Gerra Ukrainan

Turkia, oztopo nagusia Suedia eta Finlandia NATOn sartzeko

Erdoganek esan du Helsinki eta Stockholm «terroristen aterpeak» direla «ia». Errusiak elektrizitate hornidura moztu dio Finlandiari

HENRIK MONTGOMERY / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek atzo adierazi zuen ez dela Finlandia eta Suedia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide izatearen aldekoa. Turkia 1952tik dago aliantza militarrean, eta horrek esan nahi du Ankarak betoa jarri ahal diela erakundean sartzeko eskaerei. Eskandinaviako bi herrialde horiek politikari erbesteratu ugari hartzen dituztelako azaldu du jarrera hori agintari turkiarrak. «Terroristen aterpetxeak dira ia», erantsi zuen, PKK Kurdistango Langileen Alderdiari eta DHKP-C Herria Askatzeko Alderdi-Fronte Iraultzaileari erreferentzia eginez.

Erdoganen adierazpen horien aurretik, Suediako Parlamentuakondorioztatu zuen NATOrekin bat egiteak Errusiaren eraso arriskua «murriztuko» lukeela. Ann Linde lehen ministroak Suedia aliantzan sartzea bultza dezakeen herrialdeko segurtasunari buruzko txostena aurkeztu zuen, eta, dokumentu horren arabera, Eskandinaviako herrialdea «ahulagoa» izango da aliantzatik at geratzen bada, eta ez luke segurtasun bermerik izango. Ondorio horiek kontuan hartuta, espero da datorren astean egingo dutela NATOra atxikitzeko eskaera. Aurretik, gobernuak aliantzako kide izatearen aldekoa den erabakiko du bihar.

Lehen epaiketa Ukrainan

Errusiak, ordea, ohartarazi izan du ondorio «politiko eta militarrak» eragingo dituela Suedia eta Finlandia NATOn sartzeak. Bada, Inter RAO Errusiako energia konpainiak atzo jakinarazi zuen Finlandiari elektrizitate hornidura etengo ziola, gaur goizaldeko 01:00etatik aurrera. Zehazki, Finlandiako lehen ministroak eta presidenteak aliantzara sartzearen aldeko jarrera erakutsi eta biharamunean iragarri zuen hori enpresak. Finlandiak kontsumitzen duen elektrizitatearen %10 erosten dio Errusiari.

Moskuren inbasioa hasi zenez geroztik 79 egun pasatu diren honetan, Ukrainako auzitegi bat soldadu errusiar bat epaitzen hasi zen atzo, gerra krimenak egotzita. Kieveko fiskaltzak 62 urteko zibil bat hiltzea leporatu dio militar bati, eta eskatu du bizi osorako kartzela zigorra ezartzeko, otsailaren 28an Sumi eskualdeko Txupakhivka herrian jazotako ustezko gertakariagatik. 21 urte ditu epaitzen ari diren soldaduak.

Kasuak garrantzi handia du Ukrainarentzat, batez ere sinbolikoa, lehen epaiketa baita Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik Errusiari leporatu zionetik inbasioan zibilen aurka «sarraskia» egitea. Kremlinek, ordea, usu ukatu izan du zibilei eraso egin izana. Kievi leporatu dio bere militarrak «difamatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.