Burujabetza

«Burujabetza ekintza masiboa» egingo dute ekainaren 4an, Irungo Ficoban

Euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak herritarrei dei egin die ekitaldira mozorrotuta joateko. Adierazi dute euskal errepublikara eraman dezakeen «burujabetza iraultzari» hasiera eman nahi diotela.

Ehun mugimenduak ekitaldia egin du gaur Donostian. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 14a
15:31
Entzun

Euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak egun osoko ekintza sorta prestatu du gaur Donostian, Burujabetza iraultzaz euskal errepublika lelopean. Goizean, David Fernandez ANCko lehendakariordea eta Unai Apaolaza Ehuneko kidearen arteko solasaldia egon da San Jeronimo kaleko kriptan, katalanez eta euskaraz. Eguerdian, berriz, ekitaldia egin dute Trinitate plazan, azken hilabeteetan burujabetza «praktikara eramateko» kanpainarekin bat egin duten hainbat lagunekin batera. Han iragarri dute ekainaren 4an «burujabetza ekintza masiboa» egingo dutela Irungo (Gipuzkoa) Ficoban. Ekintza horretan parte hartzeko deia egin diete euskal errepublikaren alde dauden herritar guztiei, eta mozorrotuta joateko eskatu diete.

Gaurko ekitaldian, oroitu egin dituzte mugimenduaren inguruan biltzen den jendearen eguneroko arazoak zeintzuk diren: «Etxebizitzaren prezioak ezin ordainduta, auzotik edo herritik kanpora bizitzera joan behar izan garen herritarrak; inposatutako mugak direla eta, Bidasoa ibaia ezkutuan gurutzatu behar dugunak; lagunekin parrandan ibili eta gero, goizeko lauretan bidea pauso azkarrez eta beldurtuta egiten dugun emakumeak; euskaraz bizi nahi eta etengabe trabak besterik jasotzen ez ditugun herritarrak... Horiek guztiak eta askoz gehiago gara», laburbildu dute. Mugimenduko kideek adierazi dute arazo horiek guztiak konpontzeko «estatu propio batek ematen dituen baliabideak» beharrezkoak direla, eta «Frantziatik eta Espainiatik atera» eta euskal errepublika eraiki behar dela.

Nolanahi ere, euren aldarrikapenak euskal errepublika eratzetik harago doazela gaineratu dute: «Euskal errepublikara doan bide bat ireki nahi dugu. Bide erreal bat ireki nahi dugu, bide sinesgarri bat». Hori hala, ekainaren 4an Ficobara joateko deia egin dute, «euskal errepublikara eraman gaitzakeen burujabetza iraultzari» hasiera emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.