Energia

Eguzki panelak izan beharko dituzte eraikin publiko eta komertzial guztiek 2027rako

EBren RepowerEU planak 2029rako utzi du etxebizitza berri guztietan panelak jartzeko betebeharra. Bizkorrago egin nahi ditu parke eoliko eta fotovoltaikoak.

Eguzki panelak Madrilgo etxe baten teilatuan. J.J. GUILLEN / EFE
Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 18a
14:03
Entzun

Klima aldaketari aurre egiteko bere buruari jarritako erronka handitu du Europako Batasunak, atzo aurkeztutako RepowerEU programaren bitartez. Orain arteko planak Fit for 55 izena du, helburua zelako CO2 isuriak %55 txikitzea hamarkada bukatzen denerako. Horretarako bidea zen energia berriztagarriak potentziaren %40 izatea 2030erako. Plan berriarekin, %45era iritsi nahi dute —orain %22 da—, planetaren berotzearen aurkako borrokarekin uztartu nahi dutelako Errusiaren hidrokarburoekiko mendekotasuna behin betiko haustea bost urteko epean. Tarte horretan energia garesti egon daitekeela aitortu du Europako Batzordeak, eta ontzat hartu du gasaren prezioari gehienezko muga bat jartzea eta argindar konpainien «zerutik irabazitako irabaziak» zergapetzea.

Bi helburu horiek gauzatu ahal izateko, EBk azkartu egin nahi ditu energia berriztagarrien proiektuak, eta indar handia jarriko du Europako Batasuneko eraikinetako teilatuetan.

Eguzki energia: teilatuen garrantzia

Europako Batzordeak garbi dauka: energia berriztagarrien erabilera handitzea da modua Errusiako erregai fosilekiko mendekotasuna bukatzeko. Eta, energia garbien artean, eguzkiak sortutakoa da gakoa. Haren kalkuluek diote eraikin publikoetako, komertzialetako, fabriketako eta etxebizitzetako teilatuek argindar kontsumoaren laurdena betetzeko gaitasuna dutela, gasak gaur egun sortzen duena baino gehiago. Ugaritzen ari dira eguzki panelak teilatuetan, baina ez nahikoa, nahiz eta abantailak baizik ez dituzten: «Oso bizkor jar daitezke, eta, eraikitako egiturak baliatzen dituztenez, ez dute gatazkarik sortzen ingurumenarekin».

Teilatuak panelez betetzeko modua derrigorrezkotasuna dela uste du Bruselak. 2026rako, eraikin publiko berrietan eta 250 metro koadroko azalera duten eraikin komertzial berrietan (supermerkatuak eta denda handiak) ezinbestekoa izango da eguzki panelak jartzea; urtebete gehiago izango dute berriak ez diren eraikinek. RepowerEU planak ez du aurreikusten etxebizitza guztietan jartzea panelak, baina bai, ordea, berrietan: 2029rako.

Helburu horrekin, Bruselak eskatu die gobernuei erraztasunak eman diezazkietela herritarrei, enpresei eta administrazio publikoei beren eraikinetan eguzki panelak, bateriak eta bero punpak finantzatzeko. EBren finantzaketa izango dute horretarako: 26.000 milioi 2027rako.

Beste berriztagarriak: proiektuak azkartu

Teilatuen moduko proiektu txikiekin batera, energia berriztagarrien proiektu handiak ere beharrezkoak direla uste du Europako Batzordeak, eta kexu da denbora gehiegi behar dela inbertsioak gauzatzeko: sei eta bederatzi urte artean eolikoentzat, eta lau parke fotovoltaikoentzat. Urtebetera jaitsi nahi du epe hori, prozesuaren urratsei gehienezko epe bat zehaztuz. Bruselak eskatu die estatukideei parke horiek jar daitezkeen lekuen zerrenda egitea, «alde batera utzita ingurumenaren aldetik balioa duten eremuak». Adibideen artean, nekazaritzarako jada baliogarri ez diren lur eremu «hondatuak» proposatu ditu.

Hidrogenoak ere badu bere lekua RepowerEU planean. 2030erako, energia berriztagarrien bitartez lortutako hamar milioi tona hidrogeno ekoitzi beharko ditu EBk, eta beste hamar milioi inportatu. Horrekin ordezkatu nahi dituzte petrolioa, gasa eta ikatza industria astunean eta garraio batzuetan (itsasontziak, esaterako). Inportazioak garraiatzeko, ahal denean gasbideak erabili nahi ditu, eta, horregatik, Iparraldeko Itsasoa, Ipar Afrika eta Ukraina —«ahal denean»— izendatu ditu bazkide gisa.

Biometanoa ere aipatu ditu EBk energia iturri berriztagarri gisa. 2030erako 35 bcm ekoitzi nahi ditu hondakinetatik, «janaria eta abereen bazka saihestuz».

Energia aurreztea: «Modurik bizkorrena»

«Energia krisiari aurre egiteko modurik bizkorrena eta merkeena energia aurreztea da». Fit for 55 planaren bidez %9 gutxitu nahi zuten kontsumoa, besteak beste, eraikinetan gertatzen den bero galerak txikituz eta ibilgailu eraginkorragoak erabiliz. Orain %13ra igoko dute, eta «borondatezko keinu txikiak» eskatu dizkiete herritarrei, besteak beste, berogailuen termostatoa eta aire egokituarena igotzea, eta garraio publikoa erabiltzea auto pribatuaren ordez.

Iturrien dibertsifikazioa: tratu bikoitza hornitzaileei

«Gardenak eta zintzoak izan behar dugu: epe laburrean oso arazo larria daukagu berriztagarriek ezin dutelako berehala ordezkatu Errusiatik datorrena», aitortu du Frans Timmermans Europako Batzordeko lehendakariordeak. EBk kontsumitu zuen gasaren %40 iritsi zen Errusiatik; aurtengoan, %26. Kopuru hori gehiago jaitsi nahi du aurten, eta 2027rako ezer ere ez kontsumitu, baina, horretarako, gas eta petrolio hornitzaile berriak lortzen ari da.

Aurrerantzean, gas erosketa partekatuak zabaldu nahi ditu EBk, baina badaki beste problema bat duela, epe erdikoa: «Badakite erregai fosilak alde batera uzten ari garela. Hortaz, tratu bikoitz bat proposatzen ari gara: epe laburrean eman diezagutela behar dugun erregai fosila, eta epe luzean sar ditzagun hidrogeno berdea ekoitzi eta erabiliko duen sistema global batean».

Finantzaketa: 210.000 milioi gehiago

RepowerEU planak beste 210.000 milioi euroren inbertsioa eskatuko du 2027rako, eta 300.000 milioirena 2030erako, baina Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak gogorarazi du Errusiak erregai fosilen truke urtean ordaindutako 100.000 milioi euroak aurreztuko dituztela. Esan du planak finantzatzeko RRF Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Mekanismoaren 225.000 milioi euroren maileguak prest daudela, eta beste 20.000 milioi daudela CO2 isurketa eskubideen merkatuaren erreserban.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.