Energia

Gasaren prezioa mugatu du Madrilek, argindarra %30-35 merkatzeko

Bruselak oniritzia emango dio sistemari, baina 2023tik aurrera Espainiak tarifa arautua aldatu beharko du. Gaur argitaratu da sistema berria aldizkari ofizialean.

Teresa Ribera ministroa sistema berria azaltzen. FERNANDO ALVARADO / EFE
xabier martin
2022ko maiatzaren 13a
12:08
Entzun

Espainiako Gobernuak iberiar salbuespena esan dioten argindar sistema berria onartu du ministroen ezohiko kontseilu batean, eta, aurrerantzean, argindarra ekoizteko erabiltzen den gasaren prezioak gehienezko muga bat izango du: 48,8 euro batez beste MWh. Azken egunetan Herbehereetako TTF erreferentziazko merkatuan izan duen prezioaren erdia da hori gutxi gora-behera. Zenbat merkatuko duen horrek argindarra merkatu arautuan? Madrilgo gobernuak uste du %30-35 inguru apalduko zaiela faktura PVPC tarifa dutenei merkatu arautuan, Hego Euskal Herrian.

Teresa Ribera Trantsizio Ekologikoko ministroaren arabera, 210 euroko prezioa izan du batez beste azken hiruhilekoan gasaren MWh-ak, eta 130 eurora jaitsiko da batez beste sistema berriarekin; betiere aurreikuspen bat dela zehaztu du Riberak, prezioan eragiten duten beste aldagai batzuk ere badirelako. Baina %30-35 inguruko merkatzea aurreikusi du Sanchezen gobernuak, eta inflazioaren hazkundearentzat ere galga izango dela esan du Ribera ministroak.

Sistema berria gaur argitaratu da Espainiako aldizkari ofizialean, eta horren segidan aplikatzen hasiko da. Baina Europako Batzordearen azken oniritzia beharko du oraindik, eta hura lortzeko baldintza jakin bat jarri dio Bruselak Madrili: datorren urtetik aurrera aldaketa sakonak egitea PVPC tarifa arautuan. Tarifa horren gorabehera handiak saihestea litzateke erreforma horren helburua, egun handizkako merkatuarekin duen erabateko lotura apalduz. Hain zuzen, argindar konpainien eskaeretako bat da hori.

Dena den, Ribera ministroak adierazi du Bruselak adostasuna azaldua duela eta «egun batzuk» beharko direla azken baimena lortzeko: «hamar egun edo bi aste». Edonola ere, sistema martxan jarriko da, baina betiere Batzordearen oniritziaren zain, eta hura 2023rako eskatzen duen erreformaren onarpenaren araberakoa izango da.

Lehen aldiz, konpainien aurka

«Lehen aldiz, ez dute betikoek ordainduko. Hartu diren neurriek helburu bat izango dute: konpainien aparteko irabaziak murriztea eta kontsumitzaile guztientzat onura garbiak egotea», esan du Riberak. Ministroak ez ditu enpresak ahaztu: haiek ere argindarra gutxiago pagatuko dutela gogoratu du. Denek pagatuko dute gutxiago argindarra? Ezezkoa da erantzuna, deskontua merkatu arautuan dauden bezeroentzat izango baita bakarrik. Iberdrolak, esaterako, merkatu libreko bezeroei faktura garestituko zaielako mehatxu argia egin du.

Eta Ribera ministroak argitu gabe utzi du beste aldagai funtsezko bat: nork, noiz eta nola orainduko duen gasaren benetako prezioaren eta esku hartutako prezioaren arteko alde hori, argindar ekoizleek prezio jakin batean erosiko baitute gasa zentral termikoetan baliatzeko, nahiz eta gero beste batean fakturatuko duten, gehienezko muga dela eta. Ribera ministroak berak aditzera eman du sortuko den zor horri aurre egin beharko diotela kontsumitzaileek berek noizbait.

Argindar kontuetan merkatu bakarra da Iberiar penintsulakoa, eta, Frantziaren bitartez oso konexio gutxi dituenez, harekin salbuespen bat egitea hitzartu zuen martxoan Europar Kontseiluak, beren kabuz neurriak har zitzaten argindarra merkatzeko. Sistemaren baldintza nagusiak apirilean lotu zituzten Madrilek, Lisboak eta Bruselak.

Portugalgo Gobernuak ere onartua du antzeko sistema bat, Bruselak onartutako iberiar salbuespenhorren bigarren onuraduna baita. Han ere gasaren prezioa mugatzeko sistema aplikatuko da aurrerantzean, baina gehienez hamabi hilabetez.

Martxoaren amaierako goi bileran lortu zuten Madrilek eta Lisboak argindarraren prezioa jaisteko promesa. Baina Errusiak azken egunetan egin dituen gas etenek urduritasun handia ekarri dute Europara, eta argindarra ekoizteko erabiltzen den gasaren prezioari gehienezko bat ezartzeko sistemaren parekoak Batasun osoan zabaltzea aztertzen hasia da Brusela. Gasaren horniduran gerta daitekeen alarmaren araberakoa izango da Batzordearen erreakzioa. Italiak eta Greziak, esaterako, eskatua dute beraientzat ere Espainia eta Portugalek onartutako sistema bera edo antzeko bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.