Barne desplazatuen kopurua inoizko handiena izan zen 2021ean

Bi GKEren ikerketa baten arabera, barne desplazatuak 59,1 milioi izan ziren iaz. Gatazkek 53,2 eragin zituzten, eta klima larrialdiarekin lotutako hondamendi naturalek 5,9. Ukrainako gerra dela eta, aurreikusten dute aurtengo datuak are okerragoak izatea

Emakume bat bere bi haurrekin, Kongoko Errepublika Demokratikoan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 19a
18:18
Entzun

Inoiz baino barne desplazatu gehiago izan ziren iaz: 59,1 milioi. Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseilua (NRC) eta Barne Desplazamenduen Behatokia (IDMC) GKE gobernuz kanpoko erakundeek kaleratutako azken txostenaren arabera, desplazamendu horietako gehienak gatazkek eragin zituzten, baita klima larrialdiaren ondorio diren hondamendiek ere. Ohartarazpen bat ere egin dute: Ukrainako gerra dela eta, kopuru hori txiki geratu daiteke aurten. Izan ere, zortzi milioi barne desplazatu eragin ditu oraingoz

Barne desplazatuak duela hamar urte erregistratutakoak halako bi dira, txostenean nabarmendu dutenez. «Desplazamenduak handitzen ari dira tamainan, konplexutasunean, larritasunean eta iraupenean», azaldu du IDMCko zuzendari Alexandra Bilakek, ikerketaren aurkezpenean. «Estatistikak dauzkagunetik, iazkoa da urterik okerrena», erantsi du NRCko buru Jan Egelandek.

Zehaztu dute 59,1 milioi horietatik 53,5ek gatazkek eragindako indarkeriarengatik utzi behar izan zituztela haien etxeak —2020ean baino %10ek gehiagok—, eta hondamendi naturalek 5,9 milioi barne desplazatu eragin zituztela; iaz baino %15 gutxiago.

Herrialdeei dagokienez, gatazkek 6,7 milioi barne desplazatu eragin zituzten Sirian, 5,3 Kongoko Errepublika Demokratikoan, 5,2 Kolonbian, eta 4,4 Afganistanen. Txostenak dioenez, molde horretako barne desplazamenduen %80 Afrikan gertatzen dira, hondamendi naturalek eragindakoen %57, bestalde,
Asia-Pazifikoan; hain zuzen, 1,4 milioi Afganistanen —azken hilabeteetako lehorteek gogor jo dute herrialdea—, 943.000 Txinan, eta 700.000 Filipinetan.

Bi arrazoiengatik desplazatuak

«Gauzak okertzen ari dira ez soilik Ukrainan, baita Afrikako Adarrean, Kongoko Errepublika Demokratikoan edo Latinoamerikan ere», gogoratu du NRCkoak. Txostenean azpimarratu dute, gainera, toki batzuetan bai gatazkengatik, bai klima larrialdiak eragindako hondamendiengatik gertatzen direla barne desplazamenduak; esaterako, Somalian, Afganistanen, Hego Sudanen, Mozambiken eta Myanmarren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.