Irizarreko lan gatazka

Irizar E-mobilityn aurreakordioa egin dute

Grebari eutsiko diote, lan irun berria sinatu arte. Duela hemeretzi egun hasi zituzten lanuzteak.

Adunako lantegiko sarrera itxita. JON URBE (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko maiatzaren 13a
18:53
Entzun

Aurreakordioa egin dute Adunako (Gipuzkoa) Irizar E-mobilityko enpresa batzordeak (8 ordezkari LABek eta 1 ELAk eta zuzendaritzak. Hemeretzigarren greba egunean lortu dute lan gatazka desblokeatzea. Dena den, grebalariek erabaki dute lanuzteei eustea enpresa itun berria «erabat argitu eta sinatu arte». Batzordeak bilera egingo du bihar langileekin, eta han emango ditu aurreakordioari buruzko xehetasunak.

Hori hala, bihar arratsaldean Andoainen egitekoa zen manifestazioa bertan behera uztea erabaki dute eta, horren ordez, kontzentrazio informatibo bat egingo dute. Era berean, biharko antolatutako elkartasun jaialdiari eutsiko diote eta han biltzen duten dirua Irizar taldeko Alconza enpresako (Berango, Bizkaia) grebalarientzat izango da.

Irizar kooperatiba taldekoa da E-mobility. Adunako lantegian, baina, gehien-gehienak soldatapeko langileak dira: 300 inguru. Lan baldintzak duintzea eskatu dute, eta bost puntu hauetan laburbildu dituzte haien eskaerak: Irizar E-mobilityko kontratua duten langileei lan berdinagatik soldata bera ordaintzea; lan irteeretarako lan baldintzak duintzea eta berdintzea langile guztiei; egiten diren esfortzu gehigarriak konpentsatzea; lana eta bizitza uztartzeko neurriak jartzea, bizitza pertsonala eta kontziliazioa bermatzeko; eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena bere osotasunean betetzea. Greba bertan behera uzteko puntuak lan itun batean jasotzeko eskatu diote zuzendaritzari -hemen lan gatazkari buruz BERRIAk argitaratutako erreportajea-.

Duela bost urte sortu zen Irizar E-mobility, start-up gisa. Autobus elektrikoak egiten ditu. Greba hasi aurretik egunero autobus bat ekoizten zuen; datorren urterako egunean bi egitea aurreikusten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.