Gosetea

Afrikako Adarrera laguntza bideratzeko beharraz ohartarazi dute, giza hondamendia eragozteko

Oxfam Intermon eta Save The Children gobernuz kanpoko erakundeen arabera, 23 milioi pertsona daude muturreko gosea pairatzeko arriskuan. Azken 40 urteetako lehorterik gogorrena dute eskualde horretan.

Kenyako Gabra komunitateko artzain bai, lehorteak hildako bere ganaduari begira, joan den urtarrilean. DANIEL IRUNGU, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko maiatzaren 18a
16:59
Entzun

Afrikako Adarrean hondamendia zetorrela «geroz eta argiago» ikusi arren, «munduko agintarien erantzuna negargarria izan da», Franc Cortada Oxfam Intermon GKE gobernuz kanpoko erakundeko zuzendari nagusiaren iritziz. Nazioarteko liderrek urrats «motelak» eta «eskasak» egin dituztela salatu du, «milioika pertsona hondamendi egoeran utzita». Nabarmendu du gosetea eragotzi egin daitekeela, borondate kontua dela. «Gosea porrot politiko bat da».

Nazioarteak beranduegi erreakzionatu zuen 2011. urtean, Somalian 260.000 pertsona baino gehiago gosez hil zirenean —horien erdiak bost urtetik beherako haurrak—. Orduko gertaera gordinak gogoan, gauza bera gerta ez dadin ekitera deitu dute Intermon Oxfam eta Save The Children GKEek gaur, Afrikako Adarreko elikagai krisiari buruz ondu duten txostenaren aurkezpenean. Ohartarazi dute Somalian eta Etiopian milioi erdi lagun daudela gosete egoeran, eta beste 3,5 milioi pertsona daudela berdin Kenyan. Orotara, 23 milioi dira muturreko gosea pairatzeko arriskuan daudenak hiru herrialde horietan. Kopurua bikoiztu egin da iaztik —10 milioi inguru ziren 2021ean—.

Klima larrialdiaren ondorioz, azken 40 urteetako lehorterik gogorrena dute Afrikako Adarreko herritarrek. La Niña fenomeno meteorologikoa ohi baino gogorragoa eta luzeagoa bihurtzen ari da, Lurraren tenperatura berotu ahala. Hiltzen ari dira nekazari eta artzainen ganaduak, idortzen laboreak, gaixotzen pertsonak, eta ahitzen estatuen baliabide ekonomikoak. Lehendik ere oso mugatuak ziren baliabide horiek, Kenyaren, Somaliaren eta Etiopiaren kanpo zorra hirukoiztu egin baita azken hamar urteetan —19.700 milioi eurotik 62.100 milioira—.

GKEen txostenak ondorioztatu du giza laguntzak hobekuntza batzuk izan dituela azken urteetan, alerten sistemari eta tokiko GKEekin elkarlana bultzatzeari dagokionez. Hobekuntza horiek ahalbidetu zuten 2017. urtean Afrika Ekialdean izan zen lehortean gosete orokor bat eragoztea. Baina nabarmendu dute erantzunak oraindik geldoegiak eta mugatuegiak direla. «Burokraziak» eta «erabaki politiko interesatuek» mundu mailako erantzun bateratu bat oztopatzen dute oraindik ere.

Elkarteek G7ari egotzi diote herrialde pobretuei eman zien hitza jatea, eta agindu zien laguntza bideratu gabe uztea. NBE Nazio Batuen Erakundeak 4.200 milioi euro inguruko funts bat eratzera deitu zuen Etiopia, Kenya eta Somalia laguntzeko, baina orain arte kopuru horren %2 besterik ez du bildu.

«Jendea gosez hiltzen da, ez munduan janaria edo dirua falta delako, borondate politikoa falta delako baizik. Herrialde aberatsek lortu zuten, justifikazio osoarekin, 15.200 milioi euro baino gehiago biltzea hilabeteko epean, Ukrainako krisi lazgarriari erantzuteko. Herrialdeek baliabideak mobilizatzeko ahalmena dute giza sufrimendua eragozteko, baina soilik hala egin nahi badute», adierazi du Cortadak.

Ukrainako gerrak are gehiago sakondu du Afrika Adarreko elikagai krisia, nabarmen garestitu baititu jakiak. Milioika herritarren erosahalmena gainditzen du, gaur-gaurkoz, oinarrizko elikagaien prezioak. Horrez gain, COVID-19aren pandemiak eragin duen krisi ekonomikoak egoerari erantzuteko baliabiderik gabe utzi ditu gizarte horien sektore zabalak.

Oxfam Intermonek eta Save The Childrenek gaineratu dute egoera larria dela Afrikako Adarrean ez ezik Sahel eskualdearen erdialdean ere. Bost urtetik beherako haurren herenak —lau milioi haur inguru— datozen asteetan gosez hiltzeko arriskuan daude. Munduan azkarren hedatzen ari den gose krisietako bat sufritzen ari da Sahel.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.