Musika

Xostakovitxekin hasi eta bukatuko da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia

Irailaren 23tik heldu den urteko ekainera, 50 kontzertu emango ditu abonu denboraldian, eta bira bat ere egingo du, Polonian. Robert Treviño zuzendari titular izango da aurrerantzean ere.

Oriol Roch, Robert Treviño eta Bingen Zupiria, Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitzan, 2022-2023 denboraldiaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2022ko maiatzaren 19a
13:47
Entzun

Tragediatik hura gainditzera daraman bidea. Ideia hori hartu du ardatz Euskadiko Orkestrak 2022-2023ko denboraldiko egitaraua lantzeko. Musikaren bidez erakutsiko du bide hori, gaiari lotutako adibide «handien» bitartez, hala nola «Xostakovitxen gordintasuna, Txaikovskiren mamuak, Brucknerren sinfoniarik handiena eta Carl Orffen lanik ospetsuena». Halaber, pandemiagatik bertan behera utzitako hainbat egitasmo berreskuratuko ditu, Carpenterren Mamu kantak lanaren estreinaldia, esaterako. Ohi bezala, euskal konpositoreen obrek ere protagonismoa izango dute egitarauan: Ramon Lazkanoren eta Zuriñe F. Gerenabarrenaren lan bana bildu dituzte programaziora, besteak beste. Eta gutxitan interpretatutako lan «bitxiak» ezagutzera ere emango ditu, tartean, Adamsen Doctor Atomic Symphony obra, baita Veprik eta Dzenitis musikagileen lanak ere. Horiek guztiak jorratzeko, nazioartean «sona handia» duten zuzendari eta bakarlariak gonbidatuko ditu orkestrak —Alexei Volodin, Alena Baeva, Yulianna Avdeeva, Dinis Sousa, Roderick Cox eta Frank Peter Zimmermann, adibidez—, baina baita Euskal Herrikoak ere —Donostiako Orfeoia, Easo Gazte eta Easo Eskolania abesbatzak, Carlos Mena eta Jone Martinez, esaterako—. Orkestraren egoitza nagusian, Donostian egindako agerraldian xehatu dituzte denboraldiaren nondik norakoak Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Oriol Roch orkestrako zuzendariak eta Robert Treviño zuzendari titularrak. Eta bertan jakinarazi dute Treviñoren titulartasunari jarraipena ematea erabaki dutela, «hura amaitzeko egunik zehaztu gabe».

Ikusi gehiago:Perry So izendatu dute Nafarroako Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular

Denboraldia gidatuko duen ideia azaltzeko, historiaren bilakaera sorkuntzarako inspirazio iturri izan dela gogora ekarri dute orkestraren arduradunek, eta musikan horren adibide ugari daudela azaldu: «[Musika] Arimaren ispilu bihurtu da maiz, zoritxarrarena eta tragedia gordinenarena, baina baita hura gainditzearen ispilu ere». Premisa horren gainean sortu dute denboraldi berriko programazioa, ezbeharren eta horiek gainditzearen inguruan musikak emandako adibideetan oinarrituta. Horien artean aipatu dituzte, besteak beste, Xostakovitxen 8. Sinfonia, Txaikovskiren 4. Sinfonia, Brucknerren 8. Sinfonia eta Carl Orffen Carmina Burana —azken hori Donostiako Orfeoiarekin batera emango du orkestrak, haren 125. urteurrenean—.

Irailaren 23an hasiko da denboraldi berria, Gasteizen, eta 2023ko ekainaren 9an amaituko da, Donostian. Guztira, hamar programa izango dira, Gasteizen (10), Bilboren (10), Donostiaren (10x2) eta Iruñearen (10) artean banatuta; orotara, 50 kontzertu. Xostakovitxen 8. Sinfonia-k irekiko ditu emanaldiak; 1943. urtean sinatu zuen lan hura, eta Bigarren Mundu Gerrako milioika hildakoek eragin zioten zirrara du oinarri. Eta konpositore beraren beste lan batek itxiko ditu saioak, 15. Sinfonia-k; tragedia gainditzearen isla izan liteke obra hori, «baikortasuna» sumatzen baita 1971n idatzitako lan horretan. Abonuak ekainaren 15etik aurrera jarriko dituzte salgai, eta sarrera solteak, berriz, irailaren 1etik aurrera, bai euskadikoorkestra.eus helbidean, bai auditoriumetako webgune eta txarteldegietan.

Estreinaldi partekatuak

Orkestrak beste hainbat erakunderekin elkarlanean landutako proiektuen emaitza entzun ahal izango da hainbat estreinalditan. Carpenterren Mamu kantak, adibidez, Royal Scottish National Orchestrak, City of Birmingham Symphony Orchestrak, Royal Liverpool Philharmonic Orchestrak eta Euskadiko Orkestrak agindutako lan bat da; Marion Angus poetaren testu batzuk ditu partiturak, eta euskaraz kantatuko dituzte Easo Gaztek eta Easo Eskolaniak. Ramon Lazkanoren Mare Marginis pianorako kontzertua, berriz, Radio Francek, Euskadiko Orkestrak eta WDR orkestrak (Koloniako Irratiaren Orkestrak) agindutako lan bat da. Radio Franceren 2023ko Presences jaialdian estreinatuko dute, otsailaren 11n, François-Xavier Rothek zuzendutako Frantziako Orkestra Nazionalarekin; astebete geroago aurkeztuko du Euskadiko Orkestrak; eta maiatzean, berriz, WDR orkestrak. Denboraldiko hirugarren erabateko estreinaldia Zuriñe F. Gerenabarrenaren Lorratz obra izango da, Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuaren barruan sortu duena eta egitasmoari amaiera emango diona.

Estreinaldiez gain, beste hamar obra lehen aldiz interpretatuko ditu orkestrak, entzuleei lan berriak ezagutarazteko asmoz. Bi nabarmendu dituzte horien artetik: Doctor Atomic Symphony (John Adams) eta 2 poèmes (Alexander Veprik). Horiez gain, Xostakovitx, Elgar, Korngold, Chopin, Beethoven eta Mahlerren lanak gehitu dituzte errepertoriora.

Hiru programari bakarrik helduko die orkestrak, eta, gainerakoak jorratzeko, hainbat artista gonbidatu ditu. Zuzendarien artean, Roberto Fores, Dinis Sousa, Roderick Cox, Christoph-Matthias Mueller eta Karel Mark Chichon lehen aldiz ariko dira EO zuzentzen, eta Pablo Gonzalez ere batu dute zerrendara. Bakarlariei dagokienean, berriz, Alexandre Tharaud pianista eta Anne Gastinel biolontxelo jotzailea lehen aldiz arituko dira orkestrarekin, eta esperientzia errepikatuko dute Alexei Volodin eta Yulianna Avdeeva pianistek, eta Alena Baeva eta Frank Peter Zimmermann biolinistek. Halaber, Jone Martinez, Carlos Mena eta Javier Francoren ahotsak orkestrarekin batera entzun ahal izango dira, Easo Gazte, Easo Eskolania eta Donostiako Orfeoikoenez gain.

Treviño, «etxean»

Denboraldia amaitzean, zuzendari titular gisa bosgarren urtea beteko du Robert Treviñok. Rochek adierazi duenez, orkestrak azken urteotan lortutako emaitzen eta zuzendariak erakutsitako konpromisoaren harira, haren titulartasunari jarraipena ematea erabaki dute, amaiera eperik ezarri gabe. Denboraldiko lau programa bere gain hartuko ditu Treviñok, eta hala, besteak beste, Xostakovitxen, Brucknerren eta Mahlerren sinfonietan orkestra gidatuko du, baita F. Gerenabarrenaren eta Lazkanoren obren estreinaldietan ere.

«Oso pozik» agertu da Treviño Euskadiko Orkestran orain arte egindako bidearekin eta bertan jarraitzeko aukerarekin, eta «etxean» sentitzen dela adierazi du.

Martxoan, Poloniara

Euskadiko Orkestra 2020ko martxoan atera zen azkenekoz nazioartera, erabateko itxialdia ezarri aurretik. Aurki, atzerrirako bidaiak berreskuratuko ditu berriro ere. Iaz, bertan behera utzi behar izan zuen Salzburgorako bidaia, Austriaren itxialdiaren ondorioz, eta kontzertu horiek 2024ko otsailera geroratu ziren. Horren aurretik, baina, Poloniara joko du, Beethoven Jaialdiaren gonbidapena jaso baitu. 2023ko martxoan, Krakovia, Varsovia, Katowice eta Wroclaw hirietan joko du, horrenbestez.

Halaber, hainbat grabazio proiektu ere eramango ditu aurrera. Bat aipatu dute arduradunek: Maurice Ravelen orkestra lanen bigarren albuma plazaratuko dutela iragarri dute.

Euskal Herriko beste hainbat erakunderekin elkarlanean jarraituko du orkestrak denboraldi berrian ere, hala nola OLBErekin nahiz Musika-Musica jaialdiarekin, Musikasterekin eta Donostiako Musika Hamabostaldiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.