Steilasek eta ELAk Nafarroako irakasleak egonkortzeko eskatu diote Hezkuntza Departamentuari

Bi sindikatuek elkarretaratzea egin dute, iritzita ez direla nahikoa lanpostu eskainiko egonkortzeko. LABek salatu du lanpostuen %46 PAIra bideratuko dituztela.

Steilasek eta ELAk egindako protesta, gaur goizean. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 16a
13:10
Entzun

Administrazio publikoak lan eskaintza publikoetara aterako dituzten lanpostuen berri ematen ari dira azken egunetan. Steilas eta ELA ez daude ados Nafarroako Gobernuak hezkuntzan finkatu asmo dituen lanpostu kopuruarekin, eta gaur goizean elkarretaratzea egin dute Hezkuntza Departamentuaren aurrean, «kontsolidazioa bermatuko duen LEP bat eskatzeko». Iragarri dutenez, finkatzea sustatzeko mobilizazioak eta ekinbideak antolatzen jarraituko dute.

Izan ere, sindikatuen irudiko, egun mahai gainean dagoen proposamena ez da aski: «[Hezkuntza Departamentuak] 766 lanpostu baino ez ditu atera nahi egonkortze prozesuetara». Bestelako proposamena dute sindikatuek: gutxienez 4.000 lanpostu esleitzea eta Espainiako Gobernuak «inposatutako neurriak gainditzea». Egungo proposamenak behin-behinekotasuna «kronifikatzea» lekarke, haien aburuz. «Ez da Europak agindutako jarraibiderik beteko, eta irakasleek pairatzen duten % 50 inguruko behin-behinekotasun mailak kronifikatzen jarraituko du».

Hori ikusirik, joera aldaketa galdegin diote departamentuari. Hainbat eskaera egin dizkiote: esparru arautzaile propioa eta hezkuntza eskuduntzak defendatzea; ez onartzea «Madrilen aldetik inposatutako kontsolidazioa bermatzen ez duen errege dekretua»; eta hezkuntza publikoko behin-behineko 6.000 irakasle finkatzea bermatzeko «prozesu propioak» negozia ditzala sindikatuekin, meritu lehiaketa lehenetsiz.

Gehienak PAIrako

LABek mobilizazioan parte hartu ez baina salaketa egin du. Ez dute begi onez ikusten finkatuko dituzten lanpostuen %46 PAI ingelesa ikasteko programara bideratzea: «Kanpoan uzten ditu irakasle asko, gure hizkuntza propioak jakin eta erabili, urteetako esperientzia eduki eta hautaprobak gainditu arren, atzerriko hizkuntza batean ez daukatelako C1 titulua». Hezkuntza Departamentuak lanpostuen inguruan izandako «sekretismoa» eta «inposaketa» ere deitoratu ditu sindikatuak.

EH Bilduk eta Geroa Baik, berriz, Nafarroako Gobernuak egin duen lan eskaintza publiko osoari egin diote kritika. Geroa Baiko Uxue Barkosen esanetan, Nafarroara «mimetikoki» ekarri dute Espainiako Gobernuaren proposamena. Bide beretik, koalizio abertzaleko Adolfo Araizek nabarmendu du Madrili kopiatu diotela, eta irizten dio «autogobernu ariketa handiagoa» egin beharko zuketela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.