KRISI DEMOGRAFIKOA

Jaurlaritzak 200 euroko laguntzak emango ditu hilean seme edo alaba bakoitzeko, umeek 3 urte bete arte

2023. urtean sartuko da indarrean neurria, eta urtean 100.000 euro baino gutxiagoko errenta daukaten familia unitateek jaso ahal izango dute laguntza hori

Urkullu gaur, pleno monografikora sartzen. DAVID AGUILAR/EFE
jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 18a
14:10
Entzun

Urtean 100.000 euro baino gutxiagoko errenta daukaten gurasoei seme edo alaba bakoitzeko 200 euroko diru laguntza emango die Eusko Jaurlaritzak hilero, umeak 3 urte bete arte. Laguntza hori bateragarria izango da egungo kenkari fiskalekin eta baita diru sarrerak bermatzeko errentak seme-alabak izateagatik ematen dituen diru laguntzekin ere, eta 2023. urtean sartuko da indarrean. Gaur iragarri du neurria Iñigo Urkullu lehendakariak, EH Bilduk eskatu duen demografiari buruzko bilkura monografikoan. Monografikoaren helburua da oposizioko alderdiek 2030. urterako estrategia demografikoari ebazpenak aurkeztea, eta horren ondoren erabakiko du Jaurlaritzak proposamen horietatik zeintzuk onartuko dituen.

Izan ere, lehendakariak aitortu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera demografikoa ez dela «ona». Egoera horren arrazoitzat jo ditu «jaiotzen beherakada», gazteak «geroz eta beranduago» emantzipatzea—30,2 urterekin egiten dute alde gurasoen etxetik, batez beste; Europako batez bestekoa baino lau urte beranduago—, seme-alabak ere «beranduago» izatea, eta bizi itxaropena igotzea. Horrek guztiak biztanleriaren zahartzea ekarri duela azaldu du, eta, gainera, lan egiteko adinean dagoen biztanleria kopuruak ere behera egin duela adierazi du; azken 20 urteetan 92.000 pertsona gutxiago daude adin tarte horretan, eta 2050. urterako 220.000 pertsona gutxiago izatea espero da.

UNICEFek aurkeztutako Lehen 1.000 egunetako programa-n proposatzen denarekin bat egiten du Jaurlaritzak hartutako neurriak. Guztira, umeak hiru urte bete arte 2.400 euroko laguntza jasoko dute familiek, eta, horrez gain, kenkari fiskalez ere baliatu ahal izango dira—950 euro seme edo alaba bakarragatik eta 2.100 bi seme alabarengatik—. Horrez gain, familia horrek errekurtso nahikorik ez badu, DSBEak haur bakoitzeko ematen dituen laguntzak ere jaso ahalko ditu.

Oposizioarentzat ez da nahikoa

EH Bilduko Nerea Kortajarenak ontzat eman du neurria, baina adierazi du «lehen pauso baten» moduan ikusi beharko litzatekeela: «Etorkizunerako, luzera begira, laguntza horiek handitzea izan beharko litzateke helburua». Horrez gain, nabarmendu du bere alderdiak eta oposizioko beste batzuek luzatu zutela lehenik proposamena, baina orain arte Jaurlaritzak ez duela kontuan hartu: «Egiak hiru fase ditu: barregarri uztea, hari kontra egitea, eta gero agerikoa balitz bezala onartzea». Neurri horrekin Jaurlaritzak jarrera hori erakutsi duela adierazi du.

Horrez gain, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak neurri hori jartzeko orduan UNICEFen proposamenari jarraitu diola, baina badaudela anbiziotsuagoak diren proposamenak ere, Save The Children erakundearena kasu. Laura Garrido PPko legebiltzarkideak ere anbizio falta leporatu dio Urkulluri, eta Elkarrekin Podemosek ere esan du ez dela nahikoa.

Horrez gain, bi urte arteko haurrentzako «doako hezkuntza» bermatuko dela adierazi du lehendakariak, Jaurlaritzak Haurreskolak partzuergoarekin daukan akordioa indartuta.

«Gazteentzako laguntzak»

Orokorrean, hemendik aurrerako estrategia, lege, plan eta programa guztietan demografiaren ikuspegia txertatuko dutela agindu du Urkulluk. Gazteei laguntzak emateko programak ere martxan jarriko direla iragarri du, formaziorako, etxebizitza bat lortzeko edo ekintzailetzarako, besteak beste. Izan ere, azaldu du gazteak geroago emantzipatzeak «familia proiektua ere geroago eraikitzea» dakarrela.

Horrez gain, Gaztelagun programan parte hartzeko baldintzak ere malgutu direla gogorarazi du —gehienezko diru sarrerak handitu dituztenez, gazte gehiagok izango dute laguntza eskuratzeko aukera, eta denbora gehiagoan jaso ahal izango dute, 35 urtera arte—. Azken puntu horri buruz, EH Bilduk leporatu dio programa hori indartzea ez dela nahikoa: «Gaztelagun programaren zain bagaude, gazteak izaten jarraituko dugu 50 urte dauzkagunean ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.