Turismoa

Pandemia aurreko Aste Santuan baino turista gehiago izan dira

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan 288.487 bezero izan zituzten apirilean, iaz halako hiru.

Turistak Donostia Haizearen Orrazian, Aste Santuan. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 20a
12:08
Entzun

Turismoa koronabirusaren aurreko garaietara itzultzen ari da. Eustatek azaldu duenez, aurtengo Aste Santuan 51.974 bezero izan zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelek, 2019koan baino bost mila bezero gehiago. Bezero horien gaualdiak 5.500 handitu ziren.

2021. urtearekin konparatuta, aldea are handiagoa da, turista kopurua hirukoiztu egin baita urtebetean: apiril osoan, 288.487 bezero izan zituzten hotelek, eta 93.844 izan ziren 2021ean. Azalpena erraza da: 2021eko apirilean debekatuta zegoen autonomia erkidegoen arteko mugimendua, eta, hortaz, turistak bertakoak izan ziren, eta Espainiako Erresumatik kanpokoak, estatu arteko mugak irekita zeudelako. Edonola ere, atzerritik bisitari gutxi izan ziren 2021eko apirilean: aurtengo 112.027 iaz halako zortzi dira. 2021ean, bisitarien %14,1 izan ziren, eta aurten, %38,8.

Hiru lurraldeetan egin du gora turisten kopuruak, baina gehiago Bizkaian (+%228) eta Gipuzkoan (+%216). Araban %134 ugaritu ziren, eta hark du, alde handiz gainera, turista gutxien (%12,7). Bizkaiko hotelek bisitarien %45,5 jasotzen dituzte, eta Gipuzkoakoek, berriz, %41,8.

Hiriburuen artean, Bilbok hartzen ditu gaualdia egiten duten bisitari gehien (89.590), eta atzetik Donostiak (76.377) eta Gasteizek (26.326).

Urtetik urtera hotelen kopurua gora egiten ari da, nahiz eta oso egun gutxian egoten diren beteta. Horrela, oheen %53,5 eta gelen %62,1 egon ziren okupatuta apirilean. Aste Santuan gora egin zuten kopuru horiek, eta oheen %78,9 egon ziren beteta. Batez beste, ia 89 euro balio du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletako gaualdiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.