Demografia erronka

Lan eta bizi baldintzak duintzeko politika «publiko, indartsu eta ausartak» eskatu ditu LABek

Seme-alaba bakoitzeko 200 euroko diru laguntza ematea «urrats bat» izan daitekeela uste du LABek, baina, iragarritako neurriez harago, zaintzari buruzko proposamenak egitea «beharrezkoa» dela dio.

LABek Blbon egindako mobilizazio bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko maiatzaren 19a
16:08
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakariak atzo iragarri zituen erronka demografikoari aurre egiteko neurriak, EH Bilduren eskariz Eusko Legebiltzarrean egindako demografiari buruzko bilkura monografikoan. LAB sindikatuaren ustez, baina, erronka demografikoaren aferari ezin zaio «politika natalistekin» erantzun, eta herritarren lan eta bizi baldintzak duintzeko politika «publiko, indartsu eta ausartak» eskatu ditu, «sakoneko aldaketak gauzatzeko».

Jaiotze tasa baxuen atzean «prekaritate eta pobretze kasuen hedatzea» dagoela uste du LABek. Eta, horrez gainera, emakumeak «erreprodukziorako tresna gisa» hartu izana salatu dute: «Beste behin ere, emakumeoi gure gorputzarekin zer egin behar dugun esan digute». Arazo nagusia, baina, hau da, LABen iritziz: «Bizitza duinerako dugun eskubidea ukatzen zaigu». Horrez gainera, adierazi dute kalitatezko etxebizitza duina izateko eskubidea ere ez dagoela bermatuta.

Bestalde, urtean 100.000 euro baino gutxiagoko errenta daukaten gurasoei seme-alaba bakoitzeko 200 euroko diru laguntza ematea «urrats bat» izan daitekeela aitortu dute, «baina ez da nahikoa aurretik aipatutako eremuetan esku hartze sendorik ez badago». Era berean, esan dute garraio publikoaren tarifak berrikusteak «gutxirako» balio duela garraio publikoaren aldeko estrategia indartsurik ez badago.

Iragarritako neurriez harago, zaintza sistema publikoaren inguruko proposamenak egitea ere «beharrezkoa» dela uste du LABek: «Lan eta bizi baldintzak duindu behar dira, eta, horretarako, enplegua, zaintza lanak eta aberastasuna banatzeko neurriak eta borondate politikoa behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.