Hauteskundeak Ipar Irlandan

Sinn Feinek lehendabizikoz irabazi ditu bozak, eta alderdi unionistak apaldu egin dira

Errepublikanoek iazko kopuru berari eutsi diote: 27 aulki. DUP alderdi unionista 24rekin geratu da, lau galtzeraino. Biak gobernu partekatua osatzen saiatuko dira

Sinn Feinek lehendabizikoz irabazi ditu bozak, eta alderdi unionistak apaldu egin dira.
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun

Ipar Irlanda duela 101 urte sortu zenetik aurrenekoz, irlaren batasuna nahi duen lehen ministro bat egon daiteke, Asanblearako hauteskundeak irabazi ondotik: Michelle O'Neill, Sinn Fein alderdiko presidenteordea. Errepublikanoek ganberako 90 eserlekuetatik 27 eskuratu dituzte, eta, gisa horretara, 2017ko bozetan lortutako legebiltzarkide kopuru berari eutsi die. O'Neillek «batasunerako» deia egin zuen atzo; DUP Alderdi Demokratiko Unionistarekin, hots, boto gehien bildutako alderdietan bigarrenarekin osatu beharko baitu gobernua. «Lidergo inklusiboa eskainiko dut, aniztasuna bermatzen duena, iraganean baztertuak, diskriminatuak edo ez ikusiak izan direnentzat eskubideak eta berdintasuna bermatzen dituena».

Alderdi unionistentzat, oro har, emaitza txarra izan da: DUPek jaitsiera izan du, eta 25 legebiltzarkiderekin geratu da, azken bozetan baino hiru gutxiagorekin. UUP Ulsterko Alderdi Unionistak ere bat galdu du, bederatzirekin geratzeraino. Bestalde, inkestek aurreikusten zuten Aliantza Alderdiaren gorakada gauzatu da: hamazazpi eskuratu ditu errepublikanoen eta unionisten artean hirugarren bidea izan asmo duen alderdiak, aurrekoan baino bederatzi gehiago.

Gainerako alderdiei dagokienez, berriz, errepublikanismoaren aukera moderatuagoa izan ohi den SDLP Alderdi Sozial Demokrata Laboristak kolpe handiagoa hartu du, eta zortzi eserleku baino ez ditu eskuratu, duela bost urte baino hiru gutxiago. Azkenik, Independenteak alderdiak bi aulki lortu ditu, eta bana eskuratu dute TUV Unionista Tradizionalek eta People Before Profit alderdiak.

Lehenbiziko aukerako botoen artean, Sinn Feinek jaso du boto gehien, alde handiz, gainera: %29 lortu ditu, 2017ko bozetan baino 1,1 puntu gehiago; DUPek, berriz, jaitsiera nabarmena izan du, eta %21,3 eskuratu ditu, aurrekoan baino 6,7 puntu gutxiago; aldiz, Aliantza Alderdiak gorakada nabarmena izan du: lehenbiziko aukerako botoen %13,5 jaso ditu, orain dela bost urte baino 4,5 puntu gehiago. Parte hartzea %63,61ekoa izan da; 2017ko bozetan %64,8koa izan zen.

Mahaian esertzera

Sinn Feinek bozak irabazi baditu ere, ikusteko dago DUP O'Neill errepublikanoa buru duen gobernuan sartuko den. Izan ere, alderdi unionistako buruzagi Jeffrey Donaldsonek mehatxu egin du esanez Asanblean gobernabidea blokeatuko duela baldin eta Sinn Feinek ordezkaritzarik handiena lortzen badu eta Erresuma Batuko Gobernuak eta Europako Batzordeak ez badute aldatzen Ipar Irlandarako Protokoloa. Beraz, jarrera horri eusten badio, baliteke herrialdea blokeo politikora itzultzea. Halere, Donaldsonek atzo adierazi zuenez, alderdiaren hurrengo urratsak zein diren jakiteko, gakoa izango da datorren astean Elizabeth II.a Erresuma Batuko erreginak zer esango duen bere hitzaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.