Gerra Ukrainan

Suedia NATOn sartzeko eskaera egitea berretsi du parlamentuak

Magdalena Andersson lehen ministroak nabarmendu du gehiengo parlamentario argia dagoela aliantzara atxikitzearen alde. Putinek ohartarazi duenez, erakundearen azpiegitura militarra Suediara edo Finlandiara hedatzeak Errusiaren erantzuna izango du». Suediako zenbait diplomazialari Ankarara joan dira, Turkiak aliantzan sartzeko ezarritako oztopoak gainditzeko.

Suediako lehen ministro Magdalena Andersson, eskuinean, eta Ulf Kristersson oposizioburua, ezkerrean, gaurko agerraldian, Stockholmen. HENRIK MONTGOMERY / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 16a
13:45
Entzun

Suediak azken urratsa egin berri du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko prozesuan. Suediako lehen ministro Magdalena Andersson sozialdemokratak eta oposizioko buru Ulf Kristersson kontserbadoreak iragarri dutenez, Suediak aliantza militarrean sartzea eskatuko du, 200 urte luzeko neutraltasuna baztertuta. «Gehiengo parlamentario argia dago aliantzan sartzearen alde. Suediako segurtasunerako aukerarik onena da. Aro bat amaitzen ari gara, eta berri bati hasiera eman diogu», ziurtatu du Anderssonek prentsaurrekoan. Kristersson, berriz, Errusiaz aritu da: «Errusiari ez zaio gustatuko Suedia eta Finlandia NATOn sartzea. Hilabete zailetarako prest egon behar dugu». Suediako lehen ministroak berretsi duenez, erakundeko zenbait kidek —AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak — baieztatu dute Suedia segurtasunean «babestuko» dutela atxikimendu prozesuak irauten duen bitartean. Hala eta guztiz ere, Anderssonek oroitu du erakundeak eskaera onartzen badu Suediak ez duela herrialdean NATOren base militar iraunkorrik nahi, ezta arma nuklearrik ere.

Eskandinaviako herrialdeko bi alderdi politiko nagusien buruzagien iragarpena parlamentuan NATOn sartzeaz eztabaidatu eta ordu batzuetara heldu da. Bertan, gehiengoaren babesa izan du lehen ministroaren gobernuak hartutako erabakiak. Zehazki, Ezkerra eta Alderdi Berdea izan dira erakundera atxikitzearen aurkako jarrerari eutsi dioten bi alderdi bakarrak; 349 eserlekuetatik 43 dituzte. Anderssonek nabarmendu du Suedia erakundeko kide ez den Itsaso Baltikoko herrialde bakarra bihurtuko balitz, «oso egoera ahulean» egongo litzatekeela eta Errusiak Eskandinaviako herrialdeari presio handiagoa egingo liokeela. Beraz, haren hitzetan, «herrialdea defendatzeko modurik onena NATOra atxikitzea da». Anderssonek esan du oraindik ez dutela argi formalki zein egunetan galdegingo duten erakundean sartzeko; «Suediak Finlandiarekin batera eskaera bidaltzeko asmoa baitu», argudiatu duenez.

Hain zuzen ere, Finlandiako Parlamentuan oraindik gaiaz eztabaidatzen ari dira, alderdi politiko guztiek —ekologistak eta komunista ohiak barne— azken asteotan Finlandiako presidente Sauli Niinistonek eta Sanna Marin lehen ministroak aurkeztutako eskaera berretsiko dutela iragarri badute ere. Halere, prozesuak bi egun iraungo duela aurreikusi dute legebiltzarkideek; izan ere, Pekka Haavisto Liga Berdeko ordezkariak iragarri duenez, ehun diputatuk baino gehiagok azaldu dute eztabaidan parte hartzeko asmoa.

Horren harira, Errusiako presidente Vladimir Putinek esan du Kremlinek ez duela «inolako arazorik» Finlandiak eta Suediak NATOn sartzeko duten asmoarekin, Moskurentzat «ez delako mehatxua». Hala ere, Putinek ohartarazpen hau egin die bi herrialdeei: «Erakundearen azpiegitura militarra Suediara edo Finlandiara hedatzeak Errusiaren erantzuna izango du». Hori bai: ziurtatu duenez, Suedia aliantza militarrera batzen bada ere, herrialdeak politika «independente» bati eusteko gaitasuna izango luke, «berdintasuna, demokrazia, giza eskubideak eta armagabetze nuklearra ardatz izango dituena».

Presidentearen adierazpenaren aurretik, Errusiako Atzerri ministrordeak esan du Finlandiak eta Suediak erabaki «larri bat» hartu dutela, «ondorio luzeak» eragin ditzakeena. Erantsi duenez, bi estatuak erakundeari atxikitzen bazaizkio, Errusiarekiko «tentsio militarra handitu eta zalantza gehiago sortuko dira». Alde horretatik, Kremlinek iragan astean nabarmendu zuen Moskuk erantzun «tekniko eta militarra» emateko atakan ikusiko duela bere burua; besteak beste, adierazi izan zuen Kaliningradera arma nuklearrak eramatea izan daitekeela mehatxu horri erantzuteko modu bat. Errusiak Polonia eta Lituania artean duen lurraldea da Kaliningrad.

Turkia, oztopo

Azken egunotan, ordea, Turkia agertu da oztopo nagusi gisa Finlandia eta Suedia NATOn sartzeko prozesuan. Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek ostiralean adierazi zuen ez dela herrialdeok NATOko kide izatearen aldekoa, politikari erbesteratu ugari hartzen dituztelako; besteak beste, Turkiak jazarriak diren PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta DHKP-C Herria Askatzeko Alderdi-Fronte Iraultzaileko kideak. Turkia 1952tik dago aliantza militarrean, eta horrek esan nahi du Ankarak betoa jarri ahal diela erakundean sartzeko eskaerei.

Horiek horrela, Stockholmgo zenbait diplomazialari Ankarara joan dira Turkiak ezarritako oztopo horiek gainditzeko eta ados jartzeko, Peter Hultqvist Suediako Defentsa ministroak gaur jakinarazi duenez.

Eragozpenak eragozpen, NATOko kide diren estatuek eta AEBek uste dute Turkiak ez diela Finlandiari eta Suediari aliantza militarrera sartzen eragotziko. Erakundea hedatzeari buruzko edozein erabakik aliantzako 30 kideen onespena behar du. «Turkiak azaldu dituen kezkei erantzuteko gai izango garela espero dut», esan zuen atzo Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak.

Kharkiv, berreskuratzen

Gerra frontean, Kharkiven (ekialdea), Ukrainako hiririk handienetan bigarrenean, Ukrainako soldaduek eremu gehiago hartu dituzte, eta Errusiako mugetara heltzea lortu dute, Oleh Sinegubov eskualdeko gobernadoreak Telegrameko kontuan ziurtatu duenez. Bestalde, Errusiak jakinarazi du Ukrainako hiru hegazkin eraitsi dituela. Donbassen, berriz, erasoak gehiago gogortu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.