GERRA UKRAINAN

G7koek ez dituzte aitortuko Errusiaren inbasioaren ondorio diren mugak

Munduko herrialde industrializatuenek adostu dute «behar beste denboraz» ematea laguntza militarra Ukrainari. Putinen arabera, ez dago Finlandiaren segurtasuna kolokan jar dezakeen «mehatxurik»

G/ko herrialdeetako ordezkariak, eta Borrell EBko diplomaziaburua, herenegun Weissenhausenen (Alemania). EFE
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 14a
17:52
Entzun

G7koek mezu bat helarazi diote Errusiari. Munduko herrialde industrializatuenen taldeak ohar bat onartu du azpimarratuz inoiz ez dituela aitortuko Errusiak «eraso militarraren bidez» aldatu nahi dituen mugak. Hiru eguneko goi bilera egin dute Weissenhausen, Alemania iparraldean, eta ondoren Kanadak, Frantziak, Italiak, Japoniak, Erresuma Batuak, AEBek eta Alemaniak adierazi dute jarraituko dutela, gainera, bai Kremlini zigor ekonomiko gehiago ezartzen, baita «behar beste denboraz» Ukrainari laguntza militarra ematen ere.

Oharrean ez diote aipamenik egin, baina azken egunotan Errusiaren eta Mendebaldearen arteko harremanak are gehiago gaiztotu ditu Suediak eta Finlandiak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko erakutsitako erabakitasunak. Okerrik ezean, datozen asteetan erregistratuko dituzte eskaerak, eta aliantza militarrak beso zabalik hartuko ditu Eskandinaviako bi herrialdeak, nahiz eta Turkiak iradoki duen horien sarrerari betoa jartzeko prest dagoela. Ekainaren 29an eta 30ean egingo du NATOk hurrengo goi bilera, Madrilen (Espainia).

Hain zuzen, Sauli Niinisto Finlandiako presidenteak Vladimir Putin Errusiakoarekin telefonoz hitz egin du gaur, eta, Helsinkik ohar batean adierazi duenez, jakinarazi dio Mendebaldeko aliantza militarreko kide izateko eskatuko dutela, Errusiaren azken mugimenduek eta Ukrainaren inbasioak «Finlandiaren segurtasun ingurunea nahastu dutelako». Kremlinek bileraz kaleratutako oharraren arabera, Putinek erantzun dio erabakia «okerra» dela, «ez baitago Finlandiaren segurtasun kolokan jar dezakeen mehatxurik». Finlandiako lehen ministro Sanna Marin buru duen SDP Alderdi Sozialdemokratak iragarri du, gaur, NATOn sartzeko ideia babesten duela.

Horren guztiaren harira, Errusiako Atzerri ministrorde Aleksandr Gruxkok ohartarazi du, gaur, litekeena dela Suedian eta Finlandian armak nuklearrak hedatzea NATOk, baldin eta bi herrialdeak aliantzako kide bihurtzen badira. «Hori gertatuko balitz, prebentzio neurriak hartu beharko genituzke», jaso du RIA Errusiako albiste agentziak. Errusiak eta Finlandiak 1.300 kilometroko muga dute.

Kharkivetik alde egiten

Gerra frontean, Igor Terekhov Kharkiveko alkateak esan dio BBC hedabideari Errusiako tropak hiriaren aldirietatik alde egiten ari direla. Ukrainako bigarren hiririk handienak kokagune estrategikoa du, Errusiako mugatik 40 bat kilometrora dagoelako, eta ekialdeko frontetik, Donbasskotik, gertu.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, bestalde, Mariupol sitiatutako hiriko Azovstal altzairutegian eusten dioten «defendatzaileez» mintzatu zen, Ukrainako hainbat hedabiderekin izandako solasaldi birtual batean. Batik bat, Azov batailoi paramilitarreko kideak daude han —eskuin muturreko talde armatu bat—. «Gure esku dagoen guztia egiten ari gara haiek ebakuatzeko, baina negoziazioak zailak izaten ari dira».

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.