzea, baina indar unionistak jakinarazi zuen blokeatu egingo zuela lehen ministroaren —eta haren ordezkoaren— izendapena. Egoera horretaz eta gaur jakindakoaz, Michelle O’Neill alderdi errepublikanoko buruzagiordeak esan du DUP «publikoa zigortzen» ari dela, eta «lotsagarria» dela Donaldsonek harturiko erabakia.

Naomi Lang Aliantza Alderdiaren buruzagi eta Ipar Irlandako jarduneko Justizia ministroak ere kezka handiz hartu du alderdi unionistaren betoa, eta kritiko agertu da DUPekin, Good Morning Ulster irratsaioan egin dioten elkarrizketan: «NHS [Osasun Sistema Nazionala] konpondu behar dugu, bizitzaren garestitzeari aurre egin, eta aurrekontu bat adostu. Honek nola lagunduko du?».

UUP Ulsterko Alderdi Unionista ere kritiko agertu da beste indar unionistaren erabakiarekin. Doug Beattie UUPko buruzagiak ohartarazi du parlamentua «isilik» geratuko dela, eta «isiltasun» horren ondorioz herritarrak «hoztuko eta gosetuko» direla, eta «[ospitaleetako] itxaron zerrendetan hilko» direla, esaterako: «Gaur, behintzat, gauza bat egin dezakegu. Asanbleako presidentea aukeratzea».

Beattieren eskariak, baina, ez du ezertarako balio izan, ezta SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristako diputatu Matthew O'Toolek egindako ohartarazpenak ere, esan baitu DUPek «demokrazia eragotzi» duela, nahiz eta «bere izenean demokratiko hitza duen».

Donaldsonek jakinarazitako blokeoaren ondorioz, Ipar Irlanda beste krisi politiko batean murgilduko da, eta Erresuma Batuko Gobernuaren eta Europako Batzordearen arteko tentsioa are gehiago handituko da brexit-aren auzian. Berez, baina, Asanbleako diputatu gehienak protokoloa mantentzearen alde daude; 53 diputatu dira, Sinn Feineko 27ak, Aliantzako hamazazpiak, SDLPko zortziak eta People Before Profitekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.