IPAR IRLANDA

Protokoloa ez betetzeko prest dago Johnson, DUPen blokeoa dela eta

Erresuma Batuak lege bat onartu nahi du, itunean aldaketak egiteko. Ipar Irlandako unionistek begi onez hartu dute Londresen erabakia. Sinn Feinen iritziz, DUP «baretzea» du asmo mugimenduak

Boris Johnsonen kontrako protesta bat egin dute, gaur, Belfasten. EFE
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 16a
19:33
Entzun

Boris Johnsonek keinu bat egin dio DUPi. Alderdi Demokratiko Unionistak iragarri zuen, joan den ostiralean, Ipar Irlandako Gobernua eta Asanblea blokeatuko dituela, Erresuma Batuak ez badu «ekintza erabakigarririk» egiten brexit-aren ondorio den Ipar Irlandarako protokoloaren auzian. Egun batzuk geroago heldu da Downing Streeteko 10. zenbakiaren erreakzioa. Erresuma Batuko lehen ministroak gaur adierazi du ez dutela ituna indargabetu nahi, aldaketa batzuk negoziatu nahi dituztela EB Europako Batasunarekin; baina iragarri du, aldi berean, Bruselarekin adostasun bat ez lortzekotan, aldaketa horiek egiteko «lege irtenbide bat» onartu asmo dutela Erresuma Batuko Parlamentuan.

Hain zuzen, Belfasten egin ditu adierazpen horiek Johnsonek, maiatzaren 5eko bozen ondoren Asanblean ordezkaritza lortu duten alderdietako buruekin batzartu ondoren. Jeffrey Donaldson DUPen buruzagiak bileraren ondoren hedabideei adierazi dienez, «eginkizun bat» du indar unionista nagusiak: «Beste akordio batzuek protokoloa ordezkatzea, modu horretan gure tokia berrezartzeko Erresuma Batuko barne merkatuan». DUPek iradoki izan du protokoloa indargabetu nahi duela, baina gaur, bileraren aurretik, BBC Ulster irratian elkarrizketatu dute Donaldson, eta azpimarratu du itun bat edo bestea gorabehera «azken emaitza» dela garrantzitsua.

«Zaharkituta» geratu dela
Unionistek ez dute gustuko protokoloa, argudiatuta «muga bat» sortu duela Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean, eta horrek ekar dezakeela «kolokan» geratzea lurraldeak Erresuma Batuan duen tokia. Johnsonek Belfast Telegraph egunkarian gaur argitaratutako gutun batean nabarmendu duenez, «zaharkituta» geratu da akordioa —duela hemezortzi hilabete sartu zen indarrean—, «pandemia global bat eta Europan gerra bat gertatu aurretik» diseinatua izan zelako. Downing Streeteko 10. zenbakiko maizterrak gutunean zehaztu du «benetako elkarrizketak» eduki nahi dituela EBrekin, nahiz eta Bruselak ohartarazi izan dion, Johnsonek azpimarratu bezala, «ezinezkoa» dela itunaren testuan aldaketak egitea.

Londresek eta Bruselak dibortzioa gauzatu aurretik adostu zuten testuak bi helburu ditu, finean: batetik, Irlandako uhartean muga gogorrik atzera ez egotea; eta, bestetik, EBren merkatu bakarra babestea. Baina, The Times egunkariak herenegun jakinarazi zuenez, Erresuma Batuko Gobernua pentsatzen ari da gaur lege proposamen bat iragartzea, zeinak aukera emango liokeen protokoloko alderdietako batzuk ez betetzeko.

Sinn Feinek irabazi zituen hauteskundeak maiatzaren 5ean, eta gaur, Johnsonekin bildu ondoren, alderdi errepublikanoko buru Mary Lou McDonaldek adierazi du «nahiko zaila» izan zela bilera, eta Erresuma Batuko lehen ministroari esan diotela «gaizki» dagoela protokoloaren alderdietako batzuk bete nahi ez izatea. «Guztiz ohiz kanpokoa iruditzen zaigu Erresuma Batuko Gobernuak lege bat egin nahi izatea legea ez betetzeko». McDonalden esanetan, Johnsonek helburu bakarra du mugimendu hori eginda: «DUP baretzea». Sinn Feinek adierazi dio Erresuma Batuko gobernuburuari «lehentasun erabateko bat» dutela: Ipar Irlandan gobernua osatzea.

Bestalde, Irlandako Errepublikako lehen ministro Micheal Martinek esan du «oso kezkatuta» dagoela Erresuma Batuaren jarrerarekin. Michelle O’Neill Sinn Feineko presidenteordearekin bildu da gaur Dublinen, eta ituneko «jatorrizko okerrak» negoziatuz konpontzera deitu dute biek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.